Noiz argitaratua Asteazkena, 2022.eko Ekainak 1

BGBK duten Pazienteen Elkarteak "BGBKren enbaxadoreak" saria eman dio Parlamentuko Osasun Batzordeari

Parlamentuaren "inplikazioa, adostasun nahia eta sentsibilizazio eta ikusarazte" lana eskertzeko

Nafarroako Parlamentuan gaur BGBKren enbaxadoreak saria eman dio Biriketako Gaixotasun Buxatzaile Kronikoa duten Pazienteen Elkarteak (APEPOC) Osasun Batzordeari, beraren legegintza lana eta elkartearen aldarrikapenak aho batez onartu izana eskertzeko.

 

Sariaren bidez aintzat hartzen da Osasun Batzordeak ahalegina egin duela aho batez onesteko mozio bat, Nafarroako Gobernua premiatzen duena sentsibilizazio kanpainak egin ditzan biriketako gaixotasun buxatzaile kronikoari (BGBK) eta tabakismoaren ondorio kaltegarriei buruz. Ekimen horretan “ongi islatzen dira talde parlamentario guztien inplikazioa eta adostasun nahia”.

 

Hala esan du Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek, parlamentarien lanaren saria dela eta “poztasuna” agertu ondoren, eta azpimarratu du osasun sistema publiko ona izatea garrantzitsua dela, “amaitzen ari zaigun pandemiak gogorarazi digun bezala”, eta osasun arloko ikerketan inbertitzea ere bai, BGBK bezalako gaixotasunei aurre egiteko. “Horretarako ari gara lanean Parlamentuan eta Gobernuan”.

 

Hualdek, amaitzeko, APEPOCen eta antzeko elkarteen lana eskertu du, eta azpimarratu du Nafarroako Parlamentua prest dagoela elkarlanean aritzeko eta biriketako gaixotasun buxatzaile kronikoari eta tabakismoaren ondorio kaltegarriei buruz sentsibilizatzeko.

 

Juan Traver, BGBK duten Pazienteen Elkarteko Nafarroako koordinatzailea, eskertuta agertu da Nafarroako Parlamentuko Osasun Batzordeak BGBKri buruz egindako “sentsibilizazio eta ikusarazte lanagatik”. Izan ere, “gizartean gutxi ageri den” gaitza izan arren, % 13,5eko prebalentzia du Nafarroan, eta laugarren heriotza-kausa da Espainian.

 

“Sari hau esker onaren adierazpena da BGBK kolektiboarenganako entzute aktiboaren eredu bihurtu den batzorde horrentzat, eta batasunaren ikurra, urtero Espainian 18.000 lagun hiltzen dituen gaitz honen aurrean”, erantsi du Traverrek. Parlamentuko batzordeak terapia hirukoitzaren bisa ezabatzeko emandako laguntzaren balioa ere nabarmendu du, “prozedura burokratiko horrek tratamendu hoberako eta atxikimendu hoberako aukera mugatzen baitie paziente ahulenei”.

 

APEPOC elkartearen Nafarroako koordinatzaileak banaka eskertu dizkie “enpatia eta konpromisoa” Osasun Batzordeko talde parlamentarioetako eledun guztiei, eta esan du, azkenik, “BGBKren aurkako borrokan lanean” jarraitu behar dugula.

 

Segidan, Traverrek saria eskura eman die Parlamentuko lehendakariari eta ekimena bultzatu duen Patricia Fanlori (PSN). Azken horrek Osasun Batzordearen izenean eskerrak eman dizkio elkarteari, lankidetzan nagusi izan diren “hurbiltasun, elkar ulertze eta begikotasunagatik” eta saria emateagatik. Elkarteak BGBK duten hiru milioi pertsonatik gora ordezkatzen ditu, haien eskubideak defendatzen ditu eta haien bizi kalitatea hobetzen saiatzen da. 

 

“Parlamentariok pazienteen eta haien elkarteen ahotsa izan behar dugu, haien eskakizun eta beharrizanak bideratu behar ditugu eta mozio, lege eta bestelako ekimenetan gauzatu. Pazienteekiko eta haien elkarteekiko entzute aktiboa, elkar ulertzea eta adostasuna dagozkigun eginbehar eta mandatuak dira”, gaineratu du.

 

Parlamentuaren eta Osasun Batzordearen ateak “zabalik” jarraitzen duela gogorarazi ondoren, emandako laguntza eta egindako lana eskertu dizkie Fanlok Osasun Batzordeko eledun guztiei.

 

BGBKren enbaxadoreak saria emateko ekitaldi instituzionalera agertu dira, besteak beste, Inma Jurío Parlamentuko lehendakariorde lehena, Maiorga Ramírez bigarren idazkaria, Osasun Batzordeko eledun Cristina Ibarrola (Navarra Suma), Patricia Fanlo (PSN), Ana Ansa (Geroa Bai), Txomin González (EH Bildu), Ainhoa Aznárez (Podemos-Ahal Dugu) eta Marisa de Simón (I-E), eta talde parlamentario guztietako hainbat parlamentari.

 

Biriketako Gaixotasun Buxatzaile Kronikoa duten Pazienteen Elkartea (APEPOC) ospakizun programa bat antolatzen ari da aurten, 2022ko martxoaren 18an lehen urtea bete zelako BGBK kolektiboak aurrerapen handienetako bat lortu zuenetik, terapia hirukoitzaren bisa ezabatzea, hain zuzen, eta programa horren barnean dago BGBKren enbaxadoreak saria.

 

Biriketako Gaixotasun Buxatzaile Kronikoa duten Pazienteen Elkartean (APEPOC) biltzen dira BGBK duten pazienteak, pazienteen senideak, zaintzaileak, gaitz hori artatzen edo artatu duten osasun langileak (mediku, erizain, fisioterapeuta etab.), eta gaixotasunarekin zuzeneko lotura duten pertsonak. Laguntza zerbitzuak eskaintzen dizkiete elkartekideei, eta gaixotasunaren zabalkundea egiten dute hertsatze neurri gisa, administrazioek BGBK gaixoen bizi kalitatean inbertitu dezaten. Biriketako gaixotasun inflamatorio kronikoa da, biriketan airearen fluxua oztopatzen duena. Arnasestua, eztula, mukia eta bularreko txistua dira gaixotasunaren sintometako batzuk.