Noiz argitaratua Osteguna, 2016.eko Ekainak 16

Baztan-Bidasoa eskualdean Lanbide Heziketako ikastetxe integratu berri bat eraikitzeko eskatzen duen erabakia onetsi da

Azpimarratu egiten daeskualdeko Lanbide Heziketaren egoera "tamalgarria" dela bai azpiegituretan bai ikasketen antolaketaren eta eskaintzaren aldetik

Parlamentuaren Osoko Bilkurak gaur aho batez onetsi duen erabaki batean Nafarroako Gobernuari eskatzen zaio “Lanbide Heziketa eta enplegu politikak modu bateratuan uztartzeko eta behar diren neurriak inplementatzeko”.

Onetsitako erabakiaren bigarren puntuan, Foru Gobernuari honako hau eskatzen zaio: “Lanbide Heziketako ikastetxe integratu berri bat eraikitzea Baztan-Bidasoa-Urdazubi-Zugarramurdi eskualdeko erdigunean”.

Bestalde, jada hirugarren atalean, Nafarroako Gobernuari ohartarazten zaio Lanbide Heziketako ikastetxe berriak aintzat hartu behar dituela “eskualdeko errealitate sozioekonomikoa, bertako beharretara egokitzen den kalitatezko prestakuntza eskainiz”.

Azkenik, Foru Gobernuari eskatzen zaio Lanbide Heziketako ikastetxe berriak euskarazko eskaintza berma dezala, “inguruko herrietako ezaugarri eta behar soziolinguistikoak kontuan hartuz”.

Zioen azalpenean, berriz, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek sustatutako erabakiak dio “egoera tamalgarrian” dagoela Baztan-Bidasoa-Urdazubi-Zugarramurdi eskualdeko Lanbide Heziketa, bai azpiegituren aldetik, bai ikasketen antolaketari eta eskaintzari erreparatuta. Hori dela eta, egungo beharretara egokitutako ikastetxe berri bat eraikitzea proposatzen du.

Ildo horretatik, “azkeneko hamarkadetan inbertsiorik jaso ez dela” kontuan izanik, proposatzaileek Nafarroako Gobernuaren inplikazioa eskatzen dute “eskualdearen garapen sozial eta ekonomikoaren” alde, Lanbide Heziketaren eta enpleguaren erreferente izanen den ikastetxe bat eraikitzeko, eskualdeko udal guztiek “aho batez atxikimendua” emana baitiote proiektuari, zeinak, gainera, arloko agente guztien lana egituratzeko aukera emanen baitu.

www.nafarroakoparlamentua.eus
• Mozioa (86. NPAO, 2016-06-14koa)