Noiz argitaratua Osteguna, 2025.eko Martxoak 27

Datorren asteartean, apirilak 1, izanen da Oihana Gallo (EH Bildu) foru parlamentari karguaz jabetzeko ekitaldia, 16:30ean

Nafarroako Parlamentuko Mahaiak bilkura bat eginen du astearte honetan, hilak 1, 16:30ean (Erakunde Aretoa, streaming), Oihana Gallo San Román andrea (EH Bildu) foru parlamentari karguaz jabetzeko ekitaldia egiteko.


Eguerdi honetan, Osoko Bilkura amaitutakoan, Mahaiak bilkura bat egin du, bere burua jakituntzat agertzeko Arantxa Izurdiaga andreak bere parlamentari-aktari uko egin izanari buruz –uko hori gaur aurkeztu da– eta horren araberako urratsak egiteko, halatan bete daitezen beharrezkoak diren erregelamenduzko baldintzak, Gallo andreak foru parlamentari izaera osoa eskuratzekoak.

 

EH Bildu talde parlamentarioaren koordinatzaile politiko bezala Nafarroako Parlamentuan segituko duen Arantxa Izurdiagak utzitako hutsunea zerrendako hamabigarren postua duenari dagokio; hots, Oihana Gallori, zeina Berdintasuneko teknikari gisa baitihardu Sakanako Mankomunitatean. Hark eskuratuko du parlamentari-akta. Hura talde parlamentarioari atxikitzea hilaren 2rako dago aurreikusita.

 

EH Bilduk iragarri duenez, Mikel Zabaletak Mahaian duen postuaren ukoa aurkeztuko du aurki (astelehenean). Bigarren Idazkari postua da hori, eta Adolfo Araizen hautagaitza aurkeztuko du postu horretarako. Zabaletak taldearen eledunkidetza hartuko du.

 

Postu huts hori Osoko Bilkurak eginiko hautaketa bidez beteko da, eta hautaketa hori Lehendakaritzari egiten zaion jakinarazpenaren ondorengo 15 eguneko epean eginen da (44.2 artikulua), paper bidezko bozketa sekretuz. Hautaturik gertatuko da bozkatuena izan eta Lehen Idazkaria den pertsonarenaz beste sexukoa den pertsona (Lehen Idazkaria Yolanda Ibáñez da). Berdinketarik gertatuz gero, hautagairik gazteenaren alde ebatziko da.