Noiz argitaratua Asteazkena, 2026.eko Apirilak 22

EdukaCoop ikaskuntza kooperatiboko proiektuaren II. sariak banatu dituzte Parlamentuan

Hualdek ekonomia soziala Nafarroako motor ekonomikotzat jo du, eta ikastolen lana nabarmendu du, zerbitzu publikorako bokazio argia duten gizarte ekimeneko kooperatibak diren heinean

Nafarroako kooperatiba nagusien nahiz ikastetxeen ordezkariak eta zenbait agintari elkartu dira gaur Nafarroako Parlamentuan, ikaskuntza kooperatiboko EdukaCoop proiektuak deituta.

 

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren (NUP) Ekonomia Sozialari eta Kooperatibismoari buruzko Katedrak eta Nafarroako Ekonomia Sozialeko Enpresen Elkarteak (ANEL) bultzatu dute ekimena. Haren xedea da kontzientziatzea eta Foru Komunitateko gazteen artean lankidetzako eredu ekonomiko hori sustatzea, etorkizuneko aukera bideragarri eta eraldatzaile gisa.

 

Hala, xede horren ildotik, topaketak —Etorkizuneko kooperatibak sortzen diren tokia. Mundua eraldatzen duen gazteria goiburuarekin— Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta Bigarren Hezkuntzako 250 ikasle baino gehiago bildu ditu Foru Gobernuaren egoitzan.

 

Hasiera emateko solasaldian, Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek, Ekonomia Soziala “Nafarroako motor ekonomiko”tzat jo ondotik, lurralde garapen orekaturako duen garrantzia nabarmendu du. “Mundu globalizatuan bizi gara, eta multinazionalak gaur hemen daude, eta bihar auskalo. Horregatik, errotutako eredu ekonomikoak —kooperatibismoa, kasurako— funtsezkoak dira, eta erakundeen esparrutik haiek mimatzen saiatu behar gara”, gogoetatu da.

 

Ildo beretik, Parlamentuko lehendakariak “pertsonak, demokrazia ekonomikoa eta jasangarritasuna —alegia, Ekonomia Sozialaren ezaugarriak— ardatz dituzten apustuak” eskatu ditu.

 

Hala bada, ikastetxe kooperatiboen eta, batez ere, ikastolen, lana aldarrikatu du: “ekimen sozialeko kooperatibak, arras une labainetan bokazio publikoz euskara zaintzeko sortutakoak. Haiek aipatu nahi ditut, eta Parlamentu honetako taldeek kooperatibismoari agertzen diogun aho bateko babesarekin batera ekintzak eskatu”, adierazi du.

 

Jarraian, Ignacio Ugalde, Tafalla Iron Foundry S. Coop.eko Giza Baliabideetako zuzendari eta ANELeko presidentea, pozik agertu da EdukaCoop proiektuarekin egiten ari diren lana “lehen emaitzak izaten ari delakoz. Ilusioz eta itxaropenez ikusten dugu belaunaldi berriek egunez egun bat egiten dutela Nafarroan dagoeneko 150.000 pertsona baino gehiago biltzen dituen ekosistema kooperatibo baten olatu handiarekin”, nabarmendu du.

 

Ugalderen idurikoz, belaunaldi berriak batzeak “kooperatiben komunitateak lurraldeari emandako onura izugarriak” areagotuko ditu, hura osatzen duten bazkideen kooperatibak honako arlo hauetakoak baitira, besteak beste: industria, zerbitzuak, nekazaritzako elikagaien alorra, irakaskuntza, garraioa, mikrokooperatibak, kreditu kooperatibak, kontsumitzaile eta erabiltzaileenak edo gizarte ekimenekoak. “Konfiantzazko sare oso bat da, 1.600 kooperatibak baino gehiagok osatua, eta haren bolumen ekonomikoa Nafarroako BPGaren % 20 da. Halaber, beren lan isilaren bitartez gaur egun dugun ongizate-, garapen- eta hazkunde-maila ziurtatzen eta bermatzen dute”, azpimarratu du.

 

Horregatik, garapen ekonomiko eta sozialerako motor horri etorkizunean eutsiko bazaio, Nafarroako Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako (LH) eskola planetan eredu kooperatiboa ikastea sartzeko eskatu du ANELeko presidenteak, “bidezkoa delakoz, gizarte berdinzale eta askotarikoagoa eraikitzen laguntzen baitu”.

 

Ugalderen esanetan, “kooperatibismoa mugimendu unibertsala da, gainera, Nazio Batuen Erakundeak berak hala aitortua, eta nabarmentzen da garapen jasangarrian, pobrezia deuseztatzen eta gizarteratzean betetzen duen zeregin erabakigarriagatik. Nafarroako belaunaldi gazteenei ezagutza hori ukatzeko arrazoirik ez dago, beraz”, esan du.

