Noiz argitaratua Osteguna, 2013.eko Urriak 10

Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legea aldatzeari buruzko bi proposamenak aintzat hartzea onetsi dute

Ppren proposamenak administrazio-izapidetzeko atzerapen nabarmenak saihestu nahi ditu eta I-Erenak gizarte entitateen elkartasun lana erraztu nahi du

Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkurak, UPNk, SNk, PPNk, I-Ek eta atxiki gabekoek haren alde emandako botoekin, eta Bildu-k eta Aralar-Nabaik haren aurka emandako botoekin, dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legea aldatzen duen Foru Lege proposamena aintzat hartzea onetsi du gaur.


PPNk aurkeztu duen Foru Lege proposamenaren xedea da “gobernuaren dirulaguntza-politikak berrikustea eta eguneratzea, horretarako halako printzipio batzuk aplikatuz, alegia, aldez aurreko planifikazioa, egutegia ezartzea, jarraipena, geroko ebaluazioa eta parlamentuak eginiko kontrola”. Era horretan, gaur egun adiministrazio-izapidetzean ematen diren atzerapen “nabarmenak” saihesteko.


Planifikazioa eta jarraipena deritzon atalean, otsailaren 28a baino lehen dirulaguntzen arloko egutegi bat ezartzea aurreikusten da. Bertan deialdiez gain, urte anitzekoak barne, hainbat alderdi jasoko dira; besteak beste, departamentu edo erakunde eskuduna, deialdiaren xedea, aurrekontua, finantzaketa-iturria eta esleitzeko prozedura.


Dirulaguntzen deialdiak ekitaldi bakoitzeko martxoaren 31 baino lehen egin beharko dira, salbu eta “behar bezala justifikaturiko” kasuetan.


Urteko plangintzaz gain, foru administrazioak hiru urtean behingo dirulaguntzen plan estrategiko orokor bat ezarriko du eta departamentuen eta jarduketa lerroen arabera xehakatuta. Plan horrek, onetsia izan aurretik arlo ekonomikoan eskumena duen departamentuaren baimena lortu beharko du.


Ebaluazioari dagokionez, urte bakoitzeko lehen lauhilabetekoan, departamentu eta erakunde autonomo bakoitzak aurreko ekitaldiko dirulaguntza-deialdien ebaluazio-txosten bat prestatuko du. Aipatu txostenean deialdi bakoitzean banaka proposatutako helburuak bete ote diren aztertuko da eta, era horretan, bai eta dirulaguntzen plan estrategikoarekiko egokitzapena eta gizarte-eragina aztertu ere. Horrela, deialdiek jarraitu behar duten ala bertan behera utzi behar diren, plan estrategikoari egokitzen zaizkion ala ez eta zenbateko gizarte-eragina izan duten erabakiko da.


Behin onetsia izan ondoren, txostena Nafarroako Parlamentuko Ekonomia eta Ogasun Batzordeari igorriko zaio, administrazio osoaren agiri bakar gisa.

www.parlamentodenavarra.es
• Foru Lege proposamenaren argitalpena (NPAO, 67. zk., 2013-06-17koa)

Izquierda-Ezkerrak egin duen proposamena ere aurrera

Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkurak SNk, Bildu-k, Aralar-Nabaik, I-Ek eta atxiki gabekoek haren alde emandako botoekin, PPNren abstentzioarekin eta UPNk haren aurka emandako botoarekin, dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legea aldatzeari buruzko Foru Lege proposamena aintzat hartzea onetsi du gaur.


Izquierda-Ezkerrak aurkeztu duen Foru Lege proposamenaren xedea da administrazioak gizarte entitateei ematen dizkien dirulaguntzen “izapidetzea, epeak eta ordainketak azkartzea eta erraztea”, beti ere, organismo guztiek egin behar duten moduan, kontuak ematen jarraituz.


Asmoa finantzaziorako formula “desegokiak” aplikatzeak sortu duen “egonkortasun eta ziurtasun falta” ekonomikoa saihestea da, izan ere, formula horiek nagusiki “administrazioko prozedurak kontrolatzen” zituzten, “sektore estrategiko baten beharretara egokitutako tresnak” eman ordez. Horrela bada, hainbat neurri proposatzen dira krisi testuinguru honetan berezi beharrezkoak diren gizarte ekintzaren hirugarren sektoreak hartzen dituen entitateen lan “solidarioa” erraztera bideratuta daudenak.


Esparru horretan eta martxoa izan arren “deitu edo ebatzi gabeko” dirulaguntzekin dagoen “atzerapenaren” aurrean, urtero emateko prozedurak urtarrilean hastea eta ebazpena gehienez ere hiru hileko epean ematea aurreikusten da.


Gainera, oinarri arautzaileetan ezarritako ebazpen eta ordainketa epeak ez betetzekotan, bankuko bermeen interes legala edo kostua administrazioaren kargura ematea baimentzen da.
Eta, edozein egoera dela-eta, esleitu gabeko soberakin bat badago, aurrekontu-ekitaldi berean “premiazko” deialdi berri bat egingo da.


Dirulaguntzen kudeaketari dagokionean, xedatzen da ezen baliabide propio, pribatu edo beste laguntzetatik eratorritakoekin egindako jarduera “kofinantziatuak” egotekotan, zenbatekoa, iturria eta funts horiek diruz lagundutako jardueretan duten aplikazioa egiaztatu beharko dela.


Halaber, gizarte ekintzako proiektuak eta programak finantzatzea xede duten dirulaguntzak aurreratzea ahalbidetzen da, izaera orokorrarekin, baliabide nahikorik ez duten irabazi asmorik gabeko entitateentzat.

 

Dirulaguntza 60.000 eurokoa edo txikiagoa bada, ordainketa bakarrean ordainduko da. Zenbateko hori gainditzen badu, gutxienez bi zatitan ordainduko da; horietako lehena, diru-laguntza ematea ebaztearekin batera eta ez da inolaz ere 30.000 euro baino gutxiagokoa izango.


Gainerako onuradunentzat, aurrerakinak 60.000 euro baino gehiagokoak badira, bermeak ezarriko dira, salbu eta onuraduna administrazio publiko bat edo sektore publikoko entitate bat denean, eta defizitaren konpentsazioak ematen zaizkienean etengabeko prestakuntzako programetan horretarako eskubidea duten enplegu zentro bereziei. Halaber, zilegi izanen da aipatutako bermea ez eskatzea sindikatuei eta enpresa-erakundeei, “Nafarroako Lan Gatazkak Konpontzeko Epaimahaia” Fundazioari eta irabazi asmorik gabeko entitateei.


Gizarte ekintzaren hirugarren sektorearen likidotasunerako eta krediturako sarbidea errazte aldera, legeak gobernua Nafarroan jarduten duten finantza-entitateekin lankidetza hitzarmenak sustatzera behartzen du.

 

Amaitzeko, Lege proposamenak diruz lagundutako ekintzak gauzatzeko epeak ezartzen ditu. Edonola ere, gizarte entitateak hala eskatzen badu, hasierako data, behin ebazpena jaso ondoren, dirulaguntza emateko ebazpena bera baino lehenagokoa izan daiteke, betiere deialdia egin den urte naturalaren barruan izanez gero. Ekintza horiek gauzatzeko epeak oinarri arautzaileetan hasieran emandako denbora halako bira bitarte luzatzen ahalko dira.

www.parlamento-navarra.es
• Foru Lege proposamenaren argitalpena (NPAO, 86. zk., 2013-08-08koa)