CANi buruzko lan saioa
Entitatearen zuzendari nagusi ohi Enrique Goñik kudeaketan irregulartasunak egon izana ukatu du; parlamentu-taldeek baina ez dituzte era berdinean baloratu azalpen horiek
Parlamentu-taldeek ez dituzte era berdinean hartu Enrique Goñik, Nafarroako Kutxaren zuzendari nagusi ohiak, entitatearen kudeaketari buruz eman dituen azalpenak. Alabaina, gehienak zerbaitetan bat datoz: argitzeke dauden gaiak daude eta berehala argitzea espero dute. Parte-hartze ordenaren arabera, ekimenaren titular diren Bildu, Aralar-Nabai eta I-Etik hasita, honakoak izan dira parlamentu-taldeen bozeramaileek egindako balorazioak.
Lan saioa 22:25etan bukatu da, ia hamahiru ordu eta erdiz bilduta egon ondoren.
Maiorga Ramírez (Bildu)
Bildu-ren bozeramaileak, Maiorga Ramírezek, Enrique Goñiren “opakotasuna eta gardentasun eza” deitoratu ditu, bai Nafarroako Kutxaren kudeaketan, bai gaur Parlamentuan egin duen agerraldian, garapenaren “analisi guztiz partziala” egin baitu.
Ramirezek adierazi duenez, “informaziorik ematen ez duenak zerbait ezkutatzen duelako da”. Ondoren, Goñiri zuzendutako 130 galdera egin ditu, Nafarroako Kutxa hedatzeko politikari, zuzendaritzako kideek kobratutako kargu-sariei, erretiro- eta langileen doitze-planen kostu eta irizpideei, eta Washingtoneko bulegoari buruzkoak.
Miguel Sanzi eta Yolanda Barcinari dagokien erantzukizuna ez aipatzea, zerbitzuak kanpora ateratzea, irudi korporatiboa esleitzearen kostua eta prozesua,Kutxak egindako opariak eta haien onuradunak, hirigintza lanak, eta entitatearen arte lanen inbentarioa, horiei buruz ere informazioa eskatu du.
Halaber, bai entitate fundatzaileen batzarraren kideek, bai Miguel Sanz eta Yolanda Barcina kide zituen batzorde iraunkorraren kideek egindako bilera, kobratutako dieta eta hartutako erabakiei buruzko datuak emateko eskatu du; baita maileguak barkatzeari buruzkoak eta Caja Burgosekin, Caja Canariasekin eta, bereziki, Caja Solekin, Banca Cívica sortzeko erabakia babestu zuten datu “zehatzei” zein erabaki horren alegiazko “hutsegiteei” buruzkoak ere.
Gainera, Ramirezek baieztatu du ezen “gaur zuk egin duzun balorazioa zalantzan jartzeko arrazoiak zentzuzkoak ez, bestea” direla eta, ondoren, erantzun horiek bermatzen dituzten dokumentuak exijitu ditu.
“Nafarroa Kutxaren bikaintasunaz mintzatu zara eta esan duzu onena desagertzea izan dela”, hori, baina, ez dator bat geografikoki hurbil dauden beste kutxa batzuen egoerarekin, izan ere, BBK, Kutxa, Caja Vital eta Ibercaja, esaterako, ez dira desagertu, esan du.
Inbertsio zalantzagarriak eta UPNrekin zerikusia duten pertsonei 500 euroko billeteak aldatzea adibide gisa jarri ondoren, “zuk kutxa bat kudeatzeko enkargua jaso zenuen, baina sartu zinenetik Nafarroako Kutxaren oinarrizko printzipioak urratzen hasi zinen” adierazi du.
“Zurekin hasi ziren Nafarroako Kutxaren opakotasuna eta gardentasun eza”, azpimarratu du Bildu-ren bozeramaileak, zeinak, halaber, adierazi duen Goñik “aski ongi” dakiela Nafarroako Aurrezki Kutxaren itzalpean dauden “lotsagabeek nola jardun duten”.
Txentxo Jimenez (Aralar-NaBai)
Arlar-Nabairen bozeramaileak, Txentxo Jimenezek, deitoratu du Nafarroako Kutxaren zuzendari nagusi ohi Enrique Goñik entitatearen garapenari buruz emandako azalpena “pixka bat autista eta surrealista” izan dela, eta Goñiren zuzendaritza-lanaren “handi-manditasuna eta ikuspegi megalomanoa” nabarmendu ditu.
