Noiz argitaratua Osteguna, 2019.eko Azaroak 28

Baztertu egin da ikastetxea eta erlijio-prestakuntza aukeratzeko duten askatasunaren aldeko aldarria egin zezan Nafarroako Gobernua premiatzen zuen mozioa

Konstituziora jotzen zuen Navarra Sumak, botere publikoek bermatu beharreko oinarrizko eskubide hau familiei dagokiela defendatzeko

Parlamentuko Osoko Bilkurak mozio bat baztertu du gaur, Navarra Sumaren aldeko botoarekin eta PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aurkako botoekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baitzen “familiek beren seme-alabentzako ikastetxea eta erlijio-prestakuntza aukeratzeko duten askatasunaren aldeko aldarria egin zezan, Konstituzioak babestutako eskubide bat baita hori”.

 

Zioen azalpenean, Navarra Suma talde parlamentarioak aurkeztutako mozioak Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala (26.3 artikuluak), Giza Eskubideen Europako Hitzarmena (2. artikuluak), EBren Oinarrizko Eskubideen Gutuna (14. artikuluak) eta Espainiako Konstituzioa aipatzen zituen, nabarmentzeko “botere publikoek bermatu egin behar dute familiek beren seme-alabentzat nahi duten hezkuntza-mota erabakitzeko askatasuna, baita erlijioko sinesteen araberakoa ere”.

 

Familiei dagokien eskubide hau azpimarratu ostean, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako jarduneko ministroak jendaurrean egindako adierazpenak gaitzesten zituen mozioak, adierazi baitzuen “gurasoek erlijio-irakaskuntza edo ikastetxea aukeratzeko eskubidetik inolaz ere ezin dela ondorioztatu hori Konstituzioaren 27. artikuluan ezarritako irakaskuntza-askatasunaren parte denik”.

 

Ildo horretan, nabarmentzen zen “demokraziaren oinarrizko eskubidea dela irakaskuntza-askatasuna, hala bermatzen baitu Konstituzioak baita Konstituzio Auzitegiaren epai ugarik ere”.