Ekimen Sozialeko Nafarroako Enplegu Zentro Berezien Elkartea (Ceisna) aurkeztu da Nafarroako Parlamentuan
Desgaitasuna duten pertsonen erabateko gizarteratzea eta eskubideak gauzatzeko erakundeek duten konpromisoa eta gizarte-ehunaren inplikazioa nabarmendu ditu Unai Hualdek
Ekimen Sozialeko Nafarroako Enplegu Zentro Berezien Elkartearen (Ceisna) aurkezpena egin da Nafarroako Parlamentuan. Erakunde horrek, Unai Hualdek azpimarratu duenez, Nazio Batuen printzipioen arabera Foru Komunitatean desgaitasuna duten pertsonen erabateko gizarteratzea eta laneratzea lortzeko asmoz sortutako enplegu guztiaren % 80 biltzen du.
Inaugurazio-hitzaldian, presidenteak nabarmendu du giza eskubideen eremuan desgaitasunaren inklusioaren alde lan egiteak berekin dakarrela “autonomia, mugikortasuna eta bizimodu independentea bermatuko dituzten ekimenak garatzea”, eta horrek “gizarte-ehunaren inplikazioa eta erakundeen konpromisoa” eskatzen duela. Hori guztia “berdintasuna bermatzeko, baita enpleguaren eremuan ere; izan ere, CEISNAren sorrera aurrerapauso berri bat da lan-aukerak sortzeko, baita irabaziak berrinbertitzeko ere”.
Ildo horretan, Hualdek adierazi du desgaitasunen bat duten pertsonen eskubideak benetan bete daitezen ahalbidetzeko foru-legeria Nazioarteko Konbentzioaren aginduetara egokitzeko parlamentu-arku osoaren aho bateko borondatea dagoela, eta balioetsi egin du berriki Foru Komunitatearen egoerari buruzko eztabaidan onetsitako ebazpena, Nafarroako Gobernua premiatuz bermeen lege integral bat egin dezan arlo horretako oinarrizko printzipioak babesteko.
Lehendakariak zehaztu duenez Parlamentuak eta Cerminek eskatuta , NUPek egindako txostenean oinarrituta egingo da. “Helburua Nafarroa hobe bat eraikitzea da, eta zeregin horretan elkarlanean aritzen dira inklusioaren eta berdintasunaren alde lan egiten duten erakunde guztiak, Aspace eta Cermin kasu, duela gutxi 50. eta 20. urteurrena ospatu baitute, hurrenez hurren. Ongi etorri zuen etxera”.
Ondoren, CEISNAko lehendakari Javier Lagunasek, Nafarroan desgaitasuna duten 35.528 pertsonen(biztanleriaren % 5,37) enplegua eta enpresa-inklusioa helburu duen elkarte baten jatorria azaltzeko Kontratu Publikoei buruzko 2/2018 Foru Legearen 36. artikulura jo du.
“CEISNA osatzen dugun zortzi zentrook gure zerbitzu-zorroa eskaintzen diegu Nafarroako enpresei eta erakundeei. Gure helburu nagusia da Desgaitasunari buruzko Lege Orokorra betetzea eta Foru Komunitateko ekonomia-, gizarte- eta enpresa-esparruan desgaitasuna duten pertsonak sartzea. Gure etekinak lantokia bera etengabe hobetzeko inbertitzen ditugu, eta jasotzen ditugun diru-laguntzen % 300 gizartera itzultzen ditugu, zergen, soldaten eta aurrezkiaren bidez, gizarte-zerbitzuetan eta kotizazio gabeko pentsioetan”, adierazi du Lagunasek.
Etorkizunari begira, Javier Lagunasek “enplegu-politika aktiboak mantentzeko eta pandemia-egoerarekin lotutako aurrekontu-laguntza” eskatu du. Era berean, 50 langile baino gehiagoko enpresetan desgaitasuna duten pertsonentzat gordetako kontratazioaren % 2 bete dadin eskatu du. Era berean, ohartarazi du garrantzitsua dela Ekimen Sozialeko Nafarroako Enplegu Zentro Bereziak zaintzea, 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 42. artikulua, obren eta zerbitzuen azpikontratazioa arautzen duena, alda baitaiteke..
Jarraian, Carmen Maeztu Eskubide Sozialetako kontseilariak adierazi du Nafarroa ekonomia sozialari dagokionez Europako erreferentziazko eskualdea dela. “Azken urteotan lortutako garapenean, oso eginkizun garrantzitsua izan du publiko-pribatuaren arteko aliantzak eta Gobernuko hainbat departamenturen parte-hartze kolaboratiboak. Abian dugu Gizarte Ekonomiaren II. Plan Integrala 2021-24, eta esan dezaket gizarte-ekonomiak funtsezko zeregina izango duela pandemia osteko susperraldian. Gainera, pertsonak erdigunean jarriko ditu”.
Maeztuk “goraldian dagoen sektorearen bultzada” goraipatu du, pandemiak eragindako egoera oso txarretan “enpleguaren aldeko konpromiso solidario handia erakutsi baitu. Aldi horretan, jarduera mugatua edo gelditua izan arren, diruz lagundutako enplegua % 1,6 hazi zen. 2015etik, zentro berezietako enplegua % 20 hazi da, eta dagoeneko 2.000 pertsona baino gehiago ari dira lanean. Kontuan izan behar dugu Espainian lanerako adinean dauden desgaitasunen bat duten lau pertsonatik batek baino ez duela lan egiten, eta haien soldata ia % 17 txikiagoa dela. Nafarroa bidezkoagoa, inklusiboagoa, jasangarriagoa eta kohesionatuagoa diseinatzean funtsezko papera betetzen duzue. Eskerrik asko”.
Ekitaldiari amaiera emateko, CEISNAko ordezkariek talde-argazki bat atera dute Mahaiko eta Eledunen Batzarreko kideekin. Talde parlamentario eta foru parlamentarien elkarte guztietako parlamentariek parte hartu dute ekitaldian.
Ekimen Sozialeko Nafarroako Enplegu Zentro Berezien Elkarteak (Ceisna) Adisco, Fundación Aspace Navarra para el Empleo (FANE), Fundación Bidean Laboral, CEE Albernia (Asociación Navarra sin Fronteras), EEE Canraso AMIMET, Gureak Navarra, Ilunion eta Tasubinsa ordezkatzen ditu. Irabazi asmorik gabeko erakunde pribatu batek edo batzuek % 90etik gorako partaidetza edo sustapena duten zortzi zentro dira. Desgaitasuna duten 1.900 pertsona enplegatzen dituzte, horietatik 950 maila larrian, eta 40 milioi fakturatzen dituzte urtean. Estatutuen arabera, denek hartzen dute beren gain beren onuren berrinbertsio osoa, desgaitasuna duten pertsonentzako enplegu jasangarriko eta kalitateko aukera berriak (enplegu babestua eta ohiko merkatuan) sortzeko.