Ekainaren 28an ospatutako Harrotasunaren Egunarekin bat egiteko adierazpen instituzional bat baztertu dute
Unai Hualdek ohartarazi du ez duela “inolako asmorik aniztasuna eta herritarren eskubideak, kasu honetan LGTBI+ pertsonenak, ikusarazteko Mahaiak onetsitako akordioak berrikusteko"
Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional baterako proposamena errefusatu du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak bat egiten baitu LGTBI kolektiboaren Harrotasunaren Egunaren ekainaren 28ko ospakizunarekin. Proposamena UPN, PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin talde parlamentarioek aurkeztu dute.
PPNk aldeko botoa eman du, testua proposatu dutenekin batera; Vox-ek aurkako jarrera hartu du.
Hedabideen aurrean egindako agerraldian, Nafarroako Parlamentuko lehendakariak adierazi du ez duela "inolako asmorik aniztasuna eta herritarren eskubideak, kasu honetan LGTBI+ pertsonenak, ikusarazteko Mahaiak orain arte onetsitako akordioak berrikusteko".
Unai Hualdek joan den asteazkenean, hilak 28, 2023ko urtarrilaren 23ko akordioaren babesean, Ganberaren egoitzaren aurrealdean jarritako ortzadar-olanari egin dio erreferentzia. Izan ere, 2023ko urtarrilaren 23an Ganberak akordio bat onetsi zuen osasun arloko eta arlo sozialeko ekimen desberdinen alde nazioarteko, munduko eta nazioko egunak ospatzea ahalbidetzeko, beti ere kolektiboren batek, kasu honetan Kattalingorrik, hala eskatzen badu.
Errefusatutako adierazpen instituzionalak honako hau dio:
"1. Nafarroako Parlamentuak bat egiten du Harrotasunaren Egunaren ekainaren 28ko ospakizunarekin, eta herritar guztiei dei egiten die egun hori dela-eta deitutako ekitaldietan parte hartzera, eta defenda eta erreibindika dezaten eskubide gehiagoko etorkizun baterantz aurrerapauso irmoak ematen segi daitezen.
2. Nafarroako Parlamentuak giza eskubideekiko konpromisoa agertzen du, eta adierazten du beharrezkoa dela inbertitzea sexu-bestelakotasuna eta pertsonak beren sexu-orientazioa edo genero-identitateagatik ez diskriminatzen lagunduko duten politiketan. Horretarako, arreta, informazio, sentsibilizazio, prestakuntza eta kontzientziaziorako programak eta proiektuak garatu behar dira, Nafarroa sexu-bestelakotasunaren adierazpen guztientzako gune askea izan dadin.
3. Nafarroako Parlamentuak bere konpromisoa azaltzen du bestelakotasun afektibo-sexualean eta hezkidetzan heztearekin, horiek funtsezko lanabes izaki diskriminazioa ezabatzeko, eta nahitaezkoak funts publikoz ordaindutako ikastetxe guztietan.
4. Nafarroako Parlamentuak konpromisoa hartzen du gizarte askeago eta berdinzaleago bat eraikitzeko lan egiteko, eta eskatzen du bestelakotasuna babestua izatea, eta horri zor zaion begiruneari euts dakiola. Horretarako, gure Erkidegoko erakunde guztiekin, elkarteekin eta LGTBI kolektiboarekin lan egiteko konpromisoa hartzen du".
Archivos adjuntos