Noiz argitaratua Osteguna, 2019.eko Urriak 17

Ebazpen bat onetsi da Nafarroako Gobernua premiatzen duena N-121-A errepideko tarte gatazkatsuenetan bide-segurtasuna hobe dezan

Ohartarazten da inbertsioak egin diren arren errepideak istripu-tasa izugarria duela eta eskualdeko bizilagun eta udalen aldetik gatazka eta aldarrikapen ugari ekarri dituela

Parlamentuko Osoko Bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur aho batez, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “zenbait neurri har ditzan sare horretako bide-tarte arazotsuenetan bide-segurtasunaren maila hobetzeko, N-121-A errepidearen aldatze-trazadurarako proiektuan jasoz ehiza-hesien paratzea eta ekoduktu edo faunarentzako pasabideen eraikitzea. Halako neurriek lagundu egiten dute animaliak salbatzen, animaliek ibilgailuekin talka egitearen ondoriozko zirkulazio-istripuak ekiditeaz gain".

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Foru Exekutiboari eskatzen dio “zehatz dezan noiz hasiko diren aurreikusita dituen egokitze-lanak”.

 

Zioen azalpenean, Navarra Suma talde parlamentarioak aurkeztutako ebazpenak aipatzen du “inbertsioak egin diren arren”, N-121-A errepideak “istripu-tasa izugarria” duela oraindik ere, eta eskualdeko udal eta bizilagunen aldetik “gatazka eta aldarrikapen ugari” ekarri dituela.

 

Testuinguru horretan, eta baieztatu ondoren N-121-A errepideak “zenbait tuneletan ez dituela Europako arauak betetzen” larrialdiko irteerak falta baitituzte, Nafarroako Gobernua premiatzen da “errepide honen eta Nafarroako bide-sare osoaren segurtasunaren gaineko erantzukizuna” har dezan, nahiz eta aitortzen duen “exekutibo zentralean zuzendaritza politikorik ez egotea ez dela negoziazioei ekiteko agertokirik onena”.

 

Egiazki, exekutibo zentralean zuzendaritza politikorik ez egotea ez da negoziazioei ekiteko agertokirik onena, baina badirudi egungo Nafarroako Gobernuari ahaztu egin zaiola errepide horren erantzukizuna, Nafarroako bide-sare osoarena bezalaxe, berea dela, eta haren segurtasunaren gaineko erantzukizuna ere bai.