Noiz argitaratua Osteguna, 2026.eko Urtarrilak 29

Baztertu egin da aintzat hartzea landa-eremuko biztanleek kalitatezko premiazko arreta jasotzeko duten eskubidea blindatzeko PPNren lege-proposamena

Arreta jarraituko sarearen gune guztiak mantentzea planteatzen zuen, indartzeko plan bat ezarri arte, 6 hilabeteko epean, urtean 8 milioi euroan balioztatua

Parlamentuaren Osoko Bilkurak baztertu egin du gaur aintzat hartzea Osasunaren alorrean pertsonek dituzten eskubideei eta betebeharrei buruzko 17/2010 Foru Legea aldatzeko foru-lege proposamen aintzat hartzea, PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin taldeen kontrako botoekin eta UPNren, PPNren, Talde Mistoaren eta atxiki gabeko parlamentariaren aldeko botoekin.

 

PPNk bultzatutako foru-lege proposamenaren xedea zen “landa-eremuko biztanleek kalitatezko premiazko arreta izateko duten eskubidea blindatzea, osasun-zerbitzuak eskuratzeko lurralde-ekitateko konpromiso instituzionalarekin bat etorriz, 5.000 biztanletik beherako udalerrietan dagoen biztanleriaren % 35aren osasun-estaldura bizilekuak mediatiza dezan saihesteko”.

 

Horretarako, eta “arreta jarraituko eta larrialdiko arretako hamaika gune ixtea” planteatzen duen gobernu-planari erantzunez –hura betez gero “200 herritik gorako 45.000 biztanleri eraginen lieke, horietako asko adinagatik edo patologia kronikoengatik kalteberatasun bereziko egoeran daudenak”–, PPNk defendatzen zuen “oinarrizko osasun-eskualde guztietan arreta presentziala ezartzea, eguneko 24 orduetan, urteko 365 egunetan, bizi-larrialdietarako behar diren bitarteko teknikoak barne”.

 

Esparru horretan, eta iradokitako arau-erreformaren arabera, “biztanlegune bakar bat ere ez litzateke geratuko egonkortzeko eta lehen erantzuna emateko gaitasuna duen premiazko arretako puntu batetik 30 minutu baino gehiagora. Eta 2.000 biztanle baino gehiagokoak diren edo 10 herrigune baino gehiago barne hartzen dituzten eskualdeetan, nahitaez mantenduko litzateke mediku eta erizainen presentzia fisiko iraunkorreko larrialdi-zerbitzu bat”.

 

Landa-eremuko arreta jarraituko eta larrialdiko arretako zerbitzuen antolaketan edozein aldaketak, besteak beste, honako hauek beharko lituzke: "Nafarroako Osasun Kontseiluaren nahitaezko txosten loteslea, eta aurretiazko entzutea ematea ukituriko udalei, osasungintzako lanbide-elkargoei eta oinarrizko eta larrialdietako arretako sozietate zientifikoei”.

 

Gainera, eta jasota zegoenaren arabera, arreta jarraituko edozein gune ixteko edo ordutegiak murriztu ahal izateko, aldez aurretik egiaztatu beharko litzateke “badagoela artatze-alternatiba bat, hil ala biziko larrialdietarako 15 minutu baino gehiagokoak ez diren erantzute-denborak dituena”. Horrekin batera, bi “hobekuntza egin beharko lirateke ukitutako biztanleen osasun-adierazleetan, bai eta 65 urtetik gorako pertsonen edo mugikortasun murriztua dutenen irisgarritasunean ere”.

 

Lege-proposamenak, 8 milioi euroan balioztatuak, Landa-larrialdietarako Arreta Gotortzeko Plan bat abian jartzea aurreikusten zuen. Plan horrek premien eta baliabideen mapa eguneratua, koordinazio-protokoloak eta betetzeko zailak diren plazak betetzeko pizgarri profesionalen plan bat izan beharko lituzke, eta sei hilabeteko epean amaituta egon beharko luke.

 

Oro har, landa-larrialdietarako arreta sarea mantentzea “Osasun Departamentuaren aurrekontuaren % 3,5etik beherakoak ez diren kredituak” edukitzeari lotzen zitzaion.

 

Bestalde, Nafarroako Gobernuari euskarria ematen dioten talde parlamentarioek bere egin dute foru-gobernuaren desadostasun-txostena, lege-proposamen hori kontuan hartzeari buruzkoa.

 

Hala, PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik eta Contigo-Zurekin taldeek alegatu dute, proposamenaren forma-akatsez gain, badaudela zenbait “inkongruentzia” hainbat gairi buruz, hala nola itxarote-denborei edo betetzeko zailak diren plazak betetzeari buruz, eta, oro har, Nafarroan arreta jarraituko eta larrialdiko arreta berrantolatzeari buruz. Azken gai horren inguruan, Gobernua “proposamen bat amaitzen ari da”.