Edizio Independentearen Nazioarteko Topaketak aurkeztu dira Nafarroako Parlamentuan
Unai Hualdek Nafarroako argitaletxeen eta erakundeen arteko lankidetza azpimarratu du, eta Editargi Nafarroako Editore Independenteen Elkartearen berpizteari zor zaiola esan du
Nafarroako Parlamentuan gaur jendaurrean aurkeztu dira Edizio Independentearen Nazioarteko Topaketak. Argitaratzaile Independenteen Nazioarteko Aliantzak antolatutako jardunaldiak dira, eta azaroaren 23tik 26ra bitartean eginen dira Baluarte jauregian. Mundu zabaleko 300 argitaletxe baino gehiago bilduko dituzte.
Amaierako hitzaldian, Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek zoriondu egin du Editargi Nafarroako Editore Independenteen Elkartea, “egun batzuetarako Iruña edizio independentearen hiriburu bilakatzeagatik eta gure Komunitateko argitaletxeen alde, literaturaren eta kulturaren alde egiten duzuen lanarengatik”.
Nafarroan obrak argitaratzen hainbat urte daramatzaten argitaratzaileen kopuru handia nabarmendu du lehendakariak. “Komunitate xumea gara tamainaz, baina emankorra. Arrazoia da, hein handian —gehitu du— Nafarroak asko duela eskaintzeko, baduela hizkuntza propioa, euskara, ezin konta ahala idazlek beren lanak argitaratzeko erabiltzen dutena, eta, era berean, garrantzizko historia duen komunitatea garela eta historia horrek ere obra askori eman diela bidea”.
Liburua “bizirik dago eta hori seinale ona da edozein gizarterentzat”, baieztatu du Hualdek, eta gero Nafarroako argitaletxeen arteko elkarlana goraipatu du, bai eta erakundeekin batera egiten duten lana ere, “Editargi berpiztearen emaitza”. Lankidetza horrek “badu bere isla ekitaldi honetan, hitzaldi hauek aurkezterakoan, hain iradokitzaileak, liburuaren ikuspegitik gaur-gaurko eta interes handiko gaiei heltzen dietenak, mundu osoko herrialdetako pertsonen bizipen eta errealitateen berri jaso dezagun”.
Aldez aurretik, Aritz Otazu Nafarroako Editoreen Elkarteko lehendakariak eskerrak eman ditu topaketa hauek “nafar guztien etxean” aurkezteko aukeragatik. Topaketok “batu eginen dute, argitaletxeak lotuko dituzte eta mundu osoko kulturak lotuko dituzte”, erantsi du.
COVID-19aren pandemia dela eta jardunaldiak antolatzeko gainditu behar izan dituzten zailtasunak gogoratu ondoren, Otazuk azpimarratu du kulturgintzaren mundua “borrokatzera, ahaleginak egin eta ateetan jotzera” ohituta dagoela, eta horrelaxe lortu dutela, “18 hilabetez etenik gabe lanean aritu ondoren”, aste honetan Iruñean elkartzea, aurrez aurre edo telematikoki, 63 herrialdetako 241 kultura erakunde, 300 argitaletxe baino gehiago eta hainbat argitaratzaile.
Erakundeen arreta eta babesa eskertu ondoren, Otazuk gogora ekarri du, azkenik, aste honetan “Iruña edizioaren munduko hiriburua” izanen dela. “Izan ere, abegi egiten duen herria gara, plurala eta milaka urteko kultura duena”.
Jarraian, Alliance International des Éditeurs Indépendants erakundeko lehendakari Laurence Hughes eskertuta agertu da “Iruñean jasotako harrera abegikor eta beroarekin”, eta esan du topaketen helburua dela “argitaratze independentea goratzea, argitaratzeko sormena eta bibliodibertsitatea goratzea. Halaber tarte bat hartuko dugu pentsatzeko, argitaletxe independenteen jardunbideak eta egitekoa eztabaidatzeko, elkarlan gehiago proiektatu eta irudikatzeko”.
Aufrèreren esanetan, argitaratzaile independente edo “bibliodibertsitatearen artisauek”, eginkizun sozial bat izateaz gain, erantzukizunak ere badituzte. Horregatik, jardunaldietan landuko diren gaien inguruan, “funtsezkoa da, esate baterako, liburuaren ekologia, emakumeen ordezkaritza edo hizkuntza gutxituen argitalpena bezalako gaiak eztabaidatu eta hausnartzea”.
Argitaratzaile Independenteen Nazioarteko Aliantzako lehendakariak, bukatzeko, Editargi elkartearen eta bere kideen “bizitasuna” eskertu du. “Topaketa hauek zuen lanaren eta bibliodibertsitatearen aldeko konpromisoaren emaitza dira”.
Ondoren, Kulturako kontseilari Rebeca Esnaolak, Nafarroako Gobernuaren izenean, Argitaratzaile Independenteen Nazioarteko Aliantzari eskerrak eman dizkio Iruña aukeratu dutelako mundu biltzarra egiteko. “Hainbeste lurralderekin bat egiteko leiho hau edukitzea elkarlanerako oso positiboa izanen da inondik ere”.
Esnaolak topaketen balioa nabarmendu du, bide emanen baitute “argitaletxe nagusi eta ahaltsuen aldean maiz ezkutuan gelditzen den sektorea ikusgai egiteko. Tokikoarekin eta hurbiltasunarekin zerikusia duten begiradak behar dira, globala eta uniformea denari aurre egiteko”.
Azkenik, nafarrek aste honetan izanen duten “aukera aparta” nabarmendu du Esnaolak. “Gure komunitatean aukera izanen dugu kulturaren funtsa den begirada kritiko eta gogoetatsu hori bizitzeko eta gozatzeko”.
Baigorri Koruak musikaz jantzi du ekitaldia Agurra interpretatuz hasieran, Itziar González dantzariarekin batera, eta ekitaldiari amaiera emateko Agur Jaunak interpretatu dute.
Parlamentuaren egoitzako atarian egindako ekitaldi horretan izan dira Parlamentuko Mahaiko kideak eta hainbat talde parlamentariotako parlamentariak.