Hori adierazi du Jimenezek Goñiren “parte-hartze guztiz arrakeroa” entzun ondoren eman duen erantzun gisa. Horrez gain, “Parlamentuari dokumentazio guztia emateko” eskatu dio Goñiri, zeinetan “hiru orduko parte-hartzea babestu” duen eta “errealitatea ukatzen tematu” den.
“Zuk bakarrik sumatzen duzu Nafarroako Kutxa ez dela desagertu”, baieztatu du, izan ere “funtsezkoena galdu dugu, finantza-entitatea”, nahiz eta orain CANek Caixabanken dituen partaidetzen dibidenduekin alderdi soziala kudeatuko duen fundazio bat geratu den.
NaBai-ren bozeramaileak Goñi “CAN ez dakit zerekin alderatuta entitate handienetako bat izatea lortzearen alde egindako apustuari” buruz egindako baieztapenean “halako handi-manditasuna” dagoela ohartarazi ondoren, gogor kritikatu du Goñik Nafarroako Kutxan zituen “eginkizunetan halako ikuspegi megalomanoa”
Ez hori bakarrik, Goñik entitatea hedatu nahi izateak zerikusia ote duen “Nafarroako Kutxa berarentzat motz geratzearekin” ere galdetu du. “Badirudi Championsean jolastu nahi zenuela eta ez zarela gai izan hirugarren mailan gelditzeko ere, eta entitatea likidatu duzula”.
Jimenezen ustez, Nafarroako Kutxa “gizarte honen parte zen, enpresaburu eta inbertitzaile txikien konfiantza zuen”, zuzendariek baina “nahiago izan zuten abentura arriskutsu eta arduragabeak hastea, esaterako, hedatzea eta enpresa-korporazioa, bai eta jarrera ez oso etikoak, edo ustelkeriara hurbiltzen zirenak”.
Horren karietara, Goñik parte-hartzea hainbat gai aipatu gabe amaitzea deitoratu du, besteak beste, zuzendaritzako kideei oparitutako erloju garestiak, lehentasunezko bezeroei bidaian joan zitezen egindako gonbidapenak, eta Nafarroako Gobernuko kontseilari ohi Jesús Pejenauteri 500 euroko billeteak balio gutxiagoko beste batzuengatik aldatzea, gai “batere anekdotikoa”.
Horregatik, gai horiekin zerikusia duten hainbat galdera egin ditu, hartara, zehazteko Nafarroako Kutxari buruzko erabaki hartzeetan erantzukizuna, kontseilari horiek kobratutako dietak eta langile gazte eta prestatuak aldez aurretik erretiratzearen gisako jarduerek eragindako kostuak.
Gainera, Banca Cívica osatzeko kideak hautatzerakoan egon zitezkeen “aurreiritzi ideologikoen” inguruko azalpenak ematera premiatu du, jatorri euskalduneko beste kutxa batzuen kalterako izan zirenak.
José Miguel Nuin (Izquierda-Ezkerra)
I-Eren bozeramaileak, José Miguel Nuinek, Nafarroako Kutxaren zuzendari nagusi ohi Enrique Goñiren aurrean baieztatu du gaur ezen entitatea desagertzea “saihestu” zitekeela.
Nuinek azpimarratu du ezen Goñik Nafarroako Kutxarentzat zuen proiektuak “zekarren aldaketa oso sakona eta erradikala” zela eta “arrisku handiak” zituela.
Horri dagokionez, Nafarroako Gobernuko lehendakari ohiarekin, Miguel Sanzekin, “Nafarroako Kutxak izan behar” zuenari buruz izandako solasaldiak eta egindako hitzarmenak argitzeko eskatu dio Goñiri.
Nuinen aburuz, “Nafarroako Kutxak jatorrian zuen sortze-agindua mantendu izan balitz, ziurrenik gaur finantza eta araudi nahasmen hau gainditu ahal izanen zuen”.
I-Eren parlamentu kideak azpimarratu du datu “argiak” ezagutzea beharrezkoa dela, esterako, bulegoak hedatzeko planaren kostuak, aldez aurretiko erretiratzeek eragin dituzten galerak, zenbat langilek hartu duten aldez aurretiko erretiroa eta zenbateko kostua izan duen horrek.
