Noiz argitaratua Ostirala, 2018.eko Azaroak 23

Baztertu egin da gaixotasun endokrino-metabolikoen baheketa zabaldua ezar zezan Osasun Departamentua premiatzen zuen mozioa

Beste erkidego batzuek egin bezala, desgaitasun fisiko eta psikikoen kasuen kopurua murrizteko tratamenduaren ezarpen goiztiarraren bidez

Parlamentuko Osoko Bilkurak mozio bat baztertu du gaur Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bairen eta I-Eren aurkako botoekin, PSNren abstentzioarekin eta UPN eta PPNren aldekoekin, zeinaren bidez, Osasun Departamentua premiatu nahi zuen “gaixotasun endokrino-metabolikoen baheketa zabaldua ezar zezan, gutxienez ere gisa horretako hogeita bost gaixotasun sartuta”.

 

Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Dugu-Orain Baik, PSNk e I-Ek ordezteko zuzenketa bat aurkeztu dute, UPNk onartu ez duela, Osasun Departamentuari eskatuz" NOPLOIko Detekzio Goiztiarreko Atalaren bidez, urtero azter zezan ea komeni den Nafarroan gaixotasun gehiagoren detekzio goiztiarra ezartzea, ebidentzia zientifiko eguneratua ezagutu ahala, eta Biztanleria bahetzeari buruzko esparru-dokumentuko irizpideak kontuan hartuta”.

 

Zioen azalpenean, UPN talde parlamentarioak aurkeztutako mozioak “jaioberrien gaixotasun endokrino-metabolikoen baheketaren programaren garrantzia” azpimarratzen zuen, desgaitasun fisiko eta psikikoen kasuen kopurua murriztea ahalbidetzen baitu, “aipatu gaixotasunen detekzio goiztiarraren eta tratamenduaren ezarpen goiztiarraren bidez”.

 

Helburu horrekin, hamabi autonomia erkidegok eta bi hiri autonomoek egindakoa berdintzeko eskatzen zen, “Osasun Sistema Nazionaleko laguntza-zerbitzuen oinarrizko zorro komuneko jaioberrien baheketa programan sartzen diren zazpi gaixotasunez gain, gaixotasun gehiago sartu baitituzte beren baheketa programetan eta bakoitzaren zerbitzu osagarrien zorroan”, eta ondorioz, “Nafarroa ekitate faltako egoera garbian geratu da, Estatuko beste lurraldetan jaiotako haurrekin alderatuta”.

 

Azkenik, argudiatzen zen baheketa zabalduaren programa honako elkarte hauek babestu dutela: Asociación para el Estudio de los Errores Congénitos del Metabolismo (AECOM), Sociedad Española de la Medicina de Laboratorio (SEQC) eta Sociedad Española de Errores Innatos del Metabolismo de la Asociación Española de Pediatría (SEEIM-AEP).