Baliozkotu da 3/2022 Foru Lege-dekretua, aldatzen duena Ukrainako gerraren ondorio ekonomiko eta sozialei erantzuteko premiazko neurriei buruzko aurreko foru lege-dekretua
Iraupen laburragoko kontratuak ere sartzen ditu prezioen aparteko berrikuspenaren sisteman, kontratuak gauzatzeak duen interes publikoa arriskuan ez jartzeko
Nafarroako Parlamentuaren Osoko Bilkurak gaur abuztuaren 17ko 3/2022 Foru Lege-dekretua baliozkotzea onetsi du aho batez (I-Ek ez du osoko bilkuran parte hartu). Dekretu horrek aldatu egiten du apirilaren 13ko 1/2022 Foru Lege-dekretua, zeinaren bidez premiazko neurriak hartzen baitira Ukrainako gerraren ondorio ekonomiko eta sozialei erantzuteko.
3/2022 Foru Lege-dekretuaren helburua da iraupen laburragoko kontratuak ere (gutxienez 4 hilabetekoak) prezioen aparteko berrikuspenaren sisteman sartzea. Kontratazio publikoaren alorrean sistema berezi hori ezarri zen 1/2022 Foru Lege-dekretuan, 12 hilabetetik gorako iraupena duten obra-kontratuetarako soilik, baina ikusi da prezioen hazkunde azeleratuak kontratu txikietan ere eragiten duela; prezioen salbuespenezko berrikuspena aplikatu ezean, kontratu horien gauzatzea geldiarazteko arriskua legoke.
Hala, bada, 1/2022 Foru Lege-dekretuaren 17. artikulua aldatzen da: gutxienez lau hilabeteko iraupena duten kontratuek ere eskubidea izanen dute aparteko prezio-berrikuspena aplikatzeko, betiere kostuaren igoerak kontratuaren zenbateko ziurtatuen guztizkoaren % 5 gainditzen badu. Aurrekoaren ondorioetarako eta Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren foru agindu bidez, kontuan hartu ahalko da beste material batzuen kostuaren igoera.
Berrikuspenaren ondoriozko zenbatekoa kalkulatzeko, kontratuaren administrazio-klausula partikularren agirian prezioak berrikusteko ezarritako formula erabiliko da.
Halako formularik ez dagoenean, lizitazioaren oinarri izandako eraikuntza-proiektuak dakarren formula aplikatuko da –zenbait aldaketarekin–, edo, bestela, urriaren 7ko 1359/2011 Errege Dekretuan aipatutako formulen artetik kontratuari legokeena (dekretu horrek onartzen ditu Administrazio Publikoen armamentua eta ekipamendua fabrikatzeko obra-kontratuen eta hornidura-kontratuen prezioen berrikuspenerako oinarrizko materialen zerrenda eta ereduzko formula orokorrak). Arau hori aplikatuko da, nahiz eta oraindik ez egon gauzatuta kontratuaren zenbatekoaren % 20 edo ez diren igaro bi urte kontratua formalizatu zenetik.
Baldintza-agiriak prezioak berrikusteko formula bat jaso ala ez, data hau hartuko da erreferentziatzat 0 azpiindizearekin adierazitako prezio-indizeetarako: kontratua formalizatu zenekoa, kontuan hartu gabe eskaintzak aurkezteko epea amaitu eta hiru hilabeteko epean formalizatu zen ala epe hori igarotakoan formalizatu zen. Kontratua 2021eko urtarrilaren 1a baino lehenago formalizatu bada, ordea, 2020ko abenduaren 31ko data hartuko da kontuan.
Testuak azken xedapen bat dakar, zeinaren bidez Nafarroako Gobernuari eta haren departamentuetako titularrei ahalmena ematen zaien behar diren xedapenak eman ditzaten foru lege-dekretuan ezarritakoa garatu eta betearazteko. Dekretuak NAOn argitaratzen den egunetik izanen du indarra.
- www.nafarroakoparlamentua.eus
- Foru lege-dekretua (NPAO, 95. zk., 2022-09-06koa)