Noiz argitaratua Astelehena, 2023.eko Urriak 23

Benjamín de Tudela BHIak irabazi du XIV. Batxilergoko Eztabaida Txapelketa, finalean Navarro Villoslada BHIari gailenduta

San Ignacio ikastetxeko Natalia Saragüetak hizlaririk onenaren saria jaso du txapelketan, non 19 ikastetxetako ehun bat ikaslek parte hartu duten

Tuterako Benjamín de Tudela BHIak irabazi du XIV. Batxilergoko Eztabaida Txapelketa, Nafarroako Parlamentuko osoko bilkuren aretoan egindako finalean. Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) eta Foru Legebiltzarrak antolatu dute lehiaketa. Bigarren sailkatua Iruñeko Navarro Villoslada BHIa izan da. San Ignacio ikastetxeko Natalia Saragüetari hizlaririk onenaren saria eman diote.

 

Honako ikasle hauek aritu dira Benjamín de Tudela BHIko talde irabazlean: Sergio Domínguez Serrano, Juan Maestu Catalán, Lino Pérez Carrascosa, Marina Pinilla Coscolín eta Berta Salicio Salcedo. Trebatzailea Carlos Celiméndiz Ferrández irakaslea izan da.

 

Bestalde, hauek aritu dira Navarro Villoslada BHIko taldean: Fermín Huete Sánchez, Alessio Latasa Resta, Maider Nanclares Ochoa, María Sánchez Francés eta Elisaveta Tatarintseva. Ikastetxe horretako Tomás Maquírriain Vela irakasleak prestatu ditu.

 

Irakaskuntza presentziala metodorik egokiena al da Espainiako egungo sisteman? Galdera horren inguruko eztabaida proposatu da txapelketan. Lehenbiziko fasea urriaren 20an egin zen, ostiralez, NUPeko Arrosadiko campusean, Iruñean. Aurkeztutako 19 taldeetatik lau iritsi ziren larunbat goizeko finalerdietara: txapeldunaz eta txapeldunordeaz gainera, Irabia-Izaga eta San Ignacio ikastetxeak. Azken saioan, Navarro Villoslada BHIko ikasleek aldeko jarrerari eutsi diote eta Benjamín de Tudela BHIkoak kontrakoari.

 

Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek eman dio hasiera ekitaldiari. Poztasuna agertu du, beste urte batez “txapelketa honetan egiaztatu dugulako zer-nolako etorria duten eta zein ongi trebaturik dauden Nafarroako ikastetxeetako ikasleak”. Txapelketa honetan, gehitu du, “garrantzitsuena parte hartzea da, eztabaidatzen eta argudiatzen ikastea, eta, noski, beste ikastetxe batzuetako ikasleak ezagutzea”.

 

Hualdek ikasleen lana nabarmendu du, baita lehiaketan parte hartzeko trebatu dituzten irakasleena ere, eta Unibertsitateari eskerrak eman dizkio “Batxilergoan eztabaida sustatzeko eta erakunde legegilea eta hemizikloa ikasleei hurbiltzeko interesa izateagatik eta ahalegina egiteagatik”. Ikasleak Parlamentua bisitatzera gonbidatu ditu, “are hobeki ezagutu ahal izateko gure egoitza eta gure lana”.

 

Ekitaldian izan da Begoña Pérez, NUPeko Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko errektoreordea, beste pertsona ospetsu batzuen artean. Finaleko epaimahaian NUPeko lau irakasle izan dira (Miren Sarasíbar Iriarte epaile nagusi gisa, Rafael García Santos eta Julen Llorens Espada), eta erakunde horretan ikasketak egindako Rodrigo Arvizu Sarasa eta Nicolás de Augusto Oiz.

 

Txapelketa hau heziketa eta lehia ekimena da, Nafarroako ikastetxe publikoetako eta itunduetako Batxilergoko 2. mailako ikasleei zuzendua. Ikastetxe bakoitzeko talde bat aritu da, hiru edo lau ikaslek eta kapitain batek osatua. Ikasleek aukera izan dute beren trebetasunak lantzeko, besteak beste jendaurrean hitz egiteko gaitasuna, taldean lan egitekoa, informazioa aztertzekoa edo arrazoitzekoa. Gaitasun horiek, heziketa pertsonalerako oso interesgarriak izateaz gain, graduko unibertsitate ikasketekin lotutako zeharkako gaitasun eta gaitasun orokorretako batzuk osatzen dituzte.

 

Epaimahaiak hainbat alderdi baloratu ditu, besteak beste hauek: sarrera, ihardeste eta konklusio onenak; taldearen jarrera; azaldutakoaren ordena, argitasuna eta soiltasuna; segurtasuna eta gaiaren ezagutza; inprobisatzeko gaitasuna; hizkera egokia solasean, eta erantzuteko bizkortasuna.

 

Edizio honetan ehun bat ikaslek parte hartu dute, hemeretzi ikastetxe hauetatik etorrita: Basoko BHI, Navarro Villoslada BHI, Plaza de la Cruz BHI, Calasanz-Escolapios ikastetxea, Hijas de Jesús ikastetxea, Irabia-Izaga ikastetxea, Nuestra Señora del Huerto ikastetxea, Sagrado Corazón ikastetxea, San Cernin ikastetxea, San Ignacio ikastetxea, Santa Teresa ikastetxea, Santo Tomás (Domingotarrak) ikastetxea eta Liceo Monjardín ikastetxea (denak ere Iruñekoak), Toki Ona BHI (Bera), Miravalles-El Redín ikastetxea (Zizur Txikia), Luis Amigó ikastetxea (Mutiloa), Marqués de Villena BHI (Martzilla), Benjamín de Tudela BHI (Tutera) eta Paz de Ziganda ikastola (Atarrabia).

 

XIV. Batxilergoko Eztabaida Txapelketako finalean izan dira, besteak beste, Ángel Ansa (Navarra Suma), Kevin Lucero (PSN), María Solana (Geroa Bai) eta Miguel Garrido (Contigo-Zurekin).