Noiz argitaratua Astelehena, 2024.eko Ekainak 3

Bertaratzeak areago kontrolatzeko sistema irailetik aitzina abiatzeko azken urratsak ematen ari da Parlamentua

Mahaiak bilkuraldi bakoitza amaitzean gainbegiratuko du Legebiltzarreko zerbitzuek egiten duten ohiko egiaztatzea eta behin eta berriz justifikaziorik gabe gertatzen diren absentziak zehatzen ahalko ditu

Bertaratzeak areago kontrolatzeko sistema ezartzeko azken urratsak ematen ari da Parlamentua; halatan, irailetik aitzina (hurrengo bilkuralditik aitzina, alegia), Mahaiak bilkuraldi bakoitza amaitzean gainbegiratuko du Legebiltzarreko zerbitzuek egiten duten ohiko egiaztatzea, begiratzeko ea parlamentariek erregelamenduaren arabera deitzen diren bilkuretara joan diren ala ez.

 

Mahaiak onetsitako prozedura (Eledunen Batzarrari entzun ondoren) osagarriak bere egiten du Legelari Nagusiak egindako txostena, zeinak, Erregelamenduaren 13. eta 23. artikuluetan oinarrituta, foru parlamentariek Osoko Bilkuraren nahiz batzordeen bilkuretara joateko eskubide/betebeharraren ondorioak aletzen baititu, “karguari dagozkion eginbeharrak” direlako, “eginkizun parlamentarioaren ardatz” direnak eta, horrenbestez, “nahitaez bete beharrekoak”.

 

Ordenamenduak eginkizun parlamentarioetatik heldu den estatusari ematen dion garrantzia ikusita, Erregelamenduak zenbait mekanismo aurreikusten du eskubide/betebehar hori betetzen dela ziurtatzeko; besteak beste, “bertaratzea ezinbestekoa” dela, bai diru-esleipen indibiduala bai talde parlamentarioei kasuan kasuko legokiekeena jasotzeko, eta hori ez da eragozpen izanen diziplina-neurriak ezartzeko.

 

Gauzak horrela, eta Legebiltzarraren organoetarako bertaratzeak eta absentziak aztertzeko eta, kasua bada, egiaztatzeko asmo hutsez, Idazkaritza Nagusiak txosten bat igorriko dio Mahaiari bilkuraldi bakoitza amaitzean, non datu horiek jasoko diren, baita Legebiltzarraren egoitzatik kanpoko zentro, entitate edo lekuetara egindako bisitena ere.

 

Orduan, Parlamentuko Mahaiak, bertaratzeko betebeharra bete ote den egiaztatzeko ardura berari dagokionez, talde parlamentarioentzako ordainsariei buruzko arauetako 8. artikuluan nahiz hurrengoetan aipatzen den aztertze-prozesua abiarazten ahalko du, egoki irizten badio. Edonola ere, aldez aurretik entzunaldia eman beharko zaio interesdunari.

 

Betiere, kontuan hartu behar da ezen absentziak, halakotzat har daitezen, “boluntarioak ez ezik, justifikatu gabeak, errepikatuak edo nabarmenak ere” izan behar direla.

 

Ordezkapenak, Legebiltzarreko Mahaiari aldez aurretik idatziz jakinarazi baldin bazaizkio, 51.2 artikuluan ezartzen denez, ez dira absentzia gisa zenbatuko. Ezta aldi baterako ezgaitasun baten, amatasun edo aitatasun baimen baten, haurdunaldian arrisku-egoeran egotearen edo aurreko bi egunetan familiako lehen graduko baten heriotzaren edo gaixotasun larriko ospitaleratzearen ondoriozkoak ere, baldin eta Legebiltzarreko zerbitzuetan horren berri eman eta justifikatu badira.