Azconak, Builek eta De Simónek LOREG eta alderdi politikoen finantziazioa berritzeko Foru Lege Proposamena defendatuko dute Kongresuaren aurrean
Mahaiak honako hiru parlamentari hauek izendatu ditu heldu den asteartean, hilaren 14an, 15:00etan, Diputatuen Kongresuan aldeztu dezaten Nafarroako Parlamentuaren Osoko Bilkurak 2020ko otsailaren 20an onetsitako Hauteskunde Araubide Orokorrari buruzko Lege Organikoa eta Alderdi Politikoen Finantzaketari buruzko Lege Organikoa hein batean aldatzen dituen Lege proposamena: Pablo Azcona (Geroa Bai), Mikel Buil (Podemos-Ahal Dugu) eta Marisa de Simón (I-E). Diputatuen Kongresuko Mahaiak atzo onartu zuen proposamena izapidetzeko.
Proposamena Kongresuan aldeztu behar duten parlamentarioen izendapena Eledunen Batzarraren erabaki loteslearen ostean Mahaiak onetsitako arauekin bat egin da.
Arau horiek xedatzen dutenez, proposamenaren aurka bozkatu ez duten hiru parlamentarik eginen dute proposamenaren defentsa, Mahaiak izendatuta. Bat, ekimena aurkeztu zuten/zuen taldeek/taldeak proposatuta (Pablo Azcona), eta beste biak, berriz, Eledunen Batzarrak boto haztatuaren bidez hautatuta, taldeek proposatuta (Mikel Buil eta Marisa de Simón).
Yolanda Ibáñez, zeina Navarra Sumak proposatu baitu, bere taldearen botoak baino ez ditu jaso, eta Builek eta De Simonek, berriz, PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren babesa jaso dute.
Konstituzioaren 87.2 artikuluaren arabera Autonomia Erkidegoetako Biltzarrek Gobernuari eskatzen ahalko diote lege proiektu bat onets dezan edo Kongresuko Mahaiari lege proposamen bat igortzen ahalko diote, Biltzar hartako hiru kideri eskuordea emanez ekimen horren defentsa egiteko Kongresuan.
Nafarroako Parlamentuko Erregelamenduaren 21. artikuluak garatzen du Kongresuan legegintzako ekimena baliatzeko ahalmen hori, eta proposamenak legegintza-prozedura arruntaren bidez izapidetuko direla ezartzen du. Dagoen alde bakarra da Osoko Bilkurak proposamena onetsi ondoren proposamena ez zaiola Nafarroako Lehendakariari igortzen, baizik eta Diputatuen Kongresuko lehendakariari, legebiltzar horrek izapidetu dezan.