Batzordeak telematikoki burutzeko beharrezko bitartekoak ezartzea onetsi du Parlamentuak
Navarra Sumak eta EH Bilduk saio presentzialetan talde bakoitzeko bi parlamentario egon daitezen eskatu dutenez, astelehenean Osoko Bilkuren aretoaren edukiera neurtuko da
Nafarroako Parlamentuak batzordeak modu telematikoan aurrera eramateko beharrezkoak diren bitarteko teknologikoak ezartzea onetsi du gaur. Sistema eragilea martxan jartzeko hiru bat aste beharko dira, eta zertxobait gehiago luzatuko da saio mistoak egiteko aukera ematen bada, hau da, kide batzuk presente egonik eta beste batzuk bideokonferentzia bitartez.
Legebiltzarreko informatika teknikariek egindako txostenak zehazten duenez, prozesu hau martxan jartzeko tresna Mahaiak eta Eledunen Batzarrak bilkura telematikoki egitea ahalbidetzen duen tresna bera da. Kasu honetan eta batzordeen saioak publikoak direnez gero –salbuespenak salbuespen-, bideokonferentziak batzordeen eta osoko bilkuren aretoetako ikus-entzunezko sistemetan integratu behar dira, honela grabatzeko eta internet bidez igortzeko aukera ahalbidetzen baita, baita euskaraz hitz egiteko eskubidea bermatu ere, dagokion aldibereko itzulpenarekin.
Hiru espazio hauetan (bi batzorde areto eta osoko bilkuren aretoa) sistema eragilea eraginkorra izan dadila bermatzeko, hiru bat aste beharko dira, frogak egiteko epeak barne. Astebete gehiago beharko da, berriz, batzorde eta osoko bilkura mistoak burutzea ahalbidetuko duen hardware osagarri baten aldeko apustua egiten bada. Balizko egoera honetan, Osoko Bilkuretan bideokonferentzia bidez parte hartuko luketen parlamentarien hitzaldiak areto hauetan dauden pantailen bidez ikusiko lirateke.
Mahaiak jasotako bigarren txostenari, hau da, Osoko Bilkuren aretoan saioak presentzialki burutzeari dagokionez, bertan parte hartzeko parlamentari kopurua handitzeko aukeraren inguruan ez dira adostasun batera iritsi. Talde bakoitzeko ordezkari bat baimendu da orain arte; eta Navarra Sumak eta EH Bilduk talde bakoitzeko bi palamentari egoteko aukera proposatzen zuten, eta EH Bilduk, behar izanez gero, Mahaiko lehendakariorde bat eta idazkari bat kanpo uzteko aukera mahai gainean jarri du.
Parlamentuko Segurtasun eta Osasun Batzordeak egindako txostenak aholkatzen duenez, ez da gomendagarria aldi berean ez eta egun berean ere bi saio burutzea, osasun arloko agintarien gomendioei jarraituz. Batzorde aretoetan saioak burutzea baztertu egin da beraz, ezinezkoa baita bi metroko segurtasun tartea mantentzea, eta hori dela eta, jarduera guztiak Osoko Bilkuren aretoan ospatzea erabaki da, "beti ere bideokonferentzia bitartez ospatzea posible ez den kasuetan".
Akordiorik lortu ez denez gero, Parlamentuko Segurtasun eta Osasun Batzordeari eskatuko zaio Osoko Bilkuren aretoaren gehienezko edukiera zein den zehatz dezan, bi metroko segurtasun tartea mantenduz. EH Bilduren proposamena onartuz gero, bi parlamentari gehiago egongo lirateke Osoko ilkuren aretoan, eta Navarra Sumaren proposamena onartuz gero, berriz, lau parlamentari gehiago. Afera hau astelehenean, espazioa neurtu ondoren, argituko da.
