Noiz argitaratua Osteguna, 2024.eko Martxoak 21

Baztertu egin da Kontuen Ganberaren Foru Legea zuzenean eta irakurketa bakarrean izapidetzea

UPNk ez du behar bezain beste babes lortu organo fiskalizatzaileak kontu orokorrak auditatzeko daukan epea murrizteko eta, hartara, aurrekontuaren exekuzioari buruzko balorazio politikoa aitzinatzeko

Parlamentuaren Osoko Bilkurak baztertu egin du, gaur, Kontuen Ganberari buruzko abenduaren 20ko 19/1984 Foru Legea aldatzeko proposamena zuzenean eta irakurketa bakarrean izapidetzea. PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin kontra azaldu dira, eta UPN, PPN eta Vox, berriz, alde. Hortaz, baztertu egin da bozketa egitea.

UPN talde parlamentarioak aurkeztutako lege-proposamenak xede zuen hiru hilabetetik bira murriztea Kontuen Ganberak Nafarroako Kontu Orokorrak aztertzeko eta zentsuratzeko duen epea, halako moduan non urrira aurreratuko bailitzateke foru-lege proiektu hori onesteko ala baztertzeko eztabaida parlamentarioa, "aurrekontu-betetzearen balorazioak garrantzi politiko eta sozial handia duelako, baita hurrengo aurrekontuak taxutzeko ere".

 

PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin taldeek bat egin dute Nafarroako Gobernuaren "desadostasuna" justifikatzen duten irizpideekin, eta kontuan hartuta auditoretza-txostena egiteko egin behar den "egiaztapena, analisia eta azterlana", lan handi-handia egitea dakarrena, atzera bota dute irakurketa bakarrean izapidetu den ekimena, Kontuen Ganberako langileen "zeregin profesionala" zalantzan jartzea ekar lezakeelako.

 

Hortaz, kontuan hartuta organo fiskalizatzaileak egiten duen "kontrol-lana teknikoa eta zorrotza" dela, Nafarroako Gobernua babesten duten taldeek azpimarratu dute epe hori "neurrikoa" dela, are gehiago kontuan hartzen badugu hiru hilabeteko epea uztailaren 1ean hasi ohi dela, "albo batera utzi gabe Kontuen Ganberak esleiturik dauzkan gainerako jarduketak".

 

PPNk hiru zuzenketa aurkeztu ditu, baina ez dira onartu, irakurketa bakarrean izapidetzea baztertu baitu osoko bilkurak. Zuzenketa horien helburua zen pare bat aste murriztea Nafarroako Gobernuak proiektua Parlamentura bidaltzeko epe-muga (ekainaren 15a) eta Kontuen Ganberak kontuak aztertzeko eta zentsuratzeko epea (75 egun natural bidalketatik).

 

 

www.parlamentodenavarra.es/eu

• Foru-lege proposamena (15. NPAO, 2024-02-06koa)