Noiz argitaratua Osteguna, 2020.eko Ekainak 25

Baliozkotu egin da 6/2020 Foru Lege-dekretua, ekainaren 17koa, COVID-19aren osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko premiazko neurriak onesten dituena

Fiskalitatearen, errepideko bidaiari-garraioaren eta kulturaren sektoreko langile autonomoen arloan neurri osagarriak jasotzen dituen seigarren neurri sorta da

Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkurak baliozkotu egin du gaur, Navarra Sumaren, PSNren, Geroa Bairen, Podemos Ahal Duguren eta I-Eren botoekin (EH Bildu abstenitu egin da) 6/2020 Foru Lege-dekretua, ekainaren 17koa, COVID-19aren osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko premiazko neurriak onesten dituena.

 

Martxoaren 18ko 1/2020 Foru Lege-dekretua eta martxoaren 25eko 2/2020 Foru Lege-dekretua ez bezala, zeinak martxoaren 27an baliozkotu eta apirilaren 3an foru lege bihurtu baitziren, 6/2020 Foru Lege-dekretua, 3/2020, 4/2020 eta 5/2020 foru lege-dekretua bezala, ez da foru lege proiektu gisa izapidetuko presako prozeduraren bidez. Ez du talde bakar batek ere hala egin dadin eskatu.

 

6/2020 Foru Lege-dekretua pandemiak eragindako ohiz kanpoko premia bereziko inguruabarrak ikusirik eman da; izan ere, beharrezkoa da seigarren neurri sorta ezartzea ekoizpen eta gizarte sareari sostengua ematen jarraitze aldera; kasu honetan, zenbait doiketa egiten dira fiskalitatearen, errepideko bidaiari-garraioaren eta kulturaren sektoreko langile autonomoen arloan.

 

Zergen arloan, foru lege-dekretuak kontziliazioaren, digitalizazioaren eta fiskalitate berdearen aldeko neurriak jasotzen ditu.

 

Kontziliazioaren aldeko neurriei dagokienez, ondorengo ahaideak, aurreko ahaideak, beste ahaide batzuk eta pertsona desgaituak zaintzeko langileen kontratazioaren kenkaria 2020ko PFEZean handitzea onetsi da. Halatan, kenkaria % 25ekoa izatetik % 100ekoa izatera igaro da.

 

Digitalizazioa bultzatzeari dagokionez, jarduera enpresarial eta profesionaletan jardun diren enpresa txikien eta pertsonen transformazio digitala aldezteko xedez, Sozietateen gaineko Zergaren kuotan % 30eko kenkaria ezartzen da, edo, kasua bada, enpresaren transformazio digitalera 2020an bideratutako gastuen eta inbertsioen PFEZarenean. Neurri horrek 5.000 euroko muga ezartzen du kenkariaren oinarrian.

 

Gainera, fiskalitate berdearen arloan, foru lege-dekretuak kendu egiten du energia berriztagarrien instalazioetako kenkariaren muga. Halatan, gisa horretako instalazioetan egindako inbertsioak direla-eta jada existitzen den kenkaria, bai sozietateen gaineko zergan bai PFEZean, 2020ko zergalditik aitzina aplikatuko da, kuota likidoaren % 25eko mugari lotu gabe.

 

Foru lege-dekretuak zergen arloan orobat jasotzen ditu iruzurraren aurka borrokatzeko neurriak; esaterako, urriaren 1era bitarteko zordunen zerrenda argitaratzeko epea luzatzea edo ikuskapenetan eta bestelako zerga-prozeduretan bideokonferentzia bidezko jarduketak arautzeko gaikuntza.

 

Zergen arloa utzi gabe baina beste ildo batean, foru lege-dekretuak honako hau ezartzen du: Sozietateen gaineko Zergaren aitorpena egiteko epea bukatu aitzin beren urteko kontuak onetsi ezin izan dituzten sozietateek une horretan dauzkaten urteko kontuekin aurkeztu beharko dute aitorpena. Gero, urteko kontuak onesten dituztenean, beste aitorpen bat aurkeztu beharko dute, kasu bada, 2020ko azaroaren 30a baino lehen, lehenago aurkeztutakoaren osagarri, eta ez zaie aplikatuko ez berandutze-interesik ez epez kanpo aurkezteagatiko errekargurik.