 

Ekitaldian, II. Kooperatibismoa Bideoan Lehiaketako sariak eman dizkiete ikastetxe irabazleei: Navarro Villoslada BHI eta Mendillorri BHI, gaztelaniaz eta euskaraz, hurrenez hurren.

 

Lehenak, hain justu, Syn Cooperativa izeneko bideoa aurkeztu zuen. Bideoan hiru gazteren istorioa ageri da: gazteok erabaki dute urratsa egin eta kooperatiba bihurtzea Nafarroa hustuko taberna baten itxiera eragotzi nahian. Bideoan Sara Chacón, Yuè Crespo eta Nadia Valencia ikasleek parte hartu dute, Susana Idoate irakasleak lagunduta.  Mikel Irujo kontseilariak eman die saria, Anabel Zariquiegui Eroski Hipermerkatuen eskualdeko zuzendariarekin batera.

 

Mendillorri BHIk aurkeztutako Bigarren Bizitza izenburuko bideoan, berriz, eredu kooperatiboaren printzipio nabarmenetako batzuen balioa nabarmendu dute, hala nola kontsumo arduratsua, baliabideen optimizazioa eta pertsona hartzea garatzen den jarduera ororen erdigunetzat. Iker Garcíak, Djibril Dioufek, Irati Restitutok eta Arkaitz Idoatek osatutako lantaldeak garatu ditu ideia horiek. Koordinatzaile gisa, Paula Lasaga, Aitziber Gueracenea eta Erkuden Goñi irakasleak aritu dira. Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko presidentearen eta Maitane Bueno Laboral Kutxako lurraldeko zuzendariaren eskutik jaso dute aitortza.

 

Azkenik, EdukaCoop proiektuaren koordinatzaile Iñaki Ugaldek jardunaldiari bukaera ematean adierazi duenez, “sarietatik haratago, egindako bidea da benetan garrantzitsuena. 2025-2026 ikasturtea arrunt berezia izan da EdukaCoop proiektuarentzat, duela ez hainbeste urrun ziruditen zenbait mugarri lortu ditugulakoz”, gaineratu du.

 

Hori horrela, Ugaldek oroitarazi du proiektuak Europako Hezkuntzako lehen saria erdietsi zuela, Roxana Minzatu Europako Batzordeko presidenteordearen eskutik. “Sariak harrotasunez eta erantzukizunez betetzen gaitu, esan nahi baitu Nafarroan eraikitzen ari garena erreferente izaten ari dela Europako gainerako herrialdeentzat”.

 

Ildo beretik, gogorarazi du proiektuaren hiru urteko ibilbidean 3.500 ikasle baino gehiago igaro direla EdukaCoop-eko geletatik, Nafarroako 38 ikastetxek parte hartu dutela eta berrikuntza garrantzitsuak izan direla, guztiz berritutako escape room bat, kasurako.

 

“Pentsamendu kritikoa, konpromisoa, kontzientzia eta abar ereiten ari gara”, esan du Iñaki Ugaldek, eta, bukatzeko, zera esan die bertan zeuden ikasle guztiei: “Zuek erabakiko duzue zer gizarte mota eraiki nahi dugun. Izanen ahal da gero eta gehiago lankidetzatik, partaidetzatik eta zuen ingurunearekiko konpromisotik”.

 

Hualde izan da ekitaldian parte hartu duten ordezkaritza instituzional handiaren burua. Hala bada, Parlamentuko Mahaiko kide eta bozeramaileekin batera, parte hartu dute Mikel Irujok (Industria eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitala), Juan Luis Garcíak (Unibertsitatea, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitala), Garbiñe Basterrak (Ekintzailetzako zuzendari nagusia), Iñaki Mendiorozek (Ekonomia Sozialeko zuzendari nagusia) eta Patxi Verak (Arartekoa).

 

Kooperatibismoaren arlotik honako hauen partaidetza nabarmendu da: Marrubi Rodríguez (Txiribuelta), Oier Sanjurjo (Nafarroako Ikastolen Federazioa), José Molina (Tafalla Iron Foundry), Itsaso Olazarán (Sakana Group), Juanma Garro (Lacturale), Rafa Lara eta Sandra Cavero (NUPeko Ekonomia Sozialari eta Kooperatibismoari buruzko Katedra), Raúl Pilar (Gure Sustraiak), Eduardo Trébol (Embega), Uxua Vides (Ausolan) eta Iñigo Aguirrezabal (Nafarco).

 

Nafarroako Gizarte Ekonomiako Enpresen Elkartea (ANEL) 1982an eratu zen, eta barne hartzen ditu Foru Komunitateko Gizarte Ekonomiako enpresak, hala lan sozietateak nola kooperatibak. Gizarte Ekonomiako familia garrantzitsuenetako bat da, eredu ekonomiko demokratikoa, berdinzalea eta inklusiboa, eta, gaur egun, hari dagozkio eskualdeko BPGaren % 10,6 eta Nafarroako enpleguaren % 12,8.