Azken lau legegintzaldietako obra publikoen lizitazioei eta esleipenei buruzko Ikerketa-batzordea eratu da
Irati Jiménez (EH Bildu) hautatu dute lehendakari, eta epe bat irekiko da orain informazio eta agerraldi eskaerak egiteko
PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin taldeen eskariz ekainaren 26ko Osoko Bilkuran onetsi zen "Nafarroako Gobernuak azken lau legegintzaldietan Auzitegi Gorenaren Bigarren Salako Laugarren Ataleko 20775/2020 auzi berezian seinalatzen diren pertsona fisiko nahiz juridikoei eginiko edo finantzatutako obra-lizitazio eta -esleipenak aztertzeko" Ikerketa-batzordea eratu da gaur goizean.
Unai Hualde Ganberako presidentea izan da Batzorde hori eratzeko bilkuraren buru, eta Irati Jimenez (EH Bildu t.p.) hautatu dute lehendakari, PSNren (11) eta EH Bilduren (9) aldeko botoekin. Lehendakariordetza Pedro Gonzálezi egokitu zaio (UPN t.p.), PPNren eta Talde Mistoaren botoekin (19 guztira) eta Idazkaritza Blanca Regúlezi (Geroa Bai t.p.), Geroa Bai eta Contigo-Zurekinen botoekin (10 boto).
Bozketa publikoa izan da, eledunak banan-banan deituta, parlamentari gehien dituen taldetik hasi eta gutxien dituenarekin bukatuz. Aldi berean aukeratu dira Mahaiko hiru kideak. Hautagaitza bakoitzerako izen bakarra onartu da, aniztasuna mantentzeko xedez.
Mahaia hautatu ondoren, Ikerketa Batzordea ateak itxita bildu da jarduera plana zehazteko, eta adostu dute, esaterako, uztailaren 31ra arte agerraldi proposamenak eta informazio eskaerak egiteko epea zabaltzea. Abuztuaren 5ean, batzordea berriz bilduko da eskaerak izapidetzeko. Hortik aurrera, epe berri bat irekiko da oraindik zehazteke dagoena, lan egutegia zehazteko.
Irati Jiménez lehendakari den Ikerketa Batzordeko kideak izango dira Javier Esparza, Pedro González (UPN), Javier Lecumberri, Ainhoa Unzu (PSN), Adolfo Araiz (EH Bildu), Pablo Azcona, Blanca Regúlez (Geroa Bai), Javier García (PPN), Miguel Garrido (Contigo-Zurekin) eta Emilio Jiménez (Talde Mistoa).
Zioen azalpenean azaltzen denez, batzordeak xedetzat du kasuarekin zerikusia duten pertsonei edo entitateei kontratu publikoak esleitzean izandako balizko irregulartasunak aztertzea, ahalegina egitearren, "gardentasun, kontu-emate eta kontrol demokratikoaren alde eginiko erabateko apustu" baten abaroan, "herritarrek erakundeekiko konfiantza berreskura dezaten".
Proposatzaileek beren ekimena justifikatu dute esanez informazio batzuek "kezka" sortu dutela, haien arabera "zenbait ordezkari politiko eta enpresari nahasirik baitaude ustelkeria-egitura batean, herri-lanak esleitzeko prozesu desberdinetan". Testuinguru horretan, azpimarratzen da beharrezkoa dela "erreakzionatzea, momentu historiko honetan mendebaldeko sistema demokratikoak higadura pairatzen ari direnean Europan zeharreko olatu erreakzionario baten eskutik, zeinek ahuldu egiten baitu herritarrek erakunde publikoengan duten sinesmena".
Batzordeak erabakiak boto haztatuaren bidez hartuko ditu: eledun bakoitzak bere taldeak zenbat parlamentari duen, hainbeste boto izanen du, Parlamentuko Mahaiak ekainaren 30ean onartutako arauetan jasotzen den bezala.
Batzordeak lanerako plan bat prestatuko du eta zilegi izanen du bere baitako ponentziak izendatzea eta eskatzea edozein pertsonak agerraldia egin dezan, hari entzute aldera. Deitzen den pertsonari gutxienez ere hiru egun lehenago jakinaraziko zaio zeri buruz eman behar dituen argibideak. Halaber, erabaki dezake pertsona adituen agerraldia eskatzea, batzordeak xede duen gaiari buruzko iritzia eman dezaten.
Informazio eta dokumentazio eskaerei erantzuteko epea kasu bakoitzean zehaztuko da. Informazioa edo dokumentazioa Batzordeko Lehendakaritzari helaraziko zaio zuzenean, berak berehala bidal diezaien batzordekide diren parlamentariei.
Batzordera agertzeko eskariak zitazio fede-emaile bidez eginen ditu Parlamentuko lehendakariak, gutxienez ere 15 egun lehenagotik. Bilkura ez bada egiten agerraldia eskatu zaion pertsona ez delako bertaratu, berriz eginen zaio zitazioa handik hiru egunera agertzeko, edo handik egun batera, premiazkoa bazen.
Agerraldia egiteko zitazioan honako hauek jasoko dira:
a) Batzordeak zein egunetan erabaki duen agerraldia eskatzea.
b) Agerraldia eskatzen zaion pertsonaren izen-abizenak.
c) Zein toki, egun eta ordutan agertu behar duen. Funtzionario publikoa bada, hierarkian haren gainean dagoenari igorriko zaio zitazioaren kopia, jakinarazpen-ondorio hutsetarako.
d) Ohartarazpena, adieraztekoa ezen, agertzen ez bada, Zigor Kodearen 502.1 artikuluan jasotako desobeditze-delitua eginen duela.
e) Agerraldian hizpide izanen dituen gaiak.
f) Espresuki aipatuko da Konstituzioak aitortzen dituen eskubideak errespetatuko direla; bereziki, pertsonen intimitate eta ohorerako eskubidea, sekretu profesionalerako eskubidea eta kontzientzia-klausularakoa.
g) Agerraldia hedabideei irekia izanen delako ohartarazpena. Halere, agerraldira deitutakoak batzordeari eskatu ahal izanen dio bilkura sekretua izan dadila.
Agertu behar duenak berarekin joateko izendatzen duen pertsonarekin ager daiteke. Batzordearen aurrean hitz egin aurretik, batzordeko buruak gogora ekarriko dio Zigor Kodearen 502.3 artikuluan zer zigor ezartzen den Parlamentuko ikerketa-batzorde baterako deialdia jaso duen norbaitek lekukotza faltsua ematen duenerako.
Ikerketa-batzordeak bere eginkizunak beteko ditu ezarri zaion lana amaitu arte, zeina bukatuta eta txosten batean jasota egon beharko baita 2025eko azaroaren 30a baino lehen. Legebiltzarreko Mahaiak, Eledunen Batzarrak hala erabaki ondoren, epe hori luzatu ahalko du, Batzordeak eskatzen badu.
Helburu horrekin, Mahaiak astelehenean onetsi zuen uztailaren 1etik 4ra arteko egunak eta abuztuaren 5a gaitzea ikerketa-batzordearen bilkura bereziak egin ahal izateko. Gainera, uztaila eta abuztua gaitzen dira, bilera horiek egitea ahalbidetzen duten izapideak betetzeko soilik.