Bestalde, Nafarroako Parlamentuak gaur erabaki duenez, maiatzaren 9ra bitarte luzatuko dira COVID-19 koronabirusari aurre egiteko kontingentzia-planaren baitan Legebiltzarreko Mahaiak martxoaren 16an onetsitako ohiz kanpoko euste-neurriak. Hirugarren luzapena da honakoa, pasa den martxoaren 27an apirilaren 13ra arte luzatzea erabaki baitzen.
Unai Hualde Parlamentuko lehendakariak azaldu duenez, Mahaiaren eta Eledunen Batzarrak erabaki hori hartu dute, hain zuzen ere, Kongresuak asteazkenean, apirilaren 22an onetsitako martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren, COVID-19ak eragindako osasun krisia kudeatzeko alarma egoera deklaratu zuenaren luzapenaren ondoriozko egoerara egokitu beharra dagoelako.
Kasu honetan, ohiz kanpoko euste-neurriak luzatzeak zenbait aldaketa izanen ditu, tartean Gobernuaren kontrolerako ekimen batzuei lotutako administrazio epeak martxan jartzea: galdera idatziak eta ahozkoak, Nafarroako Gobernuari informazio eta agerraldi eskaerak, beti ere COVID-19ak eragindako krisi pandemikoaren kudeaketari buruzkoak.
Aldi berean, Foru Araubideko Batzordeari dagokionez idatzitako kontrol, informazio eta dokumentazio prozedura berezia desagertu da.
Gainerakoan, indarrean diraute alarma-egoera martxoaren 14an deklaratu aurretik eta ostean hartutako gainontzeko agindu guztiek, Parlamentuaren funtzionamendua bere "autonomia instituzionala baliatuz” larrialdi sanitarioko egoerara egokitzeko (Kontingentzia Plana).
Gauzak horrela, Lehendakaria eta Mahaiko eta Eledunen Batzarreko kideez gain, Legebiltzarrera sartzeko aukera izanen dute hemendik aurrera kasuan kasuko organoetako kideek ere bai, deitzen diren bilkuretara joan daitezen. Hau guztia beren eginkizunak betetzeko beharrezkoa den denborara mugatuta eta segurtasun-berme guztiekin. Lehendakariaren edo idazkari nagusiaren baimena behar izanen da salbuespeneko bestelako errekerimendurako.
Parlamentuaren egoitza itxita dagoen bitartean, momentuz maiatzaren 9ra arte, erregistro guztiak modu telematikoan eginen dira. Horretarako, parlamentarioek gaituta duten sistema erabiliko dute, eta gainerako interesdunek, berriz, posta elektronikoko honako helbide hau: [email protected].
Gainera, etenda geratzen da gaur egun izapidetzen ari diren Parlamentuko gai guztien izapidetzea, horien epeak barne, zeinak izapidetzearen etena bukatzen den unean berrabiaraziko baitira.
Administrazio-epeei dagokienez, etenda geratzen dira COVID-19k eragindako osasun-krisia kudeatzeko alarma-egoera deklaratzen duen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriaren arabera –aipatutako salbuespenekin-.
Bestalde, salbuespen-egoera martxoaren 29az harago luzatuz gero aurreikusi zen bezala, telelanaren sistema mantendu egiten da, Nafarroako Parlamentuko langile guztiek, ahal den neurrian, etxetik lan egin dezaten. Jarduera presentziala bilkura presentzialen beharretara egokituko da, segurtasun berme guztiekin.
Gogoratuko denez, martxoaren 16an Parlamentuak eraikina eta haren zerbitzu guztiak itxi zituen, baita lan parlamentarioak murriztu ere. Lan horiek Mahaiaren eta Eledunen Batzarraren bilkuretara eta beste legebiltzar-organo batzuen bilkura zehatzetara mugatu zituen —ahal dela bideokonferentziaz—, baldin eta atzeraezintzat jotzen diren premiazko arrazoiengatik egin behar badira. Hori guztia segurtasun-bermeekin eginen da, osasun-agintarien gomendioei jarraikiz.