Noiz argitaratua Osteguna, 2020.eko Urriak 15

Baztertu egin da Juan Carlos Borboikoari Nafarroaren eta Nafarroako Parlamentuaren Urrezko Dominak kentzeko Nafarroako Gobernua premiatzen zuen mozioa

I-Ek domina emateko erabiltzen diren irizpideak “ikertzen ari diren ustelkeria-delituekin” kontrajartzen ditu, baina ez du Legebiltzarraren gehiengoaren babesa lortu

Mozio bat baztertu du gaur Parlamentuaren Osoko Bilkurak Navarra Sumaren eta PSNren aurkako botoekin eta Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aldeko botoekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baitzen “Juan Carlos Borboikoari 1988an eman zitzaion Nafarroaren Urrezko Domina ken dakion”.

 

Baztertutako mozioak bigarren atalean zehazten zuenez, “Juan Carlos I. errege emerituari Nafarroako Parlamentuaren Urrezko Domina erretiratzea adosten du Nafarroako Parlamentuak”. Podemos-Ahal Duguk aurkeztutako gehitzeko zuzenketa baten bidez gehitu da atal hau.

 

Zioen azalpenean, Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak sustatutako ebazpenak kontrajarri egiten ditu, alde batetik, domina emateko irizpideak, “herritarren jarrera eredugarria, gizartearen balio demokratikoak zabaltzen eta hedatzen laguntzea, demokrazia eta elkartasun arloko ekintzak bultzatzea, gizarte bidezkoago eta solidarioago bat eratzea bilatzen duten ibilbideak edo Nafarroaren irudia kanpora begira sustatzea”, eta bestetik, “komisio milioidunak jasotzearekin lotutako ustelkeria-delituengatik ikertzen aritzea”.