Baztertu egin da maskaren eta osasun alorreko materialaren erosketari buruzko ikerketa-batzorde bat sortzea
Babesik lortu gabe, Navarra Sumak bere ekimena justifikatzen du Gobernuaren gardentasun ezan 1,7 milioi maskarako stockaren azpian dagoen kudeaketa azaltzerakoan
Nafarroako Parlamentuaren Osoko Bilkurak gaur baztertu egin du zenbait hitzarmen eta kontraturen bidez maskarak eta osasun arloko materiala erostearen gaineko ikerketa-batzorde bat eratzeko proposamena. PSN, Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek kontrako botoa eman dute, EH Bilduk abstentzioa eta Navarra Sumak aldekoa.
Ikerketa-batzordea sortzeko proposamenaren zioen azalpenean, Navarra Sumak aipatzen ditu “2022ko apiriletik sustaturiko hainbat ekimen parlamentario, bai eta beste talde batzuenak ere, pandemian osasun arloko materialaren zenbait erosketaren kudeaketa argitzen ahalegintzeko; izan ere, gaur egun, zazpi agerraldiren ostean eta Gobernuak emandako dokumentazioa sakon aztertu ondoren, kontu garrantzitsuak daude argitzeke”.
Zehazki, Navarra Sumaren ekimenak kontratu batean arreta jartzen du, “zeinaren diseinuan Sodenak, Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioak, Albyn Medical SA-k eta Garapen Ekonomikoko eta Osasuneko departamentuek parte hartu baitzuten, nahiz eta azken hau azken orduan urrundu egin zen, zirriborroen arabera soberakin guztiak beretzat hartzeko konpromisoa esleitzen zion akordio baten sinatzaileen artean bazegoen ere”. Emaitza, 1,7 milioi maskara, 1,8 milioi euroko balioa dutenak eta bi urte daramatzatenak biltegi batean utzita.
“Gobernuko zenbait kidek adierazi dutenez” Nafarroako Osasun Zerbitzuaren, Albyn Medical SL-ren Ojer Pharma SL laborategiak eta Sumisan SA-k eginiko beste akordio bat “oinarri eta aurrekari” izan zuen akordio horretatik atera ondoren, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak bi kontratu sinatu zituen hotz industrialaren sektoreko enpresa batekin (Efficold SA) sei milioi maskara kirurgiko eta 560.000 FFP maskara erosteko. Horietako bigarrena eragozpen-ohar etengarri baten xede izan zen, 2022ko ekainaren 29ra arte altxatu ez zena (19 hilabete geroago), Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren esku-hartze baten ondoren –material medikoa aipatu departamenturako ere bazen–.
Hori guztia dela eta, eta “erabateko gardentasun”aren mesedetan, Navarra Sumak eskatu du, alferrik izan bada ere, behar adinako babesa ikerketa-batzorde bat sortzeko, aztertze aldera Sodenak dirua aurreratuta (zubi kreditua) Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioarentzako eta Nafarroako Osasun Zerbitzuarentzako erosketak ahalbidetu zituzten lankidetza eta laguntza finantzariorako bi akordioak, bai eta Nafarroako Osasun Zerbitzua eta Ekonomia eta Ogasun Departamentua materialaz hornitzeko bi kontratuak ere.