Nuinek entitatearen kudeaketan erantzukizun politikoak daudela azpimarratu du eta higiezinen arloan hartutako arriskuak ezagutzea beharrezkoa dela aipatu du, zuzendaritzako kideen kostuari buruzko informazioa emateko eskatu du, bai eta integratze prozesua azaltzeko ere.
“Badakigu gertatzen ari den guztiaren ondorioz nafarrak asko sufritzen ari direla”, esan du Nuinek, eta azpimarratu duenez “asko dira” Nafarroako Kutxaren “falta sumatzen duten herritarrak”.
Hori dela-eta, azpimarratu du nafarrek amaiera hori saihestezina zen edo beste eredu bat jarraitu izanez gero gaur finantza-entitate hori izaten jarraituko zuten “jakiteko eskubidea” dutela.
Ildo horretan, Nuinek ikerketa batzorde bat beharrezkoa dela aldarrikatu du. Izan ere, lan saio batean “ezinezkoa” da zifrak zehaztasun osoz aztertzea. Batzorde hori sor dadin “eskatzen jarraituko dugu”.
“Erantzukizun judizialak, egotekotan, kasuan kasuko esparruetan argitu beharko dira, eta politikoak ikerketa batzorde batean”, azpimarratu du Nuinek.
Carlos García Adanero (UPN)
UPNren bozeramaileak, Carlos García Adanerok, Nafarroako Kutxaren zuzendari nagusi ohi Enrique Goñik emandako datuen “gardentasuna eta zehaztasuna” nabarmendu ditu, eta, parlamentuan egindako bileran UPNk noizbait baku entitate horri krediturik eskatu dion argitzeko eskatu dio.
Izan ere, “UPNren kutxa dela esaten denez”, bozeramaileak zuzendari ohiak alderdi horrek noizbait krediturik eskatu duenetz edo beste alderdi batek eskatu duenetz esatea beharrezkoa zela jo du.
“Komenigarria litzateke hori argitzea”, esan du García Adanerok erantzuteko zuen txandan. Gainera, zuzendari ohiak “datu objektiboak” eman dituela nabarmendu du, hala egin zedin nahi baitzuen UPNk.
Halaber, posizio politiko guztiak argi geratu direla aipatu du, eta ildo horretan, baieztatu du “oraindik ere badaude eta beti egongo dira Gobernua aldatzeko helburuarekin Nafarroako Kutxa Gobernuari eraso egiteko, UPNri eraso egiteko, erabiliko dutenak”.
UPNren bozeramaileak zeintzuk ziren kutxa bakarrik mantentzeko zeuden aukerak, eta posible ote zen CaixaBank ez zen beste biderik hartzea zehazteko eskatu dio Goñiri. Esan duenez, UPNren iritziz aukera hori “amaiera egokia” izan zen.
Horren karietara, premiatu du argitzera zer nolako aukerak zeuden arrakasta izateko eta gai horiei buruzko eta gizarte lanaren inguruko konparazio bat egitera.
Ondare-balioari dagokionez, García Adanerok esan du ondare-balioa 1.050 milioitik 250 milioira pasa izanak diru-ezarleei zertan eragin dien jakitea ona dela.
García Adaneroren parte-hartzea aurretik parte hartu duten bozeramaileena baino askoz laburragoa izan da. Alabaina, gaineratu du kutxa euskaldunenganako hurbilketarik egon zen jakitea gustatuko litzaiokeela.
Roberto Jiménez (Socialistas de Navarra)
SNren bozeramaileak, Roberto Jimenezek, CaixaBanken integratu arte Nafarroako Kutxan zer gertatu zen jakitea beharrezkoa dela azpimarratu du, bai eta gertatutakoa saihestezina zen edo ez, eta entitateak zer-nolako etorkizuna duen.
Sozialisten bozeramaileak esan du beharrezkoa dela jakitea dirua ezarri duten bezeroek erosahalemena galdu duten, prozesu horretan zenbateko ekonomikoak galdu dituzten, akziodunek galdu dituzten alegiazko zenbateko ekonomikoak, eta lehentasunezko bezeroen egoera nolakoa den.
Era berean, langileen egoeraz arduratu da, eta, ondoren, azpimarratu du Foru Komunitateak Nafarroako Kutxarekin harreman estua zuela eta “orain harreman hori galdu” dela, eta “hori onartu beharra” dagoela.
