Noiz argitaratua Osteguna, 2019.eko Abenduak 19

Ebazpen bat baztertu da, Nafarroako Gobernua premiatzen zuena hitzarmen bat sina zezan Iruñerriko Mankomunitatearekin edo hura kudeatzen duen sozietatearekin ura Nafarroako Ubidearen bidez emateko

544.158 euroko kreditu berezi bat eskatzen zen Mankomunitateak bizilagunen eta industriaren hornidurarako erabiltzen duen urteko gehieneko bolumena mantentzeko

Parlamentuko Osoko Bilkurak mozio bat baztertu du gaur Navarra Sumaren eta PSNren aurkako botoekin, eta Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldekoekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baitzen “hitzarmen bat sina zezan Iruñerriko Mankomunitatearekin edo hura kudeatzen duen sozietatearekin –Servicios de la Comarca de Pamplona SA–, ura Nafarroako Ubidearen bidez emateko”.

 

Baztertutako ebazpenak bigarren atalean Nafarroako Gobernuari eskatzen zion “hitzarmen hori finantzatzeko 544.158 euroko kreditu berezia, 2019ko aurrekontu orokorretan sartu beharrekoa, emateko lege proiektua igor dezan Legebiltzar honetara”.

 

Zioen azalpenean, EH Bildu talde parlamentarioak sustatutako mozioak mankomunitateak 2006an Canal de Navarra SA sozietate publikoarekin sinatutako hornidura kontratuaren baldintzak egokitzeko deia egiten zuen, izan ere, uneko gehieneko emaria 1.000 litro segundokoa ezarri baitzen, eta “emari hori bere egungo eta etorkizuneko beharren gainetik dago eta tarifan eragin handia du”.

 

Gauzak honela eta Mankomunitateak urteko gehieneko bolumena (22.54 Hm3-koa urteko) mantentzeko duen interesa dela eta, bidezkotzat jotzen zuen ekimenaren sustatzaileak hornidura kontratu horren tarifak dakarren kostua diruz laguntzea, zati bat ordainduz.

 

Helburu horrekin, eta ikusita indarreko 2019ko Gastuen Aurrekontuan ez dagoela krediturik jarduketa hori finantzatzeko, Ekonomia eta Ogasuneko Kontseilariari kreditu berezi bat emateko eskatzen zitzaion, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 48. artikuluak ezartzen duenaren arabera, 544.158 euroko zenbatekoa duena.

 

Ildo horretan, aipatzen zen Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17. artikuluak aurreikusten duela zuzenean ematen ahalko direla diru-laguntzak Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Legean berariaz izendatuta daudenean, baita horiek ematea lege mailako arau baten bidez ezartzen denean ere.