Baztertu da gizarteratzeko eta errenta bermaturako eskubideak aldatzeko lege-proposamena aintzat hartzea
Osoko bilkuraren gehiengoa bat dator Europar Batasunaren jarraibideekin UPNren planteamenduaren aurrean
Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkurak atzera bota du 15/2016 Foru Legea, azaroaren 11koa, Gizarteratzeko eta Errenta Bermaturako eskubideak arautzen dituena, aldatzeko foru lege-proposamena aintzat hartzea. PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin taldeek aurka bozkatu dute eta UPNk, PPNk, Talde Mistoak eta atxiki gabeko parlamentariak alde.
UPN talde parlamentarioak bultzatutako foru lege-proposamenaren helburua zen «errenta bermatua eskuratzeko baldintzak birformulatzea, haren kontrolaz eta jarraipenaz arduratzen diren eragileei beharrezkoak diren bitartekoak emanda, eta gizarteratzean eta laneratzean eraginkorragoak izatea, exijentzia-maila handituta, berebat, hartzaileen inplikazio- eta erantzukizun-mailan».
Horretarako, «sorospenen kulturari» lotutako «gehiegikeriak» eta «kronifikazioa» saihesteko, hartzaileen «erantzukizunean» egiten zuen azpimarra, eta jokabide eredugarria, izateko eskatzen zien, ez «elkarbizitza baketsu eta askearen aurkako ekintzekin bateraezina» den jokabidea.
Hori horrela, bi urtetik hiru urtera luzatu nahi zuen ezinbesteko bizileku-aldia (egoera erregularrean eta delitu ez hain astunen edo delitu astunen aurrekari penalik gabe), adingabeak edo mendekotasunen edo desgaitasunen bat duten pertsonak dauden familia-unitateen kasuan izan ezik (urtebetekoa mantentzen zen), errenta bermatua eskatu ahal izateko, eta errenta bermatua jasotzeko aldia, oro har, hiru urtera mugatu nahi zuen, diru-sarrera beherakorrak ezarrita (% 70 bigarren urtean, % 50 hirugarrenean), 12 hilean behin berritu ondoren.
Era berean, urtebeteko epea aurreikusten zuen Nafarroako administrazio publikoetatik aldi berean jaso litezkeen laguntzen (errenta bermatua eta gainerako prestazio edo dirulaguntza bateragarriak) gehieneko mugak zehazteko behar adina lege- eta erregelamendu-aldaketa egiteko. Kalkulutik salbuetsita zeuden osasun- edo farmazia-arloko premia espezifikoak estaltzeko laguntzak.
Beren kargura adingaberik ez duten 18 eta 24 urte bitarteko pertsonen kasuan, bi urtetik hiru urtera igo nahi zuen modu independentean bizi izanaren betekizuna, eta hori, orain arte bezala, Gizarte Segurantzaren edozein erregimenetan gutxienez urtebetez alta emanda egotearekin eta aurreko hiru urteetan gurasoena ez den beste etxebizitza batean erroldatuta egotearekin lotzen zuen.
Kontrol-lana ikuskaritza-zerbitzu iraunkor eta espezializatu sortu berri bati esleitzen zion; zerbitzu hori arduratuko litzateke eskatutako betekizunak osorik betetzen zirela bermatzeaz, gizarte-eremuko eta lan-eremuko erreferentziazko profesional banaren ardurapeko «programa pertsonalizatu» baten arabera.
Gizarte-eremuan, besteak beste, hizkuntza jakitea edo administrazio publikoek eskainitako ikastaro edo irakaskuntzen bidez ikastea eskatzen zuen, eta, gainera, aurrekari penalak urtero eguneratzea. Lan-arloan, nahitaezkoa zen prestasuna izatea eta enplegu-eskaintza egokiak onartzea, organo eskudunak behar bezala egiaztatutako eta erregelamendu bidez zehaztutako kasuetan izan ezik.
Lan-eskaintza egoki bati uko egiteak eta delitu ez hain astunengatik kondenatua izateak (epai irmoarekin), edo giza hilketa, lesio, sexu-askatasunaren aurkako delitu, indarra edo larderia erabiliz egindako lapurreta, osasun publikoaren aurkako edo agintaritzaren eta agintaritzaren agenteen aurkako delitu astunengatik, edo erresistentzia eta desobeditze delitu astunagatik, prestazioa behin betiko azkentzea eraginen luke, eta ezin izanen zen berriro eskatu.
Adierazitakoaren ildotik, eta zehapen-atalari dagokionez, arau-hauste astunen artean sartzen zuen —prestazioa jasotzeko aukeraz gabetzeko 6 eta 12 hilabete arteko zigorrarekin (arinen bikoitza)—, errenta bermatua jaso bitartean edozein delitu arinengatik kondenatua izatea. Arau-hauste oso astunei, berriz, 1.000 eta 3.000 euro arteko isuna ezartzen zien, eta sorospenaz gabetzen zituen 12 hilabete eta egun bat eta bi urte arteko epean.
Ikuskapen zerbitzuaren gainbegiratze-lanak barne hartzen zuen emandako eta indarrean zeuden errenta bermatuaren prestazioak egiaztatzeko urteko auditoria bat, «azkentzeko edo eteteko arrazoirik edo arau-hauste administratiborik» bazen egiaztatzeko.
Antzeko ikuspuntuarekin, PPNk, Talde Mistoak eta atxiki gabeko parlamentariak erreforma defendatu dute, beren iritzian, legea zaharkituta geratu delako, ez delako eraginkorra eta zerikusirik ez duelako gizarte-inguruabarrarekin.
Bestalde, Nafarroako Gobernua sostengatzen duten talde parlamentarioek bere egin dute Foru Gobernuaren desadostasun txostena, lege-proposamen hori aintzat hartzeari buruzkoa. Izan ere, uste dute urrun dagoela Europar Batasunak pobreziari aurre egiteko eta inklusio aktiboa sustatzeko 2023ko urtarrilaren 30ean formulatu zituen «ebidentzia zientifiko» eta «jarraibideetatik».
Horri dagokionez, argudiatzen dute EBk gomendatzen duela gutxieneko errenta egokia bermatzea, «ez duena epemugarik izanen», oinarrizko beharrak betetzeko. Laguntza horrekin batera, zehaztu denez, «funtsezko zerbitzuetarako irispidea» eskaini behar da (osasuna, hezkuntza, etxebizitza), eta «prestakuntza, enplegurako laguntza eta gizarteratze aktiboko politikak» eman behar dira. Era berean, «eskatzeko erraza izan behar du, eta banaka eskatzeko aukera ere egon behar da» (ez soilik unitate osorako), eta «gardentasun eta diskriminaziorik ezaren» irizpideei jarraitu behar zaie.
Horrenbestez, eta 15/2016 Foru Legea «hobetzen ahal dela» jakinik, ez, ordea, UPN nahi duen eran, adierazi da Eskubide Sozialetako Departamentua erreforman lanean ari dela, «diru-sarrerak bermatzeko sistemako prestazio nagusiak (bizitzeko gutxieneko diru-sarrera eta errenta bermatua) harmonizatu eta bateratzeko helburuarekin, gizarte-inklusiorako eskubidea nabarmenduta horiek jasotzea baimentzen denetik aurrera».
Izan ere, PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik eta Contigo-Zurekinek nabarmendu duten bezala, diru-prestazioen programak «funtsezkoak dira pobreziari aurre egiteko, bai herrialde aurreratuetan, bai garapen bidean daudenetan».
- www.parlamentodenavarra.es/eu
- Foru Legearen Proposamenaren argitalpena (NPAO, 28. zk., 2026-03-18)