Noiz argitaratua Osteguna, 2024.eko Maiatzak 16

Baztertu egin da Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen aldaketa

PPNk proposatzen zuen herri-lurren mozkinengatiko udal-tasak merkatzea, baita soberan dauden edo zuzenean laboratu ez diren lur publikoen kanona ere

Parlamentuaren Osoko Bilkurak baztertu egin du, gaur, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen aldaketa. UPN, PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekinek kontra bozkatu dute, eta PPN eta Voxek, berriz, alde.

 

Irakurketa bakarrean izapidetuta, PPN talde parlamentarioaren foru-lege proposamenak xede zuen 20 puntu jaistea herri-lurren mozkinak direla-eta toki-erakundeek ezartzen duten kanonaren marjina, zeina 149. artikuluak ezarritakoaren arabera “zonalde horretan antzeko lurrentzat dauden errentamendu-prezioen % 50 bitartekoa izan ahalko baita”, kontuan hartuta “erabilera berriek, hala nola eguzki-baratzeak ezartzeak, udalen diru-kutxari dagokionez dakarten diru-sarreren igoera”.

 

Era berean, % 40ko jaitsiera aldezten zen herritarren artean zuzenean egindako esleipenen prezioan, bai soberan dauden herri-lurrei dagokienez, bai zuzenean eta pertsonalki laboratzen ez dituzten onuradunen lurzatiei dagokienez. Kasu honetan, proposatzen zen tasa “ez zedila izan inguruan antzeko ezaugarriak dituzten lurren alokatze-prezioaren % 50 baino txikiagoa”, 6/1990 Foru Legearen 152. artikuluak ezarritakoaren erdia baino zertxobait gehiago.