Ebazpen bat onetsi da, Nafarroako Gobernua premiatuz ikuska dezan laneko arriskuen prebentzioaren arloko neurriak betetzen diren
Eraikuntzaren sektorean lan-istripu kopuruaren igoera kezkagarria dela eta, kontrolaren eta segurtasun araudiaren berrikusketa eskatzen da
Parlamentuko Osoko Bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur aho batez, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “zaintza eta ikuskapen etengabeko neurriak ezar ditzan, enpresetan laneko arriskuen prebentzioaren arloko neurriak betetzeari dagokionez; bereziki, eraikuntzaren sektorean, hor gertatzen baitira gehienbat istripuak”.
Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Espainiako Gobernuari eskatzen dio “urgentziaz berrikus dezan laneko arriskuen prebentzioaren arloko araudia, egungo errealitatera egokitu dadin; bereziki, eraikuntzaren sektorean”.
Hirugarren atalean, Nafarroako Gobernua premiatzen da “behar adina baliabide bidera ditzan eraikuntzako obretan segurtasuna nahiz lan osasuna kontrolatzeko”.
PSN eta Podemos-Ahal Duguk gehitzeko zuzenketa bat aurkeztu dute eta Izquierda-Ezkerrak onetsi duenez gero, beste lau atal gehitu dira:
Lehenengoan, Foru Gobernuari eskatzen zaio “lan-siniestralitatearen aurkako borroka indar dezan eta langileen osasun integrala babes dezan”.
Bigarrenean, Nafarroako Gobernua premiatzen da “Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua susta dezan”.
Hirugarrenean, eskatzen da “prebentzio ereduen kudeaketa eta diseinuan parte hartze sindikala susta dezan”.
Azkenik, Nafarroako Gobernuari eskatzen zaio “laneko arriskuen prebentziorako formazioa susta dezan enpresetako eta Foru Administrazioko maila guztietan”.
Zioen azalpenean, Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak sustatutako ebazpenak “eraikuntzaren sektorean lan-istripu kopuruaren igoera kezkagarria (%56) ekintza prebentiboen narriadurarekin lotzen ditu”, eta honen erantzule egiten ditu bai enpresak, “enpleguaren prekarietatea ahalbidetzeagatik”, baita kontrol-ikuskapenak ere, “urriak” izanagatik.
-
Mozioa (10. NPAO, 2019-09-06koa)