Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko Lege organikoa indargabe dezan Espainiako Gobernua premiatzen duen ebazpena onetsi da
Prekarizazioaren aurkako borroka zorpetzearen murrizketaren menpe jartzen duelako, Foru Komunitateko autonomia eta eskumenak erasotuz
Parlamentuko Osoko Bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren aurkako botoarekin, zeinaren bidez Parlamentuak “errefusatu egiten baitu Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Jasangarritasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoaren edukia, zeina Madrileko Gobernuak 2012ko apirilaren 12an onetsi eta aplikatu baitzuen”.
Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Espainiako Gobernua premiatzen du “urgentziaz har ditzan hartu beharreko neurriak, Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Jasangarritasunari buruzko Legea ahalik eta epe laburrenean indargabetzeko”.
Zioen azalpenean, Geroa Bai talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak Legearen izaera “zentralizatzailea” nabarmentzen du, Nafarroako Foru Komunitatearen “autonomiaren eta eskumenen aurkako eraso bat” suposatzen duela esanez, eta bere funts ekonomizista ere zalantzan jartzen du, “bankuei ordaintzera bideratzen diren milioikako superabitak sortzera behartzen baitira administrazio publikoak, prekarizazioak eta desberdintasunek gora egiten duten bitartean”.
Ildo horretan, legea indargabetu dadin eskatzen da foru eta toki administrazioek inbertsio-ahalmena berreskuratu dezaten, eta honekin, “gizarte-kohesioa ziurtatzeko, produkzio-sarea zurkaizteko, langabezia murriztuko duen jarduera ekonomikoa sortzeko eta okerren pasatzen ari direnei laguntzeko” administrazioek beharrezkoak dituzten baliabide horiek ere.
Egonkortasunari eta Finantza Jasangarritasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoak nahitaez bete beharreko hiru erregela fiskal jasotzen ditu: aurrekontu egonkortasuna edo oreka, finantza jasangarritasuna edo zorpetze-muga eta gastu-araua.
Legeak besteak beste ezartzen duenez, administrazio publikoek aurrekontu orekako edo superabiteko posizioa mantendu beharko dute, eta superabit hori zorpetze-maila murriztera bideratuko da. Geroago, xedapen hori aldatu zen, zenbait baldintza betetzen zituzten administrazioei ahalbidetzeko superabitaren parte bat inbertsio finantzarioki jasangarrietara bideratu ahal izatea.
-
Mozioa (19. NPAO, 2019-10-01ekoa)