Parlamentu kide sozialistak zuzendari ohiari hainbat galdera egin dizkio; besteak beste, ea Cajasol eragiketa egokia izan zen, kutxa euskaldunekin integratzea posible izan ote zen, burtsara ateratzea konponbiderik onena izan ote zen eta erabakiak zein txostenetan babestu ziren.
Gainera, galdetu du, bai Goñiren gidaritzapean, bai aurreko kudeatzaileen gidaritzapean, “gauzak behar bezala ez egiteagatik” ikuskatzaileren batek zigorrik jarri ote zion Nafarroako Kutxari; zergatik utzi zen bertan behera estresari buruzko testa; hedapenak egiteak zer ekarri zuen; eta zergen ondoren zer-nolako garapena izan duten Nafarroako Kutxaren etekinek.
Ez hori bakarrik, beste hainbat kontu argitzeko ere eskatu dio Goñiri, esaterako, kontratu blindatuak deuseztatzeagatik indemnizaziorik egon ote den; zein izan den garestiena eta zenbatekoa. Horrez gain, kontrolerako batzordeak administrazio kontseiluaren hitzarmen guztiak zehatz-mehatz ezagutzen zituen jakitea beharrezkoa dela azpimarratu du, “inork ez jakinarena egin ez dezan”.
Halaber, zuzendari ohiak hainbat kontu argitzea beharrezkotzat jo du, esaterako, ea lehentasunezko krediturik egon den, entitate fundatzaileen batzarra zenbat aldiz bildu zen, enbargatutako higiezinak nola besterendu ziren, eta mesede traturik egon ote den.
Gainera, bozeramaileak sozialistak galdetu du ea “Espainiako Gobernuak edo Espainiako Bankuak politikoki presionatu zuten integratze prozesuak edo fusioak burutzeko”.
Enrique Martín (PPN)
PPNren bozeramaileak, Enrique Martínek, Nafarroako Kutxaren zuzendari nagusi ohi Enrique Goñiri galdetu dio ea “zer egin” duen entitate horrekin, izan ere “zaila zen lurralde honetan zegoen kaudimen handienetakoa zuen kutxa bat suntsitzea eta lortu duzu”.
Goñik Nafarroako entitatean bere kudeaketa lana nolakoa izan zen azaldu duen lan saioan Goñiri erantzuteko zuen txandan, PPNren bozeramailea CANen egin den kudeaketa oso zorrotz kritikatu du, bai enpresaren arloan, bai politikarenean.
Honakoa kezkatzen dituen gai bat dela onartu ondoren, azpimarratu du “zalantzak pilatzen” direla eta “asko argitzeke” daudela. Halaber, nabarmendu du ez datozela bat Goñik egindako zenbait baieztapenekin, adibidez, Nafarroako Kutxa existitzen delakoarekin.
"Non dago, zer egin duzu Nafarroako Kutxarekin, zaila zen lurralde honetan zegoen kaudimen handienetakoa zuen kutxa bat suntsitzea eta lortu duzu” esan dio Martinek Goñiri, eta, Goñi “gertatutakoaren erantzule nagusienetakoa” dela gaineratu du.
Popularrak fundatzaileen batzarra eta dietak banatzea “tamalgarriak” izan direla esan du. Horrez gain, aipatu du sentitzen dutela “Nafarroak bere kutxa galdu izana, bai eta batzuetan eman den eta oraindik ere Nafarroako Kutxaren baitan sortzen ari den ikuskizun partidista ere”, eta, galdetu du CaixaBanken integratzea saihestezina ote zen,aukerarik onena ote zen.
Martínek baieztatu duenez, herritarrek “ez dute betiko kutxa nola galdu den ulertzen, ez dituzte zenbait erabaki enpresarial ulertzen, ez dituzte eskandaluzko dieta ez langileen aldez aurretiko erretiro masiboa ulertzen”.
Ildo horretan, PPNren bozeramaileak aipatu du langileen aldez aurretiko erretiro masiboa eta hedatzeko politika okerra akats nagusienetakoak izan zirela. Ondoren, gaineratu duenez, “kutxa azkar eta zimendurik gabe hazi zen, eta horrek kalte handia eragin zion entitateari”.
