Noiz argitaratua Osteguna, 2016.eko Ekainak 30

Berdintasunaren arloko lan-araudia berma dadila eskatzen duen erabakia onetsi da

Nahiz eta araudiak eboluzionatu duen eta babesa sektore publikora eta pribatura hedatu den, oraindik bereizkeria asko egiten direla ohartarazten du

Parlamentuak gaur egindako osoko bilkuran aho batez onetsi duen erabaki batek Nafarroako Gobernua premiatzen du “berdintasunaren arloko lan-araudi osoa betetzen dela bermatzeko behar diren ekintza guztiak bultza ditzan, bere eskumenaren esparruan, eta ekintza zehatzak abiaraz ditzan enplegura eta lanbidera sartzean tratu- eta aukera-berdintasuna sustatzeko eta arraza, larru-kolore, sexu, erlijio, iritzi politiko, nazio-jatorri edo gizarte-jatorriaren araberako arrazoietan oinarritutako bereizkeria Nafarroako enpresa guztietan erauzteko”.


Zioen azalpenean, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek bultzatutako erabakiak azpimarratzen duenez, “azken urteotan arauen bilakaera izan bada ere, babesa ematen bazaie ere sektore publikoari eta pribatuari, nork bere gain egindako jarduerari eta jardun profesionalari, barne harturik hautaketa-irizpideak eta kontratazio-baldintzak, oraindik bereizkeria asko egiten da enpleguaren arloan”.


Hain zuzen ere, aurtengo lehen hiruhilekoko Biztanleria Aktiboaren Inkestak erakusten duenez, “Nafarroako industrian enplegua duten lau pertsonatik bat bakarrik da emakumea”, eta horrek agerian jartzen du “sexuaren araberako bereizkeria”, baina “arraza, sexu-joera eta arlo sindikaleko arrazoiengatik ere” bereizkeria larriak gertatzen dira, eta neurriak hartu behar dira “enplegurako eta lanbiderako sarbidean nahiz lantokian aukera- eta tratu-berdintasuna bermatze aldera”.

www.nafarroakoparlamentua.eus
• Mozioa (86. NPAO, 2016-06-14koa)