Noiz argitaratua Osteguna, 2024.eko Urtarrilak 18

Atzera bota dute Nafarroako Gobernuari Bildurekin edo terrorismoa gaitzesten ez duen ezein indar politikorekin akordiorik ez lortzeko eskatzeko mozioa

Parlamentuaren osoko bilkurak mozio bat baztertu du gaur PSNren, EH Bilduren, Geroa Bairen eta Contigo-Zurekinen aurkako botoekin eta UPNren, PPNren eta Voxen aldekoekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baitzen “errefusa zezan EH Bilduri nahiz ETAren terrorismoa bipil gaitzesten ez duen eta bere zerrendetan odol-delituengatik zigortuak sartzen dituen beste edozein indar politikori babesa ematea edozein gobernu lortzeko”.

 

Baztertutako ebazpenak bigarren atalean Foru Exekutiboari eskatzen zion “terrorismoaren biktima guztiak babestea eta gogoan izatea, eta haien memoria, duintasuna eta justizia betiere aldeztea”.

 

Era berean, hirugarren atalean Nafarroako Gobernuari eskatzen zitzaion “ETA banda terroristak egindako atentatu guztiak gaitzets zitzan”.

 

Azkenik, Foru Exekutiboa premiatzen zen “alderdi politikoen arteko akordioak aldeztea, erakunde eta udalerri desberdinetan gobernatzeko moduko gehiengoak erdiestekoak, baldin eta, betiere, akordio horiek egiten badira zuzenbide-estatua errespetatzen duten, Espainiako Konstituzioari Estatuko oinarrizko arau bezala men egiten dioten eta hori bete eta betearazten duten alderdi politikoen artean, dena delako terrorismoa gaitzesten dutenak eta terrorismoaren biktimak babestu eta haiei sostengua ematen dietenak”.

 

Zioen azalpenean, PPN talde parlamentarioak sustatutako mozioak gaitzetsi egiten du PSNk, Geroa Baik eta Contigo-Zurekin alderdiek Iruñean EH Bilduk alkatetza lortzea ahalbidetu zuen zentsura-mozioari emandako babesa; izan ere, "ETAren beso politikoaren oinordekoa den alderdia izanik, edozein akordio duintasun eta justizia printzipioen aurkakoa” da.

 

Horri dagokionez, eta EH Bilduk bere azken hauteskunde-zerrendetan “terrorismoagatik zigortutako 44 pertsona (horietako zazpi odol-delituekin eta kargua hartu ez bazuten ere, hautatuak atera ziren) eraman zituela” egiaztatu ondoren, mozioak azpimarratzen zuen "Iruñeko edo beste edozein udalerri edo erakundetako gobernua EH Bilduri ematea ETAk eta bere inguruneak erabilitako helburuak eta bitartekoak babestearen parekoa" dela, "biktimei, haien familiei eta sistema demokratikoari berari traizioa egiteaz gain".