COVID-19ak eragindako krisi sanitarioari aurre egiteko neurriak biltzen dituen Foru Legea (II)
Osoko Bilkuran onetsia. 2020ko apirilaren 3an
Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkurak gaur koronabirusaren (COVID 19) osasun-krisiak eragindako inpaktuari erantzuteko premiazko neurriak indarrean jartzen dituen martxoaren 25eko 2/2020 Foru Lege Dekretuaren edukia jaso eta zabaltzen duen Foru Legea onetsi du EH Bilduren abstentzioarekin. NAOn argitaratzen den egunean bertan sartuko da indarrean, eta indarraldiak egoera hau eragin duten baldintza bereziak desagertu artean iraunen du. . Navarra Suma, PSN, Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek aldeko botoa eman dute.
Foru Legeari, martxoaren 25eko 2/2020 Foru Lege Dekretutik eratorritako testuari 14 zuzenketa gehitu zaizkio, Navarra Sumak aurkeztutako 1, PSN, Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek aurkeztutako 3, EH Bilduk aurkeztutako 4 eta legebiltzarrean ordezkaritza duten talde guztiek sinatutako 6 in voce.
Irakurketa bakarrean izapidetuta, Foru Legea zuzenketen bidez osatu da, Hirugarren Sektoreko entitateak indartu asmoz, Gizarteratzearen eta desgaitasunaren alorreko elkarte-mugimendua barne, eta toki entitateek zergen kudeaketan duten espezifikotasuna agerian uzteko.
Hirugarren Sektoreari dagokionez, EH Bilduk aldeztu egin du Navarra Sumaren zuzenketa bat, zeinaren bitartez zenbait neurri hartzen baitira, bideratuak alor horretan diharduten entitateen iraunkortasunari eta sasoitsutasunari laguntzera. Horretarako, hitzarmen eta dirulaguntzak entitate guztientzat malgutzea aurreikusten da, eta ez bakarrik Eskubide Sozialetako eta Migrazio Politiketako departamentuen dirulaguntzak jasotzen dituztenentzat.
Alde horretatik, zehazten da ezen osasun-krisialdian zenbait zerbitzu emateari utzi izanak ez duela eragotziko bermeak jartzea dirulaguntza-deialdiek eta dirulaguntza-emateek modua eskain dezaten entitate horiek 2020ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan aurreikusita dagoen finantzaketa-mailari eusteko.
Gizarteratzearen eta desgaitasunaren alorreko elkarte-mugimenduko erakunde sozialei dagokienez, xedatzen da abalen eta jadanik araututa dauden antzeko beste berme batzuen onuradun izan daitezkeela, baldin eta kredituak behar badituzte, edo Covid-19aren krisiaren ondorioz banku-entitateekin kontratatuta dauzkatenen zabalpena behar badute. EH Bilduren zuzenketa onetsi egin da, eta Navarra Sumak kontrako botoa eman dio.
Berriro ere toki entitateei dagokienez, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea aipatzen da, zergen kudeaketan aplikatzekoa zaien espezifikotasuna agerian uzteko. Era berean, neurri fiskalak hedatu eginen dira toki entitateek kudeatzen dituzten gainerako zergetara (lehen aurreikusi gabekoak), hala nola ordainagiri bidez kudeatuetara.
Geroratzeak izapidetzeko, aukera gisa gehitzen da geroratze horiek ordainagiri bidez kudeatzen diren zergei aplikatu ahal izatea, toki entitateen egutegi fiskalari egokituagoak diren epe batzuk ezarriz. Gainera, tasa eta prezio publikoak itzul daitezen agintzen da, zati bat itzultzeko aukera sartuz eta itzultzeko prozeduraren kudeaketa erraztuz. Hori xedatzen duen zuzenketa, PSNk, Geroa Baik, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek aurkeztua, aho batez onetsi da.
Beste ildo batean, onetsi egin da genero indarkeriaren biktimentzako harrera-baliabide berriak paratzeko aukera, ulertzen delako premia horri –egonez gero– erantzuteari ezin zaiola diru- edo antolaketa-alorreko eragozpenik jarri, konfinamenduak larriagotu egiten duela kontuan hartuta. EH Bilduren zuzenketa onetsi egin da, eta Navarra Sumak kontrako botoa eman dio.
Foru lege honek jasotzen dituen neurrietako asko salbuespenekoak direnez gero, Gobernuak hamabost egunean behin dokumentuzko informazio egituratua bidali beharko dio Nafarroako Parlamentuari, emandako ahalmen eta baimenen jardunean harturiko neurri ezberdinen exekuzioari buruzkoa, barne harturik haien eraginkortasunari buruzko balioespena, birusari aurre egin eta haren inpaktua osasungintzan, ekonomian eta gizartean samurtzeari dagokionez. Hala xedatzen duen EH Bilduren zuzenketa aho batez onetsi da.
Bilkura komunikabiderik gabe egin da, streaming bidez eskaini da eta 10 parlamentari bildu dira, Unai Hualde lehendakaria, Inma Jurío lehen lehendakariordea, Juan Luis Sánchez de Muniáin eta Maiorga Ramírez idazkariak eta sei talde parlamentarioetako eledunak. Gainerakoek botoa eskuordetu dute, borondatezkoa izan arren, interes publikoko osasun-arrazoiengatik gomendatzen da, ezinezkoa baita osoko bilkurak aurrez aurre edo telematikoki egitea 50 forudunekin. Gobernuko Lehendakaria, María Chivite, Javier Remírez eta Jose Mari Aierdi lehendakariordeekin izan da.