Noiz argitaratua Ostirala, 2022.eko Urriak 7

Birziklapena sustatzeko udal arteko ‘Errefus Txapelketa’ko sariak banatzeko ekitaldia egin da Parlamentuan

Unai Hualdek “erantzukizun indibidual eta instituzionala” aldarrikatu ditu jasangarritasunean hezteko eta hondakinen zirkulartasunetik abiatuta ekonomia zirkularra sortzeko

Errefus Txapelketako sariak banatu dira gaur Nafarroako Parlamentuan. Nafarroako Hondakinen Partzuergoak (14 mankomunitatek eta Baztango Udalak osatzen dute) antolatutako udal arteko lehiaketa da, “birziklapena sustatu eta herritarrek eta erakundeek hondakinak behar bezala bildu eta bereizteko konpromisoa indartzeko helburua” duena.

 

Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko lehendakariak adierazi duenez, “Nafarroa eta bere herritarrak beti izan dira birziklatzeko konpromisoaren aitzindari eta adibide, baina bilketa eraginkorragoa egiteko aurrerapenen inguruan agertutako errezeloek agerian uzten dute oraindik ere hobetzeko tartea dagoela, gizarteak berak sortzen dituen arazoen inguruko kezka benetakoa izan dadin”.

 

Horri dagokionez, eta “klima-aldaketaren inpaktua eta ingurumena babestuko duten politika jasangarriak” bultzatzeko beharra agerian utzi ondoren, lehendakariak “erantzukizun indibidual eta instituzionala” aldarrikatu ditu, eta azpimarratu du garrantzitsua dela “hondakina erabiltzea berotegi-efektua minimizatzeko eta gure planeta babesteko”.

 

Testuinguru horretan, Unai Hualdek Partzuergoaren ekimen honekin batera doan erakusketari buruz hitz egin du, “jasangarritasunean heztearen garrantziaz eta hondakinen kudeaketa txarraren ondorioez” ohartarazteko helburua duena. “Amaia Aizpunen eta Larragako Ikastetxe Publikoko ikasleek egindako akuarelek oso ondo islatzen dute hori, barazki eta fruta hondakinetatik datozen pinturekin. Hondakinen zirkulartasuna eta ekonomia zirkularra islatzeko modu egokia da”.

 

Amaitzeko, lehendakariak eskerrak eman dizkio Partzuergoari egiten duen “kontzientziazio-lanagatik”, eta edukiontzien erabilera onagatik sarituak izan diren herritar eta toki-erakundeak zoriondu ditu. “Badakigu hondakinik onena sortzen ez dena dela, baina behin sortuta, egin dezagun gure esku dagoena beste erabilera bat emateko. Eskerrik asko”.

 

Oscar Rubiok, Nafarroako Hondakinen Partzuergoko prebentzio-teknikariak, parte hartu duten entitateen “lana, ahalegina eta dedikazioa” eskertu ondoren, ekimen hau abiatzearekin lortu diren emaitzak nabarmendu ditu. Izan ere, herritarrak inplikatzeko eta hondakinen arloan ohiturak aldatzeko helburuarekin, Foru Komunitateko errefusa % 5 baino gehiago murriztea ahalbidetu du, aureko urtearekin alderatuta materia organikoaren birziklapena % 7 eta ontziena % 3 handituz.

 

Jarraian, eta parte hartu duten 183 toki-entitateen izenean, Joseba Otondo, Baztango alkatea, pozik agertu da bertako biztanleen konpromisoa goraipatzen duen saria jasotzeagatik, nahiz eta Mankomunitateak bultzatutako kudeaketa-ereduarekiko eszeptizismoa erakutsi duen, adierazi duenagatik, “13 urte daramatzagu eta emaitzak ez dira onak. Adostasun politikoa beharrezkoa da birziklatzea derrigorrezkoa izan dadin”, proposatu du Otondok, eta Baztango toki-autonomia errespetatzeko eskatu du, Parlamentuaren Osoko Bilkurak atzo Artesiagan Magnesitasen ustiatze proiektua Foru Intereseko Inbertsio deklaratzeko hartutako erabakiaren inguruan.

