Noiz argitaratua Osteguna, 2022.eko Ekainak 30

Eliza Katolikoaren barnean gertatutako sexu-abusuen biktimei errekonozimendua adierazteko Foru Legea

Osoko bilkuran onetsia. 2022ko ekainaren 30ean

Eliza Katolikoaren barnean gertatutako sexu-abusuen biktimei errekonozimendua adierazteko Foru Legea onetsi du gaur Nafarroako Parlamentuaren osoko bilkurak. PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak aldeko botoa eman dute eta Navarra Sumak, berriz, aurkakoa. Testuak estaldura ematen die preskribatutako kasuei, hemendik aurrera justizia auzitegietara eraman litezkeen kasuetan sartu gabe.

 

PSN, Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu eta I-E taldeek sustatutako legearen xedea da Eliza Katolikoaren barnean Nafarroan egindako sexu-abusuen biktimek “errekonozimendurako eskubidea baliatu” ahal izateko prozedura antolatzea, horrela, “subsidiariotasunez zigor edo zehapen arloko edozein jarduketaren aurrean, oroimen kolektiboan gorde dadin oraintsura arte ezkutuan eduki den eta gizarte gehienak ezagutu ez duen errealitatea”.

 

Zehazki, ezarri den prozesuak estatutu berezi bat ematea du helburu. Maila instituzionaleko eta sozialeko errekonozimendu eta erreparazio gisa, estatutu horrek lagundu behar du berriz nabarmentzen “ahanzturaren apologiaren eta Eliza Katolikoko kideek adingabeei egindako sexu-abusuak justifikatu eta/edo ukatu dituzten errebisionismo eta negazionismo mota guztien mende egon diren gertaerak eta ekintzak”.

 

Hori horrela, eta giza eskubideen urratze larrien biktimei laguntzeko nazioarteko estandarrekin bat etorriz, Foru Administrazioari “erantzukizun instituzional, politiko eta soziala” helarazten zaio, “orain aurre egin nahi zaien ahanztura behartuaren, distantziakidetasunen eta estaltzeen” ondorioz.

 

Inpunitateari edo biktimagileekiko induljentziari lotutako “egiturazko injustiziak” arindu nahian, prozedura bat ezartzen da “zorroztasun handienarekin eta banaka” dokumentatzeko Errekonozimendurako Batzordeari aurkeztutako eskaerak. Norbaitek eskatzen duenean “Eliza Katolikoak bermatzaile izan behar zuen tokietan” egindako abusuen biktima dela deklaratzeko, kide anitzeko organo independente horrek baloratuko du eskaera.

 

Batzorde hori justiziaren arloan eskumena duen departamentuari atxikita egonen da, eta bederatzi kidek osatuko dute, sei urterako izendatuta (berriz hautatzen ahalko dira). Haietako lauk –Justizia Departamentuak eta Nafarroako Parlamentuak erdi bana proposatuta– esperientzia izan beharko dute biktimen arloan eta lanbide gaitasuna jakintza-arlo historiko, juridiko eta psikologikoetan. Beste bi ordezkari Eliza Katolikoak eskatuko ditu, eta beste bi sexu-abusuen biktimen elkarteen ekimenez izendatuko dira. Guztira 9 kide izanen dira, idazkaria barne. Postu hori Nafarroako Gobernuko Biktimei Laguntzeko Bulegoko buruak hartuko du. Batzordeburua, aldiz, gehiengo soilez hautatuko da Batzordeko kideen artetik, Batzordea eratzeko bilkuran. Ekitaldi hori hilabeteko epean eginen da, gehienez, batzordeko kideak izendatzen direnetik hasita.

 

Errekonozimendurako Batzordea hilean behin bilduko da, gutxienez, eta botoen gehiengoz hartuko ditu erabakiak. Berdinketarik gertatuz gero, batzordeburuaren kalitatezko botoa izanen da erabakigarri.

