Noiz argitaratua Osteguna, 2019.eko Martxoak 14

C.A. Osasunaren aldeko abal bat ematea baimentzen duen Foru Legea onetsi da

Sadar futbol-zelaiaren erreforma eta handitze lanen finantzaketa bermatuko du, gehienez 23 milioikoa izanen da, eta gehienez 15 urteko epean itzuli beharrekoa

Parlamentuak, gaur egindako osoko bilkuran, UPN, Geroa Bai, EH Bildu, PSN eta PPNren aldeko botoekin, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bairen abstentzioarekin eta I-Eren kontrako botoarekin, Nafarroako Foru Komunitateak Club Atlético Osasunaren aldeko abal bat ematea baimentzen duen Foru Legea onetsi du. Abala gehienez 23 milioikoa izanen da, eta gehienez 16 urte eta 6 hilabeteko epean itzuli beharko da, horren barne dela, kasua bada, gabealdia.

 

Geroa Bai eta EH Bilduk bultzatutako lege hori irakurraldi bakarrean izapidetu da, eta Sadar futbol-zelaiaren erreforma lanak finantzatzeko beharrezkoak diren kreditu- edo mailegu-operazioak bermatzea du xede, entitateak ordaintzeko duen zorra kitatzeaz gainera. Kreditu- zein mailegu-operazioak 2019ko aurrekontu-ekitaldian formalizatu beharko dira. Sortzen diren gastu eta zerga guztiak Osasunaren kontura izanen dira.

 

Arauan xedatutakoaren arabera, jasoko duen abal horretatik 7 milioi bi mailegu kitatzeko erabili beharko ditu Osasunak.

 

Lehenengoa, Arangurengo 3. poligonoko 153. lurzatiaren gainean —Nafarroako Gobernuarenak diren Taxoareko instalazioetako 11.039 erregistro-finka— eratutako hipoteka-bermedun mailegua da.

 

Bigarrena, Nafarroako Gobernuak 2003an, otsailaren 14ko 1/2003 Foru Legearekin bat etorriz, zorra birfinantzatzeko emandako abalak bermatzen dituen kredituei dagokiena. Lege horretan 18.030.363,13 euroko gehieneko zenbatekoa esleitu zen, gehienez 17 urteko epean itzuli beharrekoa.

 

Abalatutako gainerakoa, 16 milioi bitarte, Nafarroako Gobernuaren jabetzakoa den Sadar futbol-zelaian erreforma- eta handitze-lanak egiteko inbertsioetan erabiliko da. Inbertsio horiek 2020ko abenduaren 31 baino lehen gauzaturik egon beharko dute.

 

Baimentzen den abalak entitate hartzekodunei bermatuko dio saldo zordunaren guztizkoa ordaintzeko betebeharra beteko dela, interesak horretatik kanpo utzita. Baita Nafarroako Gobernuari ere, abala ejekutatzekotan kobratzeko eskubidea publikoa izango baita.

 

Osasunak bermatuko du bere betebehar guztiak beteko dituela Futbol Profesionalaren Ligak kudeatutako telebista bidezko emankizunengatik lortzen dituen diru-sarrerekin, abala emateari buruzko Gobernuaren erabakian zehazten den moduan. Halaber, klubak jokalarien eskualdatze-eskubideen (federaziokoak zein ekonomikoak) kontzeptuan jasotzen duen zenbatekotik % 25 abalatutako maileguen amortizazio aurreratura bideratuko du, eta Lehen Mailan dagoen denboraldi bakoitzeko, urtean hiru milioi gehiago erabiliko ditu xede horretarako. Nolanahi ere, berme horiek nahikoak ez badira, klubak bere etorkizuneko ondasunekin erantzunen dio bere betebeharren betetzeari.

 

Gainbegiratze edo zaintza gisara, Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuak kreditu-entitate mailegu-emaileei informazio xehakatua eskatu ahalko die Osasunak bere gain hartutako betebeharrak betetzeari buruz. Ildo horretan, entitate hartzekodunak behartuta egonen dira modu frogagarrian jakinaraztera kreditu-hartzaileak ordaintzen ez duenean, 30 egun naturaleko epean, kuotetako bakoitza ordaintzeko emandako epea muga-egunera iritsi eta biharamunetik kontatzen hasita. Betebehar hori ez betetzeak berekin ekarriko du Gobernua bere betebeharretatik salbuestea.

 

Osasunak, bestalde, erraztasunak emanen ditu abalatutako operazioak eta entitate abalatuaren kaudimena egiaztatze aldera Foru Ogasunak egiten dituen ikuskatze eta kontroletarako. Horretarako, Osasunak, hiruhileko aurreratutan, ordainketa-egutegi bat igorriko du, eta hura aipatutako Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuak auditatu eta konformatu beharko du.

 

Abenduaren 2ko 26/2014 Foru Legeak, Club Atlético Osasunak duen tributu-zorraren berregituratzea onesten duenak, 5. artikuluan xedatzen duenarekin bat, Gobernuaren kontrolaren gehigarri gisa, Foru Administrazioak ordezkari bat izendatuko du Kontrol Ekonomikorako Batzorderako. Batzorde horren eginkizuna finantza-egoera aztertu, ikuskatu eta ebaluatzea da.

 

Osoko Bilkuran egindako eztabaidan 5  in voce zuzenketa eztabaidatu dira, eta horietatik 3 onetsi dira, denak izaera teknikodunak, Geroa Bai eta EH Bilduk sinatutakoak eta UPN, PSN eta PPNk babestuak. Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai abstenitu da eta I-Ek aurkako botoa eman du.

 

Ez dute aurrera egin Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai taldeak aurkeztutako bi zuzenketek. Sadar zelaia noizbehinka beste federazio batzuk erabil zezaten eskatzen zen, zehazki, Nafarroako Errugby Federazioak, gutxienez urtean 10 egunez. Bestalde, Sadar zelaia Osasunari gehienez 10 urtez uztea proposatzen zen.

 

I-Ek soilik babestu ditu bi zuzenketa hauek eta UPN, Geroa Bai, EH Bildu, PSN eta PPNren aurkako botoekin baztertu egin dira.