 

Azkenik, sariak banatu ondoren, Bernardo Cirizak, Lurralde Kohesioko kontseilariak, “larrialdi klimatikoari gizarte gisa erantzutearen eta trantsizio ekologiko sakon bati aurre egitearen" alde egin du. “Aldaketa horiek egiteko, ekoizpen- eta kontsumo-eredu lineala alde batera utzi behar da, erabiltzean eta botatzean oinarritzen dena, eta ekonomia zirkularreko eredu bat sustatu, zeinetan hondakinen kudeaketa garapenerako motor garrantzitsua izango baita”.

 

Ildo horretan, “ohitura-aldaketa sustatzeko eta gizarte-kontzientziazio gero eta handiagoa sendotzeko formula berritzaileak aztertzera” animatu du Zirizak, “birziklatze-zikloari ekiteko aukera ematen baitu. Horregatik, birziklapena sustatzeko funtsezkoak dira gaurkoak bezalako ekintzak: herrien arteko lehia osasuntsua sortu baitu eta gizarte eremu ezberdinetako ordezkariek parte hartu baitute”.

 

Amaitzeko, kontseilariak berretsi du “guztiok, hondakinak kudeatzeko katean inplikatutako administrazio eta eragileetatik hasi eta gizarte osoraino, bizimodu jasangarriagorako trantsizioari ekin behar diogula. Gure lurraren etorkizuna jokoan dago”.

 

Sarien artean, nabarmentzekoa da parte hartu duten herri guztien artean biztanle bakoitzeko errefus gutxien pilatu duten udalerriei emandakoa. Sari hau Almandoz, Aniz, Berroeta eta Zigak jaso dute, Basaburuko hondakinen bilketa ibilbidea osatzen duten Baztan bailarako lau herriguneak. Lau populazio horiek lortu dute errefus hondakina biztanleko, batez beste, 23,3 kilora murriztea. 5.000 euro jasoko dituzte herritar guztien probetxurako proiektu edo ekimen bat burutzeko.

 

Era berean, ohorezko aipamenak eman zaizkie ikasleen artean jasangarritasun balioak sustatzeko lehiaketa honetan parte hartu duten lau ikastetxeri. Berako Toki Ona, Baztango Almandozko eta Elizondoko Eskolak eta Larragako San Migel Eskola Publikoa dira.

 

Halaber, Nafarroa organikoarekin bat kanpaina instituzionalean parte hartu zuten pertsonak ere aintzat hartu dira. Hondakin organikoaren birziklatzea sustatzea izan da ekimenaren helburua eta, horretarako, kultur arloko, kirol munduko, entretenimenduko edo politika arloko 125 pertsonak hartu dute parte haien testigantzen bitartez.

 

Haien kontzientziazio-lana eskertzeko, boomerang formako eskultura bat eman zaie parte-hartzaileei, bideoa gidatzen duen elementua baita, ingurumenean uzten den aztarna naturaren eraginez itzultzen dela irudikatzeko.

 

Honako hauek izan dira sarituak: Iker Vicente aizkolaria; Miriam Cameros idazlea; Imanol Baleztena, Ituren eta Zubietako joaldunen ordezkaria; Ibai Ganuza eta Leire Zabalza, Motxila 21 taldeko kideak; Mai Garde Osasuna Klubeko kapitain ohia, eta Xabier Larraya klubeko marketin zuzendaria; Ricardo Beitia, Conchín Fenández eta Serafín Ramírez kazetariak; Estefanía Unzu “Verdeliss”; El Conquistador del Caribe saioko irabazle Nahia Valencia; José Antonio Ullate “Tutan Magoa”; Maite Ruiz de Larramendi pelotaria; Aimar Jabalera eta Julen Larretxea erremontariak; Jaime Aguirre, Euskal Jai Berri erremonte fundazioko ordezkaria; José Miguel Leatxe, Iruña Erremonteko ordezkaria; eta Nafarroako Parlamentuan ordezkaritza duten talde politiko guztietako ordezkariak.

 

Tafallako Aldamara gaiteroek eta Zubietako joaldunek ekitaldian parte hartu dute, eta bertan izan dira, besteak beste, Inma Jurío eta Yolanda Ibáñez, Parlamentuko lehen eta bigarren lehendakariordeak, Juan Luis Sánchez de Muniáin eta Maiorga Ramírez, lehen eta bigarren idazkariak, talde parlamentarioetako eledunak, Hondakinen Partzuergoa osatzen duten 15 toki-erakundeetako ordezkariak, Jesús Mª Rodríguez Toki Administrazioko eta Despopulazioko zuzendari nagusia, Fernando Mendoza Partzuergoko gerentea, eta udalerrietako alkateak.