 

Bere eginkizunen artean, Errekonozimendurako Batzordeak urtero oroitidazki bat eginen du eta bertan jasoko ditu egindako lanen emaitzak, egin zaizkion eskaerak eta eman dituen ebazpen-proposamenak. Bere agintaldiaren azkenean amaierako oroitidazkia eginen du. Biak ere Parlamentuan aurkeztuko dira, Gobernu Irekiaren Atarian argitaratuko dira eta bidaltzeko eskatzen duten erakunde publikoei bidaliko zaizkie.

 

Biktima-izaera aitortzeko prozedura abiarazteko mekanismo arin bat bermatzen da, epaile eta auzitegiei soilik dagokien zigor jurisdikzioa errespetatuko duena. Prozedura horretan eskabidea aurkeztuko da –gertaeren deskribapen zehatza–, eta egokitzat jotzen diren agiriak eta txostenak erantsiko dira. Hilabeteko epea iragan aurretik Batzordeak eskaera onartzea edo ez onartzea erabaki beharko du, arrazoiak emanda.

 

Behin eskaera onartuta, Batzordeak beharrezkotzat jotzen dituen jarduketak egiten ahalko ditu gertaerak modurik onenean argitzeko.  Prozesu horretan zehar ikuskapen organoak jakiten badu irekitako kausa judizialak edo zehapen prozedurak badaudela, eten eginen du prozeduraren izapidetzea bide judiziala agortu arte.

 

Eskabide bakoitzeko txosten arrazoitu bat eginen da. Eskabidea jaso eta gehienez ere bederatzi hilabeteko epean Batzordeak txosten hori helarazi beharko dio Justizia Departamentuko titularrari, eta hark hiru hilabeteko epean ebazpena emanen du, biktima-izaera aitortzeko eskaera baietsi edo ezetsiko duena. Erabakia hilabeteko epean jakinaraziko da. Epe hori ebazpenik eman gabe igarotzen bada, administrazio-isiltasunaren bidez eskaera ezetsitzat jotzen ahalko da. Nolanahi ere, Administrazioak ebazteko betebeharra izanen du.

 

Legean jaso diren urratzeei buruzko ezagutzaren eta ikerketaren hedapenerako, lankidetza hitzarmenak egiten ahalko dira erakunde publiko eta pribatuekin, zabalkunderako argitalpenak eta materialak prestatzeko eta informazio jardunaldiak edo biltzarrak egiteko.

 

Testuinguru horretan, biktimen eta beren ordezkaritza-taldeen solaskide eginkizuna aitortuta, kontsulta egin beharko zaie foru legea garatu edo betetzeko ematen diren xedapen guztietan.

 

Arlo horretan kokatzen da justizia errestauratiboko mekanismoen sustapena ere. Ordainaren kontzeptu berria da, eta beraren oinarrian Erromako Estatutua dago. Biktimarentzako “errestituzioa, kalte-ordaina eta errehabilitazioa” bilatzen ditu “erreakzionatzeko eta jasandako kalteetatik suspertzeko informazio baliagarritik abiatuta”. Nafarroako Gobernuak biktimen eskura jarriko ditu justizia errestauratiborako dauzkan tresnak, hala eskatuz gero.

 

Informazio, sentsibilizazio eta laguntza neurrien sorta hori biktimei laguntzeko bulegoen bitartez bideratuko da. Delituaren Biktimaren Estatutuari buruzko 4/2015 Legeak arautzen ditu bulego horiek; bertan, 2012/29/EB Zuzentarauaren transposizioa eginda, eskubideei, laguntzari eta babesari buruzko gutxieneko arauak ezartzen dira.

 

Zenbait dokumentu, beren garrantziagatik, kontuan hartu dira lege proposamena idazteko. Horietako bat da Eliza Katolikoaren barnean Nafarroan egindako sexu-abusuen egiturari eta dimentsioari buruzko txostena, NUPek egina, Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuak eskatuta. Otsailaren 22an eman zen aditzera, eta bertan 52 biktima agertzen ziren eta 31 ustezko biktimagile.

 

Eliza Katolikoaren barnean gertatutako sexu-abusuen biktimei errekonozimendua adierazteko Foru Legea aintzat hartu zen ekainaren 9an, eta irizpena ekainaren 28an onetsi zen. NAOn argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.