Noiz argitaratua Asteazkena, 2019.eko Azaroak 13

Diabetesaren tratamendurako nutrizioari buruzko hitzaldia izan da Parlamentuan

ANADIk Diabetesaren Mundu Eguna dela eta antolatutako zikloko bigarren jardunaldian

Heldu den ostegunean, hilak 14, Diabetesaren Mundu Eguna ospatuko dela eta, Nafarroako Parlamentuan gaur arratsaldean diabetesaren tratamendurako dieta ereduei buruzko solasaldia egin da, ANADIk antolatua.

 

Endokrinologia eta nutrizioko espezialista den Ana Zugasti NOZeko doktoreak azpimarratu du nutrizioa garrantzitsua dela diabetikoek bizimodu osasungarria izateko, eta, era berean, bizimodu osasungarria garrantzitsua dela gaixotasunari aurrea hartzeko.

 

“Diabetes motaren arabera nutrizioaren bitartez lortu beharreko helburuak eta urratsak ezberdinak” direla zehaztu du Zugastik. Elikadura kontrolatzeko aholku batzuk eman ditu; esate baterako, produktuen etiketak ulertzearen garrantziaz aritu da. Ondoren, doktoreak elikagaien azukre mailak, karbohidratoenak eta abarrekoak kontrolatzeko erabil daitezkeen tresna ugarien berri eman du.

 

Teknologia berriek eragin handia dute gaixotasunaren tratamenduan eta kontrolean. Ana Zugastik zenbait aplikazio aipatu ditu, diabetikoentzat lagungarri izan daitezkeenak elikagaiak kontrolatzeko eta ezagutzeko garaian. Bakoitzak zertarako balio duen eta paziente bakoitzari zertan lagundu ahal dion azaldu du.

 

Josetxo Remón ANADIko lehendakariak aurkeztu du gaurko saioa, eta Parlamentu Irekia ekimenaren barnean antolatu da. Programa horren xedea interes sozialeko herri ekimenak eztabaidatzeko bidea ematea da.

 

Heldu den ostegunean, azaroak 14, Diabetesaren Mundu Eguna ospatuko dela eta, ANADIk Nafarroako Parlamentuarekin elkarlanean hitzaldi zikloa antolatu du, eta gaurkoa horren barrukoa izan da. Iragan astelehenean, hilak 11, mahai-ingurua egin zen: Erizainek diabetesaren kontrolean duten garrantzia.

 

Nafarroako Diabetes Elkartea (ANADI) 1983an sortu zen, eta gaixotasuna duten pertsonen bizi kalitatea hobetzea du helburu, bai laguntza mediko egokiaren bidez, bai diabetesari buruzko heziketa zuzenaren bidez. Hori guztia haien gizarteratze osoa lortzea xede duen prozesu baten barnean kokatzen da.

 

Nafarroan 36.000 pertsonak dute diagnostikatua diabetesa. Gehienek 2 motako diabetesa dute, bizimodu osasungarria ez izateari lotua eta, horrenbestez, kasuen % 70etan ekidin daitekeena. Gainerakoek 1 motako diabetesa dute, intsulinaz tratatu beharrekoa. Gaixotasuna diagnostikatu gabe dutenak beste 14.000 izan daitezkeela uste da.