Halaber, Nafarroako Kutxarentzat burtsara atera izanak izan zuen “eragin lazgarria” aipatu du eta CaixaBankek hartzea negoziatzen zenean Banca Cívicak zuen balio erreala jakin nahi duela adierazi du.
Kudeaketak “Nafarroa zein Nafarroako herritarrak eta erakundeak pobretu” dituela azpimarratu ondoren, Martín de Marcosek urteetan zehar Nafarroako Kutxako zuzendari izandakoari haren kudeaketa lanari nota bat jartzeko eskatu dio.
Horrez gainera, Martínek beste hainbat gairen inguruan duen interesa adierazi du, adibidez, kargu publikoek zituzten funtzioak, Washingtoneko bulegoaren kostua, Hungarian erositako banku bat eta Nafarroako enpresak gehiago babestearen alde egiten zenean tokiko enpresetan ez inbertitzeko zergatia.
Manu Ayerdi (Atxiki gabea)
Geroa Baiko atxiki gabeko parlamentari Manu Ayerdik, zalantzan jarri ditu Nafarroako Kutxaren zuzendari nagusi ohi Enrique Goñik entitatearen hedapena zuritzeko emandako argudioak eta esan du Banca Cívica sortzea “gainerako guztia eragin zuen “erabakia” izan zela.
Hala adierazi du Ayerdik Goñik Parlamentuan Nafarroako Kutxak azkeneko hamarkadan izan duen garapena azaltzeko egin duen parte-hartzeari erantzuteko izan duen txandan, non atxiki gabeko parlamentariak esan duen ez datorrela bat entitatearen zuzendari izandakoaren argudioarekin, zeinak Nafarroako negozioen % 88 kontzentratuta egotea CANentzat “ahultasuna” izan zela esan baitu.
"Hori ez da ahultasuna, etorkizunerako errentagarritasun berme bat baizik” ziurtatu du Ayerdik. Goñik CAN hedatu beharra zegoela esan du, beste kutxa batzuk ere hedatzen ari zirelako; Ayerdik horri erantzuteko esan du ezen “batzuentzat ona izan zen hedapena beste batzuentzat lazgarria” izan daitekeela.
Halaber, Ayerdik zalantzak sortu dizkioten hainbat gai aipatu ditu, esate baterako, ondare garbia gutxitzea (2001ean aktiboaren % 9 zen eta 2009aren amaieran % 6,7ra murriztu zen), zeinak agerian uzten duen “kutxaren finantzatzaile gisa funtsak duen garrantzia murriztu” dela, hori guztia gerora baieztatu zen ondarearen beherakadari buruz hitz egiten hasi aurretik.
Gainera, Ayerdik ohartarazi du “bezeroek gordailuekin arazoak” izan zituztela, “ez baitziren mantentzeko gai izan”, arazo horiek egun horietan beraietan baieztatu ziren. Ayerdik esan duenez, horrek guztiak kezkatzen du. “Ez dut argi errealitatea hain ona zenik”, esan du lehenago Goñik Nafarroako Kutxa 2009an, Banca Cívican integratu aurretik, nolako egoeran zegoen emandako azalpenari erantzuteko.
Zalantzan jarri du, halaber, dagoeneko integratuta zegoenean horniduren galera sozioen artean banatzea eta “bermerik” ba ote zegoen eta “nolako mekanismoak zituen” galdetu du kalte hori elkarrekin ez konpontzeko, esan bezala, jatorria Banca Cívican parte hartzea izan ez bazen.
Alabaina, Ayerdik baieztapen argiak ere egin ditu. Izan ere, esan du Nafarroako Kutxaren garapenean “Banca Cívica sortzea” “erabakigarria” izan zela. “Horrek ekarri zuen gainerakoa, ziur aski burtsara ateratzea eragin zuen – eta bankuak era antolatuan berrantolatzeko funtsera ez jotzeko erabakia–. Horren ondoren, La Caixarena jada saihestezina zen”.
Goñi araudiaren nahasmenaz eta makroekonomiaren gainbeheraz mintzatu da
Nafarroako Kutxaren zuzendari nagusi ohiak, Enrique Goñik, bere kudeaketan “irregulartasun edo legekontrakotasunik egon izana” ukatu du, eta, adierazi du ezen Banca Cívicaren garaian, CANek “inork aurreikusi ez zuen” “araudiaren nahasmenari eta makroekonomiaren gainbeherari” aurre egin behar izan ziola.
