Noiz argitaratua Osteguna, 2020.eko Azaroak 12

Ebazpen bat onetsi da, Nafarroako Gobernua premiatzen duena zeinu-hizkuntzen erabilera berma dezan

Legebiltzarraren gehiengoak ez du Navarra Sumaren interpretazioa onartu, zeinak arriskuan ikusten duen irakaskuntza gaztelaniaz jasotzeko eskubidea

Parlamentuaren osoko bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur Navarra Sumaren, PSNren, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aldeko botoekin eta Geroa Bairen abstentzioarekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “zeinu-hizkuntzak aitor ditzan eta haien erabilera berma dezan oinarrizko eskubide gisa, irispidea bermatzen duena hezkuntzarako, zerbitzuetarako, bizitza ekonomiko eta kulturalerako, hedabideetarako eta informazio-teknologia berrietarako”.

 

Podemos-Ahal Duguk proposatu duen testuak, izan ere, gehitzeko zuzenketa bat aurkeztu du eta Navarra Sumak, ekimenaren titularrak, onetsi egin du, Gobernuari eskatzen dio, baita ere, “aitor dezan beharrezkoa dela gorren garapen pertsonal egokirako eta parte-hartze sozialerako”.

 

Mozioaren eduki originala ezetsi egin da, Espainiako Gobernua eta Diputatuen Kongresua premiatu nahi zituen “berma dezaten irakaskuntza gaztelaniaz eta kasuan kasuko lurraldeetan koofizialak diren gainerako hizkuntzetan jasotzeko eskubidea, gaztelania lurralde nazional osoan komunikazio-hizkuntzatzat har dadin, eta gainerako hizkuntza koofizialak ere halakotzat har daitezen dagozkien lurraldeetan”. I-Ek abstentzioa bozkatu du, baina gainerako taldeek aurkako botoa eman dute.

 

Zioen azalpenean, Navarra Suma talde parlamentarioak sustatutako mozioak argudiatzen zuen gaztelaniak “komunikazio-hizkuntza” estatutua izateari utziko diola Hezkuntzari buruzko Lege Organikoa aldatzeko Lege Organikoan, zeina prestatzen ari baitira Hezkuntza Ministerioa eta ponentzia bat, Diputatuen Kongresuko Hezkuntza Batzordean xede horretarako eratua.

 

Sustatzaileak salatzen duenez, PSOEk, Unidas Podemosek eta Esquerra Republicana de Catalunya-k aurkeztutako zuzenketa batek autonomia erkidegoen eskuetan uzten du beren lurraldeko hezkuntza-alorrean komunikazio-hizkuntza zein den zehaztea.

 

Nahiz eta mantentzen den oinarrizko hezkuntza amaitzean, ikasle guztiek osoki eta modu berean menderatuta izan beharko dutela gaztelania eta, kasua bada, tokian tokiko hizkuntza koofiziala, eta baita ere, bai Gaztelania eta Literatura bai Hizkuntza Koofiziala eta Literatura irakasgaiak kasuko hizkuntzetan irakatsi beharko direla, gaztelania lurralde osoan komunikazio-hizkuntzatzat hartua izatearen aipamena ezabatze horrek nafarrei, baita espainiar guztiei ere “eskubide-galera larria” ekartzen diela uste du sustatzaileak.