Noiz argitaratua Osteguna, 2013.eko Otsailak 14

Ebazpen bat onetsi dute zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak ustelkeria-egintza oro arbuiatzen duen

Parlamentuak ebazpen bat aho batez onetsi du gaur, zeinaren bidez “bere mespretxua eta gaitzespena erakusten dizkie beren egoeratik probetxua atera eta beraien aurrean babesgabe dauden herritarren diru publiko zein pribatuarekin irabaziak lortze aldera ustelkeriazko jokabideak aurrera eraman dituzten edo eramaten ari diren pertsona, entitate, alderdi edo enpresa publiko nahiz pribatu guztiei, zeinek horretarako baliatu baitituzte beren kargu publikoak, botere politiko nahiz ekonomikoa, botere horretan daudenekiko hurbiltasuna, informazio pribilegiatua edo beste edozein arrazoi”.

Onetsitako ebazpenak bigarren puntu bat du non, halaber, Ganberak irizten duen “edozein ustelkeria delitu gogortasun askoz handiagoaz tratatu behar dela, eta Zigor Kodean tratamendu zorrotzagoa eduki behar duela”.

Era berean eta hirugarren atal batean, “beharrezkotzat jotzen da ustelkeria eta funtzionario-eroskeria delituen tipoa zabaltzea tipifikatutako egitateekin irabaziak lortu dituzten pertsona guztiei –hau da, onurak izan dituzten uste eta usteltzaileei–, zuzeneko erantzukizun ekonomikoak nahiz erantzukizun subsidiarioak barne”.

Gainera, Nafarroako Parlamentuak “beharrezkotzat jotzen du eta eskatzen du gardentasun handiena egon dadila Administrazioarekin harremanak dituzten erakunde publiko eta pribatu guztietan, bai ustelkeria gara daitekeen egoera edo espazioak saihesteko, bai ustelkeria garatu izanaren aztarnak egon daitezkeen egoera argitu eta ebazteko”.

Azkenik, Nafarroako Gobernua premiatzen da “bi hilabeteko epean lege proiektu bat aurkez dezan, non gure erkidegoan indarra duen legediaren barruan behar diren aldaketa guztiak jasoko diren, halako jokabideengatik zigortuak izan diren pertsona, alderdi, sindikatu, entitate edo enpresek ezin izan dezaketen laguntza publikorik jaso edo kontratu, hitzarmen edo bestelako harremanik izan Nafarroako administrazio publikoekin”.

UPNk hala eskatuta eta ekimenaren titularra den Aralar-Nabairen onespenarekin, azken puntu bat gehitu da, zeinak Espainiako Gobernua premiatzen zuen “legedian dagokion aldaketak egin ditzan alderdi politikoei dirua ematea debekatze aldera”.

Zioen azalpenean, Aralar-Nabai parlamentu-taldeak bultzatu duen ebazpenak azpimarratu du ustelkeriaren aurrean beharrezkoa dela “kontrol publikoa bermatzea eta indartzea”, hartara, “gardentasuna agenda politikoaren lehenengo lerroan kokatzeko” eta politikatik kanpo uzteko ustelduta dauden pertsona guztiak, baita enpresak, sozietate eta partaidetza publiko kutxa guztiak ere.

Proposatu duen taldeak ziurtatu du ezen ez denez “gertaera bakan bat”, Foru Komunitateko eta Estatuko sistema ekonomiko eta politikoan errotutako” izurrite bat baizik eta, beraz, premiazkoa dela “politikaren funtzioak eta izatea bera berrezartzea”, “demokrazia-sistemaren zerizana” baitago jokoan.

· www.parlamentodenavarra.es
· Mozioaren argitalpena (NPAO, 16. zk., 2013-02-11koa)