Eledunen Batzarrak genero-indarkeria gaitzesteko adierazpen politiko bat onetsi du, joan den asteartean izandako lau erailketak direla-eta
Genero-indarkeriak berriro ere astindu du gure bizikidetzaren bakea. Joan den asteartean lau emakume erail zituzten, eta erailketa horien aldiberekotasuna emakume askok jasaten dituzten indarkeria eta tratu txarren eragin larrien ohartarazpen tragiko bihurtu zaigu, tamalez.
Herritarrok eta herria ordezkatzen dugun erakundeok geurea bezala sentitzen dugu duintasunaren eta ongizate pertsonalaren aurka hain eraso doilorra pairatzen dutenen bihozmina.
Hori dela-eta, Nafarroako Parlamentuan ordezkaritza daukagun indar politikook:
1.- Guztiz atsekabeturik aldarrikatu nahi dugu Laura, Mª Victoria, Virma eta Mª Jesúsen oroitzapena, lauak genero-indarkeriaren azken biktimak, bai eta haien ahaideena ere, haiek ere gure gaitzespen bateratua izan behar duen izugarrikeria honen biktima baitira. Hitz ematen dugu guztiok elkar harturik lan eginen dugula horrelako jokabideak gure eguneroko bizikidetzatik kanporatzeko.
2.- Ozenki adierazi nahi dugu erabat ziur gaudela gizarte osoaren arbuioa daukatela bai hiltzaileek bai, oro har, emakumeen aurkako indarkeria ekintzak egiten dituztenek, horrelako pertsonek mespretxurik handienaz jokatzen baitute beren biktimen askatasun eta duintasunaren aurka, bai eta gizarte demokratiko batean gizon eta emakumeen arteko harremanak bideratu behar dituzten berdintasun eta elkarrekiko begirunearen balioen aurka ere.
3.- Emakumeen aurkako tratu txar fisikoak edo psikologikoak egiten dituztenei exijitzen diegu uko egin diezaietela beren gehiegikeria deitoragarriei, eta entzun ditzatela gizarteak aho batez plazaratzen dituen gaitzespen-hitzak, haien biktimek dauzkaten eskubideak errespetatu behar dituztela oroitarazten dietenak.
4.- Behar diren ekintzak abiarazteko eta baliabideak eskaintzeko konpromisoa hartzen dugu, arriskuan sentitzen diren emakume guztiek aterpe pertsonala eta babesa izateko behar diren neurriak gauzatzeko, bai eta beste ezein emakumek inoiz eraso gehiagorik jasan behar ez izateko behar direnak ere.
5.- Herritar guztiei dei egiten diegu ezagutzen dituzten genero-indarkeriako ekintza guztien erabateko gaitzespena adieraz dezaten eta ekintza haiek poliziari eta emakumeen laguntzarako zentroei sala diezazkieten, horrela jokatzea biktimei laguntzeko lekukotasunik baliagarriena den aldetik. Emakumeen aurkako indarkeria desagertaraztea guztion betebeharra da, erakundeena eta herritarrena, eta soil-soilik guztiok jabeturik eta konpromisoa harturik lortu ahalko dugu giza eskubideen urraketa mingarri horiek amaitzea.