 

Foru lege-dekretuak zerga arloko bestelako neurri batzuk ere jasotzen ditu, fundazioen kontuak aurkezteari, elektrizitatearen, gas naturalaren nahiz petroliotik heldu diren produktuen fakturak eteteari eta osasun arloko langileentzako doako talde-aseguruari buruzkoak. Halatan, PFEZetik eta oinordetzen eta dohaintzen gaineko zergatik salbuetsita geratuko dira COVID-19aren ondorioz gaixotu edo hildako osasun arloko langileek jasotako prestazioak, aseguru-entitateek UNESPA-Espainiako Aseguru eta Berraseguru Etxeen Batasunarekin langile-talde horrentzat sinatutako doako talde-asegurutik heldu direnak.

 

Garraioaren arloan, bi milioi euro bideratuko dira errepide bidezko bidaiarien hiriarteko garraioaren sektoreak alarma egoerak iraun duen bitartean izan duen defizita konpentsatzeko. Oinarrizko zerbitzuak direla iritzita, zerbitzu horiek ematen jarraitu baitute, nahiz eta arlo horretan eskaria % 95 inguru jaitsi den.

 

Garraio zerbitzu horiek ematen dituzten enpresentzako konpentsazio ekonomiko hau ezartzen da diru-sarreren berealdiko jaitsiera geratu delako herritarrek zerbitzu gutxiago eskatzearen ondorioz, mugikortasunari ezarritako mugak eta erabiltzaileen artean gorde beharreko tartea gordetzeko ibilgailuen okupazioari dagokionez ezarritako murrizketak direla eta. Orobat hartu da kontuan igo egin dela ibilgailuak egunero desinfektatu behar izatearen ondorioz izan duten kostua.

 

Gogorarazi beharra dago ezen, azken hiru hilabeteotan, COVID-19aren hedapena gerarazteko, nabarmen murriztu dela pertsonen zirkulazio-askatasuna. Horren guztiaren ondorioz, Nafarroako Gobernuko Garraio Zuzendaritza Nagusiak arian-arian murriztu ditu errepide bidezko bidaiarien hiriarteko garraio zerbitzuak, kontuan izanda herritarrei bermatu beharra zegoela beren lanpostuetara eta oinarrizko zerbitzuetara iritsi ahal izatea.

 

Bestalde, foru lege-dekretuak kulturaren sektoreko jarduera profesionalen aldizkakotasuna aitortzen duen neurri bat jasotzen du. Iragan martxoaren 14an alarma egoera deklaratu zenean edo gero Nafarroan JEZean, Gizarte Segurantzako kasuan kasuko araubidean edo gizarte aurreikuspeneko mutualitate batean alta eman gabe egondako langile autonomoek 700 edo 800 euroko laguntza jasotzen ahalko dute fakturazioa murrizteagatik, baldin eta alta emanda egon badira gutxienez ere lau hilabetez edo 120 egunez alarma egoera deklaratu aurreko hamabi hilabeteetan.

 

Zehazki, Ekonomia-jardueren Sailkapen Nazionaleko 2009ko kodeetan sartutako langileak: 5912 (zinemagintzako postprodukzioko, bideogintzako eta telebista-programetako jarduerak), 5915 (zinemagintzako eta bideogintzako jarduerak), 5920 (soinu-grabazioko eta musika-edizioko jarduerak), eta 9001etik 9004ra bitartekoak, biak barne (arte eszenikoak; arte eszenikoetako jarduera osagarriak; arte eta literatur sormena, eta ikuskizun aretoen kudeaketa).

 

Bilkurak –mistoa (presentziala eta telematikoa)– honako hauek bildu ditu Osoko Bilkuren aretoan: Unai Hualde Parlamentuko lehendakaria, Inma Jurío eta Yolanda Ibáñez lehendakariordeak, Juan Luis Sánchez de Muniáin eta Maiorga Ramírez idazkariak, eta Legebiltzarrean ordezkaritza duten sei taldeetako eledunak. Gainerako hautetsiek botoa eskuordetu dute. Botoa eskuordetzea borondatezkoa da, baina interes publikoko osasun-arrazoiengatik gomendatzen da.

 

Nafarroako Gobernuko lehendakari María Chiviterekin batera, lehen lehendakariorde Javier Remírez, bigarren lehendakariorde Jose Mari Aierdi, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilari Elma Saiz, Lurralde Kohesioko kontseilari Bernardo Ciriza eta Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilari Eduardo Santos egon dira.