Baztertu egin da mozio bat, zeinaren bidez Nazioko Gobernuari exijitzen zitzaion berehala kanpora ditzan Nafarroan dauden etorkin ilegal guztiak.
Mozioak ez du babes nahikorik izan, eta Voxek dio “Espainia aurrekaririk gabeko immigrazio-inbasioa pairatzen ari dela”
Parlamentuko Osoko Bilkurak bazter utzi du gaur, UPN, PSN, EH Bildu, Geroa Bai, PPN eta Contigo Navarra-Zurekin Nafarroa taldeen aurkako botoekin eta Voxen aldeko botoekin, mozio bat, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “immigrazio ilegalarentzako ate irekien politika errefusa dezan” eta, era berean, Nazioko Gobernuari exijitzen zitzaion “berehala kanpora ditzan Nafarroan dauden etorkin ilegal guztiak”.
Vox foru parlamentarien elkarteak aurkeztutako testuan beste puntu batzuk ere jasotzen ziren. Horien bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen zen “gure erregioan etorkin ilegalei harrera egiteko edozein zentro-mota irekitzea errefusa dezan”, “Martzillako behaketa eta harrera zentroa itxi dezan” eta “gizakien trafikoaren eta immigrazio ilegalaren mafiekin elkarlanean aritzen diren elkarte eta GKErik babesten ez duen erregio deklara dezan Nafarroa”.
Halaber, bosgarren puntuan eskatzen zen “jasotako laguntza publikoen zenbatekoa eta etorkin ilegalen harrera eta integrazioa finantzatzen duten aurrekontu-partida autonomikoak bideratzea etorkin ilegalak beren jatorrizko herrialdeetara edo, kasua bada, eta hala nahi dutenak, Belgikako Bruselako hirira eramateko, han baitaude horien etorrera bultzatzen eta sustatzen duten elite europarrak”.
Mozioan jasotako beste puntu batean eskatzen zen “herritarren segurtasuna indartzeari buruzko herri-kontsulta bat egitea bultzatu eta sustatzea, hala erregio nola herri mailakoa, gure erregioan dauden etorkin ilegal guztiak kanporatzea planteatuko duena”.
Azkenik, ebazpen-proposamenaren xedea zen “etorkin ilegalei gizarte-onurak eta -laguntzak eskuratzeko aukera ematen dien erroldatze-iruzurra saihesteko beharrezkoak diren lege-aldaketak sustatzea”.
Voxek aurkeztutako mozioaren zioen azalpenean ekimena justifikatzeko esaten denez, “Espainia, Europako gainerako herrialdeak bezala, aurrekaririk gabeko immigrazio-inbasioa jasaten ari da, etorkizuna arrisku larrian jartzen ari dena, espainiar guztien elkarbizitzarako, segurtasunerako eta oparotasunerako ondorio kaltegarriekin”.