Edozein moduz, Goñik Nafarroako Kutxa “kutxen bankurik onenean, Caixabanken”, dagoela esan du, bai eta “gizarte lana finkatuta” duela eta “etorkizunerako proiekturik onenean” dagoela.
Hala esan du CANen zuzendari nagusi ohi izandakoak Nafarroako Parlamentuan egindako Ekonomia Batzarrean, non berak hala eskatuta parte hartu duen, Kutxaren hainbat goi-karguekin batera, entitatean egindako kudeaketa lana azaltzeko. Saioan ez du parte hartzeko denbora aldeko mugarik izan.
Enrique Goñik goizean egin duen lehenengo parte-hartzean, ia hiru orduz luzatu denean, nafarrei adierazi dienez “kutxa ez da desagertu, oraindik existitzen da, ez zaitezte umezurtz sentitu kutxari dagokionez, bere izatasuna banku handi batean jasota dago, eta izatasunaz aritzean, gizarte lanaz ari” da. “Nafarrek jakin behar dute ziur aski biztanleko inbertsio handiena duen banku espainiarra direla”, gaineratu du.
Goñik baieztatu duenez, Nafarroako Kutxak haren jarduera bere kabuz jarraitu izan balu, “orain balio duena baino gutxiago balioko zukeen eta agian ez litzateke bideragarria izanen”, eta esan du hori “matematika” dela, “interpretaezina”.
Enrique Goñik bere parte hartzean 2010ean Banca Cívica sortzea eragin zuen prozesua azaldu du, bai eta 2011ko uztailan “sinetsirik” zegoela talde berri hori Espainiako lau finantza-entitate handien ondoren “bosgarrena” izango zela.
"Lortu genuela uste nuen, baina araudiaren nahasmena eta nahasmen makroekonomikoa hain ziren handiak, ezen ondare soziala, hau da, akziodunena, kutxa fundatzaileena, bezeroena, langileena eta lehentasunak zituztenena, mantendu behar izan genuela, proiektu irmo bat gidatzeko nahi pertsonalaren gainetik”, gaineratu du.
Enrique Goñik esan du “zorionez” Nafarroako Kutxa Caixabanken integratu zela, “onenean”. “Caixabanken egon ezean, ikusiko genuke zein den oraindik kontu-harturik dauden entitateen balio erreala” aipatu du.
Gainera, Goñik baieztatu du Nafarroako Kutxaren gizarte lana “ekonomiaren urte onenen arabera” koka daitekeela, entitatearen ondare-egoerari eta Caixabanken integratzeko hitzarmenari esker. Goñiren ustez, “Nafarroako Kutxaren eginkizuna, Gizarte Lana, mantentzen da”.
Ildo horretan, Enrique Goñik esan du “ziur aski biztanleko inbertsio sozialik handiena” dutela, eta, gaineratu duenez “akziodunok eta lehentasunak ditugunok Espainiako banku kotizatu handiek baino egoera hobea dugu”.
Bestalde, Nafarroako Kutxaren zuzendari ohiak baieztatu duenez, 2001 eta 2009 artean finantza-entitateak izan zuen hedapena “ezin da inola ere neurrigabetzat jo” eta ez zen sektorean emandakoa baino “intentsuagoa” izan.
Izan ere, esan duenez, CAN Kutxa edo Nafarroako Rural Kutxa gisako bere inguruko finantza-entitate batzuk baino “gutxiago” hedatu zen
Horrela bada, Enrique Goñik esan du Nafarroako Kutxa hedatzeko prozesuak “ ez du sektorean duen posizioa kaltetu” eta ez dago proba nahikorik entitatearentzat “faktore erabakigarri eta kaltegarria” izan zela esateko.
Arratsaldean, parlamentu-taldeei eta haiek finantza-entitatean gertatutakoari buruz egindako kritikei erantzutean, Enrique Goñik adierazi du “beste iritzi batzuk izatea ulertzen eta onartzen” duela, baina bera “egitateez, datuez” ari dela.
Goñik berriz ere esan du entitatea “existitzen” dela eta ez dela “hil”, “etorkizun handia” duela, baku fundazio gisa gara lezakeena.
