Noiz argitaratua Osteguna, 2019.eko Urriak 3

Ebazpen bat onetsi da, zeinaren bidez Parlamentuak berretsi egiten baitu osasungintza publiko, doako eta unibertsalerako eskubidearekiko konpromisoa pertsona guztientzat, zein ere den horien administrazio-egoera

Beharrezko aldaketak eskatzen dira 2018tik indarrean dagoen Errege Lege-dekretuak ezarritako baldintzek eragindako kaltea konpontzeko

Parlamentuko Osoko Bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur aho batez, zeinaren bidez Legebiltzarrak “berretsi egiten baitu osasungintza publiko, doako eta unibertsalerako eskubidearekiko konpromisoa pertsona guztientzat, zein ere den horien administrazio-egoera, eta eskubide hori gauzatzeko beharrezkoak diren neurriak bultzatzen jarraitzeko bere borondatea erakusten du”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Nafarroako Gobernua premiatzen du “beharrezkoak diren pausoak eman ditzan osasun-arreta unibertsalaren burokrazia arintzeko”.

 

Azkenik, Espainiako Gobernuari eskatzen zaio “eragingarri egin dezan osasun-arretarako sarbidearen ustezko unibertsaltasuna, eta Osasun Sistema Nazionalerako Irispide Unibertsalari buruzko uztailaren 27ko 7/2018 Errege Lege Dekretuak dauzkan hutsuneak zuzendu ditzan”.

 

Zioen azalpenean, EH Bildu talde parlamentarioak sustatuko ebazpenak Konstituzio Auzitegiak Nafarroan bizi diren pertsonei Nafarroako osasun-sistema publikoan doako osasun-laguntza jasotzeko eskubidea aitortzen dien otsailaren 25eko 8/2013 Foru Legea baliogabetu zuela gogorarazten du, eta PSOEren Gobernuak helburu berarekin onetsitako 7/2018 Errege Lege Dekretuaren hutsuneak azaleratzen ditu.

 

Ildo horretan, arauaren idazketa “anbiguoa” dela eta osasun-arreta jasotzeko eskubidea aitortzeko baldintzak “gehiegizkoak” direla adierazten du, esaterako, erroldatuta hiru hilabete eramatea frogatu behar izatea. Honek osasun-arreta unibertsala jasotzeko eskubidearen aitortza galarazten duela dio ebazpenak, eta hau Nafarroan ere gertatzen dela. Horregatik, zenbait gizarte elkarteek “atzerapauso gisa” ikusten dute hau, “gehiegizko burokratizazioagatik”.

 

Testuinguru horretan, sustatzaileek ohartarazi dute “arazoa larriagotu egiten dela errefuxiatuen kasuan, edo egoera prekarioan dauden pertsonen kasuan” (identifikazio-agiri baliodun bat ez daukatenen kasuan). Honek ere zuzenean eragiten die “egoiliar ez-nazionalen aurreko ahaideei,” (aseguru medikoa gutxienez ere urtebetez mantentzera behartuta baitaude).

 

Kasu horietan guztietan, osasun-zerbitzu batek pertsona bat artatzen baldin badu, osasun-zentroetako administrazio-zerbitzuek emandako faktura bat jaulkitzen da, arretaren kostua jasotzen duena. Ordaintzetik salbuesteko, “beharrezkoa da Gizarte Lanaren txostena, eta horrek are gehiago zailtzen du osasun publikorako sarbidea”.