Noiz argitaratua Osteguna, 2012.eko Urriak 25

Bildu-k eta Nabai-k toki ogasunek Nafarroako tributuetan parte hartzeko duten funtsaren zenbatekoa, 2013rako 196,5 milioi eurokoa dena, eta banatzeko formula ezartzen dituen Foru Legeari aurkeztutako osoko zuzenketak bazter utzi dituzte

Parlamentuko Osoko Bilkurak, UPNk, SNk eta PPNk alde emandako botoekin eta Bildu-k, Nabai-k, I-Ek eta atxiki gabeko bi parlamentariek kontra emandako botoekin, bazter utzi ditu gaur 2013. eta 2014. aurrekontu-ekitaldietarako toki ogasunek Nafarroako tributuetan parte hartzeko duten funtsaren zenbatekoa eta banatzeko formula ezartzen dituen Foru Legeari aurkeztutako osoko zuzenketak.
 

Toki ogasunen funtsa Nafarroako Gobernuak udalen eta kontzejuen gastu arruntak finantzatzeko duen sistema da (langileak, bulegoak, hornidurak …). Inbertsioak (azpiegiturak, sareak berritzea eta garbitzea, kaleak zolatzea …) ordea, toki inbertsioen planaren bidez kofinantzatzen dira, Nafarroako Parlamentuak beste bat onetsi arte luzatu duena.
 

Oraingoan, Foru Lege proiektuak 196.580.332 eurotan zehazten du toki ogasunek 2013 ekitaldi ekonomikorako Nafarroako tributuetan parte hartzeko duten funtsaren zenbateko globala, 2014rako KPIaren arabera eguneratuko dena.
 

Aipatu funtsetik 167.939.611 euro transferentzia arruntetara bideratuko dira, eta gainerakoa, bestelako laguntzak deritzon atalaren barruan, honakoetara bideratuko dira: Iruñeko Udalaren Hiriburutza Agiria delakoari (22.942.425 euro), Nafarroako udalen korporazioko kideei ordainketak egitera (5.315.239 euro) eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioari (383.057 euro).
 

Bi urteko iraupena ezartzea izan da aldaketa nagusiena, orain arte lau urtekoa baitzen. Aldaketa hori, lehenik eta behin, krisi ekonomikoari zor zaio, “funts horren araudiaren iraupena murriztea aholkatzen” baitu, egungo egoerak “onera egiteak” etorkizuneko ekitaldietan “hornidura hobetzea” ahalbidetuko duelakoan. Bigarren arrazoia epe laburrean Nafarroako mapa lokala aldatzeko arau bat gauzatzea da, betiere “egoerari egokitutako” mekanismo batzuen bidez.
 

Proiektuak berme klausula bat ere aurreikusten du, “finantza desorekarik ez sortzeko”, helburuarekin. Era horretan, toki entitate guztiek gutxienez aurreko urtean kobratutako zenbatekoa jasoko dutela bermatzen da. Esleitutako zenbatekoak urtero ordainduko dira, lau alditan eta hiruhileko natural bakoitzaren lehen hamabostaldian.
 

Gastu arruntetarako banaketa-sistema hiru mailatan egituratzen da. Lehenik, Iruñeko udalerriari esleitzen zaio kopuru bat. Bigarrenik, funtsaren gainerakoa beste udalerrien artean banatzen da; eta azkenik, kontzejuen parte-hartzea finantzatzen da, bakoitzari dagokion udalerriari esleitutako kopuruaren gainean.
 

Iruñeko hiriak duen berezitasuna biztanleen kopuruak ematen dio; izan ere, kopuru horrek eragiten du trataera berezia, finantzaketari dagokionez, beste toki entitateen aldean.
 

Bestalde, Nafarroako gainerako udaletarako banaketa sistema dituzten gastu beharren eta gaitasun fiskalaren arabera jasotzen dira. Horrela bada, gastu behar gehiago duen edota baliabide propioak eskuratzeko gaitasun gutxien duen udalak diru gehiago jasoko du. Gastu beharrak kalkulatzeko sei aldagai kontuan hartzen dira: udalerri bakoitzaren biztanleria, hiri azalera garbia, udalerri bakoitzean 65 urte edo gehiago dituzten biztanleak, etorkinak, azalera osoa eta populazioaren kontzentrazio indizearen alderantzizkoa.
 

Kontzejuei dagokienean, udalerri bakoitzari esleitutako zenbatekoaren % 30a eskumena duten kontzejuen biztanle kopurua eta udalerriaren biztanleria osoa alderatuta banatzen da.
 

Gobernuaren iritziz, sistema horrek “datozen bi urteetan udalek finantzaketa izatea bermatzen du”. Alabaina, Bildu eta Nabai parlamentu-taldeek osoko zuzenketa banaren bidez “batere ados ez” daudela adierazi dute, baina ez dute aurrera egin.
 

Zuzenketak aurkeztu dituzten taldeen arabera, Foru Lege proiektua “murrizketa politikaren” isla da eta toki entitateen “finantzaketa gaitasuna larriki murrizten du”, zeintzuek “itota dauden, politika sozialak eta herritarren eskubideak bermatzerakoan baliabiderik ez duten”.
 

Desoreka hori zuzentzeko, Bildu-k Nafarroako Gobernuak bildutako diru-kopuruaren % 15a toki ogasunen funtsera bideratzea proposatu du, udal entitateen artean banatze aldera. Gainera, eskumenak gehiago deszentralizatzea eskatzen du, batez ere “babes politikei eta zerbitzu sozialen politikei” dagozkienak.
 

Ildo berean, Nabai-k “finantzaketa behar objektiboetan eta ez defizita betetzean bakarrik” oinarritutako Lege bat eskatzen du; Nabai-ren arabera, “azken bi urteotan Nafarroako udalek legez zegokiena baino 16 milioi gutxiago (2011n 4 eta 2012an 12) jaso izana” horren erakusle da.

· www.parlamentodenavarra.es
· Foru Lege proiektuaren argitalpena (NPAO, 70. zk., 2012-09-07koa)