Aholkulariei “kreditu bigunak” eman izana “guztiz” ezeztatu du. UPNk Nafarroako Kutxaren finantzaketarik ez zuela jaso berretsi du eta baieztatu du kutxa euskaldunek CANi ez ziotela fusionatzeko inongo proposamenik egin.
Edozein modutan, adierazi du 2011ko irailean, kutxa euskaldunak fusionatu zirenean, Banca Cívica banku kotizatu bat zela. “Une desberdin batean gaude”, esan du. Matematikak erabili ditu entitateak bere kabuz jarrai zezakeen erantzuteko eta kutxa guztiak fundazio bihurtu direla azpimarratu du. “Ez da gogo kontu bat, araudi kontu bat da”, errepikatu du.
Kutxak enpresaburuei eta zuzendaritzako kideei ordaindutako bidaien karietara, entitate askok egiten zutela azpimarratu ondoren, soilik negozioan oinarritutako inbertsiotzat jo ditu, aurreordainketa-txartelak eman izana ukatu du eta zehaztu du helikopteroz egindako bidai batek “70 euro balio” dituela.
Banca Cívicaren akzioek burtsan izandako balioaren garapenari buruz, aipatu du % 25eko galera izan arren, jarrera “alderagarria” izan duela. Gainera, burtsara ateratzeko prozesua “izugarri zaila” izan zela esan du, bai eta “zorroztasun profesionalarekin” egindako “errebalida erraldoia” izan zela ere.
Merkatuei informazioa ezkutatu izana ukatu du, bai eta nafarrei akzioak jartzeko presioak egon izana ere, “eskaria eskaintza baino handiagoa zen”.
Aldez aurretiko erretiroei dagokienez, esan du batez besteko kostua 300.000 eurokoa izan zela, baina kostua lau edo bost urtetan berreskuratzen zirela, aldez aurretiko erretiro bakoitzaren batez besteko aurreztea 12.000 eta 14.000 euroren artekoa baita.
Hedatzeko planari dagokionez, segurtatu du azterketa makroekonomiko eta mikroekonomikoen arabera egin zela, eta azterketa horiek “gure negozioa era onenean ugalkortu zezaketen geografiak” aukeratzearekin zerikusia zutela. “Ez dakit hobe edo okerrago ari ginen, ongi ari ginen, zorroztasun profesionalaz, ziur egon zaitezkete”, esan du.
Horrela, Washingtonen bulego bat alokatzeari buruzko kritikak erantzun ditu. Bulego hori ireki izana zuritzeko esan du banku lizentzia atzeratu dela eskaera hainbat aldiz aldatzeagatik, eta aipatu duenez “argi dago” infantek “ez dutela kobratu” “hilean 55.000 dolar ordaintzen zituzten instalazio batzuetan egoteagatik”.
Parte-hartzean adierazi du ez dela korporazioaren identitatea aldatu, sinbolo bat egokitu dela. Gainera, beste gai batzuei dagokienez, zehaztu du, entitateak milioi bat euroko balioa duten 600 arte lan dituela eta aktiboen artean Lizarragaren Biblia duela, Banca Cívicari okertuta eman zitzaiona, baina itzuli dutela “erosi behar izan gabe”.
Entitate fundatzaileen batzarrari dagokionez, esan du kobratzen ziren dietak Gobernuko organoek zehaztutakoak zirela, eta, baieztatu duenez haien funtzionamenduak “ez du estatutuetako araudirik urratzen”. Halaber, segurtatu du administrazio kontseiluaren ordezkari guztiak “lanera joaten zirela saioetara”.
Enrique Goñik baieztatu du administrazio kontseilu batek izendatuta iritsi zela bere kargura, “ez pertsona batek” izendatuta, esan du bere soldata “publikoa” dela eta “argitaratua” dagoela eta ez dela 3,7 milioi eurokoa. “Jaitsi nahi duzun guztia”, esan du zifrarik zehaztu gabe. Jarraian, baieztatu du ez duela “inoiz” auto blindaturik erabili eta Madrilen alokatutako pisu batean bizi zela, hotel batean logela bat hartzea baino merkeagoa baitzen.
Ez du izenik eman nahi izan indemnizazio eta kontratu blindatuei buruz aritzerakoan, alabaina, zehaztu du handiena ez zuela berak sinatu. Amaitzeko, esan duenez “ukaezina da akatsak egin ditugula, baina akatsa horiek operatiboak izan dira, ez substantzialak”.