'Bubisher. Saharar errefuxiatuen Tindufeko kanpalekuetako liburutegiak' erakusketa inauguratu du Nafarroako Parlamentuak
Martxoaren 4ra arte ikusgai egonen den bildumak Saharako herriaren errealitatea islatzen du kultura eta gaztelaniaren irakaskuntza sustatzeko proiektu baten bidez
Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko lehendakariak Bubisher. Saharar errefuxiatuen Tindufeko kanpalekuetako liburutegiak erakusketa inauguratu du gaur eguerdian. Saharako herriaren errealitate ikustarazteko helburua du erakusketak, etsai-giroaren erdian irakurketa eta ikasteko nahia sustatzeko lankidetza-proiektu baten xehetasunen bitartez.
Irekiera hitzaldian, Unai Hualdek Nafarroako Parlamentuaren esker ona adierazi du gaztelaniaren irakaskuntza indartu eta ikasteko gogoa elikatu nahi duen proiektu baten hedapenean parte hartzeko aukeragatik. “Gure erkidegoko guraso elkarte eta ikastetxe askok 2008tik hona sustatu duten liburutegi eta bibliobusen sare bati esker da posible hau guztia. Auzolan handia izan da”.
Gauzak horrela, eta “liburuek ematen duten askatasunak egunen batean saharar herriaren egoeran isla izan dezan zain (ez dirudi hori erraza denik Marokoren gerra-jarrera ikusita eta nazioarteko komunitatearen abandonoa ikusita), lehendakariak Nafarroako Parlamentuaren inplikazioa azpimarratu du, urteak baitaramatza RASDa aitortzen eta hari laguntzen, hainbat bidetatik.
“Gauza jakina da Nafarroako Parlamentuak gai honekiko duen jarrera. Taldeartekoaren ekintza, non ordezkaritza duten alderdi guztiek parte hartzen duten, eta Ganberak adierazpen instituzionalen bidez egiten dituen adierazpen politikoak oso argiak dira. Horri hitzaldiak, erakusketak eta kultur arloko gainerako jarduerak gehitu behar zaizkio. Guztia Tindufeko kanpamentuetan bizi den egoera ikusarazteko eta laguntzeko”.
Unai Hualdek, amaitzeko, lanean diharduten elkarteen zeregina goraipatu du, eta basamortuko txoriak, bubisher-ak, ustez ematen duen “zorte onak” saharar herrian “oiartzuna izan dezan” desiatu du. “Erakusketa honek proiektu honi hazten lagun diezaion espero dugu. Eskerrik asko”.
Jarraian, Bakea eta Askatasuna Saharan Parlamentuko Taldeartekoaren presidente Carlos Menak, Kabiak elkarteak errefuxiatuak dauden inguruetan liburutegiak eta bibliobusak sustatzeko egindako lana azpimarratu du. Izan ere, “leku deserosoak dira, eta liburuek leiho handiak, babesleku sendoak eta bakardadearen eta irrealitatearen aurkako alternatiba errealak dira”.
Testuinguru horretan eta Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren (SEAD) aldarrikapenaren 46. urteurrenarekin bat eginez, Menak “kultura eta ezagutza unibertsalerako sarbidea” bermatzearen garrantzia azpimarratu du. “Desadostasun, sufrimendu, amnesia politiko, indarkeria eta ulertu ezineko hamarkaden ondoren, basamortuan ereiten denak, fruituak emango dituela uste duzue oraindik ere, kasu honetan liburuetan sortzen diren askatasunaren haziak. Bubisherrak zuen izaera laburbiltzen du: liburu bat, eskubide bat”.
Bestalde, Saharako Kabiak-Nidos del Sahara Elkarteko lehendakari Maite Ramosek Tindufen bizi diren sahararrak “bidegabeki baldintzatzen dituen egoera politiko, ekonomiko eta geografiko batean hazteko aukera ematen dien programaz hitz egin du. Nafarroako gizarte osoa gonbidatzen dugu, batez ere ikasleak, Mendebaldeko Sahara errefuxiatuen kanpalekuetako liburutegien eta bibliobusen bidez ezagutzera. Bubisher-a irakurketaren bitartez egiten den askatasun hegaldia da”.
Azkenik, Eustaquio Lanillosek, Sahararen aldeko Idazleen Elkarteko idazkariak, gogorarazi du 2008tik bost bibliobus eta lau liburutegi publiko finkatu direla. “Erakusketa honen bidez, Estatu osoan zabaldu nahi dugu proiektua eta, horrekin batera, Saharako auziaren egoera. Hemendik eskerrak eman nahi dizkiogu Nafarroako Parlamentuari, bere sentsibilitateagatik, baita Kabiak elkarteari ere, proiektu hau hazteagatik eta finkatzeagatik”.
Bubisher. Saharar errefuxiatuen Tindufeko kanpalekuetako liburutegiak erakusketa 13 argazki-panelek, haima batek eta saharar kulturako tresnek osatzen dute. Martxoaren 4ra arte egongo da zabalik, 10:00etatik 20:00etara, astelehenetik ostiralera, ostegunetan izan ezik.
Ohikoa denez, erakusketa berri hau Kultur Atrio programaren barruan kokatzen da. Programa horren bidez, 2016ko otsailaz geroztik, Legebiltzarrak ateak ireki eta adierazpen artistiko eta dibulgatibo anitzei babesa eman die.
Erakusketaren irekiera Ganberaren egoitzako atalondoan egin da eta, besteak beste, bertan izan dira Carlos Mena, Isabel Olave, Javier García, Isabel Aranburu, Patricia Perales, Ainhoa Aznárez eta Marisa de Simón, Bakea eta Askatasuna Saharan taldearteko parlamentarioko kideak. Lehibib Abderrahaman Didi, Nafarroan Saharako delegatua ere bertan izan da.