Birziklatze zentro birtualak Parlamentura bisita eginez amaitu du “Birziklatzeko zaleak, halakoxeak gara Nafarroan” kanpainaren barnean Foru Komunitatean egindako ibilbidea
Unai Hualdek esan du honelako ekimenak “gizartea kontzientziatzeko garrantzitsuak” direla, eta Nafarroako gizartea bereziki engaiatuta dagoela ingurumenaren eta birziklapenaren alde
Nafarroako birziklatze zentro birtuala gaur Nafarroako Parlamentura iritsi da, eta han harrera egin diote Unai Hualde Parlamentuko lehendakariak eta Itziar Gómez Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak, Birziklatzeko zaleak, halakoxeak gara Nafarroan kanpainaren esparruan.
Ekitaldi horretan izan dira, halaber, Elena Llorente, Javier Lecumberri, Isabel Aranburu, Adolfo Araiz, Mikel Buil eta Marisa de Simón foru parlamentariak. Hondakinak behar bezala bereizteak gero birziklatu ahal izateko duen garrantzia nabarmendu nahi izan da bertan.
Parlamentuko atarian egindako ekitaldian, Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek adierazi du Nafarroako gizartea ingurumenaren eta birziklapenaren alde engaiatutako gizartea dela. Abiapuntuko ideia dugu hondakinik onena sortu gabeko hondakina dela, baina jabetu beharra dugu hondakin mordoa sortzen dugula eta birziklapen egoki baterako ongi egin behar dugula bereizketa”. Horregatik, azpimarratu du, “zentro birtual honen gisako ekimenak garrantzitsuak dira, herritarrak kontzientziatzen laguntzen dutelako”.
Bestalde, Itziar Gómez kontseilariak eskertu egin du herritarrak ordezkatzen dituen erakundeak herritarren konpromisoa babestu eta bistaratu izana, bere ateak irekiz joko honi, zeinaren helburua baita “birziklatze prozesuan beste pauso bat ematea, hain zuzen ere hondakinen bereizketa egokia, birziklapen egokiari, tratamenduari eta baliabideen optimizazioari begira”. Hau ere azpimarratu du: “Ongi bereiztea bezain garrantzitsua da askoz hondakin gutxiago sortzea, are gehiago klima larrialdian gauden honetan, gure bizi ohiturak aldatuz ere egin behar baitiogu aurre egoerari”.
Zentro birtualak iragan azaroaren 26an hasi zuen Foru Komunitatean zehar egindako ibilbidea, Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP), eta hainbat herri bisitatu ditu: Iruña, Tutera, Elizondo, Lesaka, Agoitz, Cintruénigo, Lizarra, Altsasu, Etxarri Aranatz, Irurtzun, Ledea eta Uharte.
Zenbait ekitaldi handitan ere izan da; besteak beste, Taldekako Gimnastika Artistiko eta Erritmikoko Espainiako Txapelketan, joan den abenduan, Navarra Arena kiroldegian. Gainera, adin guztietako 1.500 parte-hartzailek hondakinen kudeaketari buruz dakitena erakutsi ahal izan dute simulatzaile horren bitartez.
Simulatzailearen beste helburu bat izan da ReciclApp-BirziklApp aplikazioaren funtzioak osatu eta indartzea. Aplikazio hori 2015ean jarri zen martxan, eta berriki eguneratu da baliabide gehiago erantsiz, herritarrek birziklatze gaietan dituzten zalantzak argitzeko. Aipatu kanpainaren barnean, 400 pertsona gehiagok deskargatu dute aplikazioa beren ordenagailu edo mugikorretan, eta dagoeneko 3.300 herritarrek erabiltzen dute tresna hori.
Aplikazioaren bidez jakin daiteke zein edukiontzitara bota behar den hondakin mota bakoitza, non dauden garbiguneak, edukiontzi bereziak (arropa, olioa, pilak eta abar botatzekoak) eta konpostaje komunitarioko guneak, eta udalerri bakoitzeko hondakin handien bilketari buruzko informazioa.
Hondakin bilketari buruz eskura dauden azken datuak 2021eko maiatzekoak dira. Horien arabera, Nafarroan gaikako bilketa % 181 hazi da azken hamarkadan, eta Foru Komunitatea Estatuko lehena da arlo horretan. Hala, gaikako bilketa osoan, materia organikoa lehenbiziko frakzioa da, eta paper eta kartoien, ontzi arinen eta beiraren gaikako bilketari dagokionez ere Nafarroa goi-goian dago.
Hondakinen Prebentziorako eta Ekonomia Zirkularra Sustatzeko Bulegoak sustatu du birziklapenaren simulatzaileak, eta horretan lankide izan ditu Ecoembes, Ecovidrio eta Ekoizlearen Erantzukizun Zabalduaren Sistema Kolektiboak (Ambilamp, Ecotic, ERP, Ecolec, Ecoasimelec, Ecofimática eta Ecolum). Nafarroako Ingurumen Kudeaketa (NIK) sozietate publikoak jokoaren garapenerako laguntza teknikoa eman du.