Bizitza Digitala aztertzeko Ponentzia bat eratzea onetsi da
PSNk sustatutako Lege Proposamenari erantzunez, zeinak identitatearen trataera eta erabileraren inguruko eskubide eta betebeharrak zehazten dituen, ahaztua izateko eskubidea eta borondate digitalaren eskubidea barne
Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Batzordeak aho batez onetsi du gaur “bizitza digitalari buruzko informazioa biltzera” bideratuta egongo den ikerketa batzorde baten sortzea.
Legebiltzarrean ordezkaritza duten talde guztiek proposatu zuten ponentziaren sorrera, PSN talde parlamentarioak sustatutako Lege proposamena dela eta, pasa den maiatzaren 24an aintzat hartu baitzen Geroa Bai eta Podemos-Ahal Duguren abstentzioekin.
Lege proposamenaren helburua bizitza digitala arautzea da, hau da, pertsona batek interneten egindako ekintza eta jarduera guztiak, bizitzaren fase guztiak hartuz, jaiotzatik hasi eta hil eta ondorenera arte. Horretarako, identitatearen trataera eta erabileraren inguruko eskubide eta betebeharrak zehazten ditu, ahaztua izateko eskubidea eta borondate digitalaren eskubidea barne.
Ahaztua izateko eskubidea da muga jartzea pertsonei buruzko informazioaren zabalpen unibertsalari, informazioa zaharkituta dagoenean edo jada garrantzirik edo interes publikorik ez duenean, jatorrizko argitalpena zilegi izanda ere. Baldin eta Interneteko bilatzaileek eta espazioek ez badiote erantzuten pertsona batek aurkeztutako ezeztatze-eskaerari edo eduki jakin baten aurka aurkeztutako eskaerari, Bizitza Digitalaren Kontseilua izango da eskaeraren egokitasunaz ebatzi ondoren, Interneteko bilatzaile eta espazioei beste eskaera bat eginen diena. Erantzuten ez badute, Administrazioak berak eskaera hori bera eginen lioke organo judizial eskudunari.
Honekin lotuta, “Habeas Data” delakoa aitortzen da, gizabanakoak bere datuen eta bere informazio pertsonalaren gainean kontrola izateko eskubidea, bere bizitza pribatuko injerentzia oro baztertuko dela bermatzekoa.
Borondate digitalari dagokionez, betearazteaz arduratuko den pertsona testamentuan edo borondate digitalen erregistro elektronikoan aipatu beharko da. Borondate digitalen erregistro elektronikoa sortuko da, Justiziaren arloko departamentu eskudunaren pean egonen da, eta Gardentasunaren Kontseiluak gainbegiratuko du. Erregistro bikoitza eta eduki desberdina izanez gero, testamentuan agertzen dena nagusituko da.
Haurren eta gazteen bizitza digitalaren erabilerari dagokionez, lehentasun gisa ezartzen da euskarri digitalean egiten den edozein jazarpen (ciberbulling) ekiditeko borroka, eta horretarako, beste ideia batzuen artean, zehazten da 14 urtetik beherako pertsonak ezin direla sareen erabiltzaile izan, soilik berehalako mezularitza sistemetan eta beti ere sare internoak badira eta guraso edo tutoren zaintzapean.
Lege proposamenak arraila digitalaren aurka egiten du, eta enpresak behartzen ditu langileekin adostutako deskonexio digital baten ekintza politika bat idaz dezaten, lan eremuan komunikazio teknologien erabilera arautzeko, oporretarako eta aisialdirako denbora errespeta dadin bermatzeko.
Adineko pertsonak bizitza digitalera hurbiltzeko, Nafarroako Gobernuak interneten espazio bat sustatu beharko du adin horretako pertsonei zuzenduta, informazio guztia moldatuta eta irisgarria izanik.
Testuinguru honetan, desgaitasuna dutenengana ere zabaldu ahal izateko, uztailaren 11ko 4/1988 Foru Legearen, oztopo fisiko eta zentzumenezkoen ingurukoen moldaketa teknologikoa egiteko deia luzatzen da.
Legea, euskarri digitalen erabilera biztanleria guztiari zabaldu eta normalizatzeko helburua duena, NAOn argitaratu eta urtebetera sartuko litzateke indarrean.
Ponentziak aditu eta eragile sozial desberdinen ekarpenak jasoko ditu, eta bere funtzioak garatuko ditu eskatutako lana amaitu arte, jasotako informazioa txosten batean islatuz Ponentziaren sorreratik 6 hilabeteko epean (luzatzeko aukerarekin).
Bizitza Digitala ikertzeko Ponentziako partaide izango dira Sergio Sayas (UPN), Patxi Leuza (Geroa Bai), Arantxa Izurdiaga (EH Bildu) Rubén Velasco (Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai), Guzmán Garmendia (PSN), Javier García (PPN) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra).
Ordezkoak Begoña Ganuza (UPN), Jokin Castiella (Geroa Bai), Adolfo Araiz (EH Bildu), Carlos Couso (Podemos-Ahal Dugu), Inma Jurío (PSN), Ana Beltrán (PPN) eta José Miguel Nuin (Izquierda-Ezkerra) izango dira.
Unai Hualde (Geroa Bai) izan da batzordeko lehendakaria, eta bertaratu dira Carlos García Adanero, Óscar Arizcuren, Begoña Ganuza (UPN), Jokin Castiella, Patxi Leuza (Geroa Bai), Adolfo Araiz, Arantza Izurdiaga (EH Bildu), Ainhoa Unzu, Guzmán Garmendia (PSN) eta José Miguel Nuin (Izquierda-Ezkerra).
-
Foru Lege Proiektua (48. NPAO, 2018-04-20)