Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko Foru Lege proiektuaren gaineko irizpena onetsi da
Genero-ikuspegia zeharkakotasunez aplikatu nahi da, bizitzako esparru eta etapa guztietan "egiazko ekitatea" ekarriko duen balio-aldaketa sustatzeko
Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Batzordeak Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko Foru Lege proiektuaren gaineko irizpena onetsi du gaur.
Gobernuak aurkeztutako foru lege proiektu horren xedea da “balio aldaketa bultzatzea, horrek sendotu dezan emakumeen egoera sozial, ekonomiko eta politikoa, haien autonomia handiagoa helburu, bizitzako esparru eta etapa guztietan berdintasunerako eskubidea egiazkoa eta eraginkorra izatea oztopatzen edo zailtzen duten trabak kentzeko”.
Ekitatea bermatu eta diskriminazioa saihesteko, genero-ikuspegia txertatzen da, politika publiko guztiak zuzendu behar dituen printzipiotzat, eta Foru Administrazioaren, toki entitateen, unibertsitateen zein gainerako botere publikoen jarduna, pertsona fisiko eta juridikoena barne, gidatu behar duten egiturak, mekanismoak eta baliabideak eransten dira, lege horretan bertan ezarritako baldintzetan.
Desberdintasunari egiturazko fenomeno gisa heltzeko lege esparru berri bat definitu nahian, eredu sozialaren aldaketa iragartzen da. Genero-estereotipoak eta -rolak puskatuta, eredu horrekin errazago gaindituko da erantzunkidetasunaren eta parte-hartze sozial eta politikoaren defizita, oraindik indarrean dauden desberdintasunezko botere-harremanetatik sortua.
Herritartasun aktiborako bide horretan, emakumeak ahalduntzeko eta ikusgai egiteko zenbait gidalerro ematen dira. Hala, elkarrekin lotutako neurrien bidez, emakumeen presentzia areagotu nahi da lan merkatuan (soldata-arrakala adierazgarria puskatuta), bai eta norberaren garapenerako beste gune batzuetan ere, hala nola aisialdiaren erabileran. Horrekin batera, etxean eta familiaren zaintzan erantzunkidetasuna sustatu nahi da.
Zereginak, esparruak eta denboraren erabilerak banatzeari begira ezarrita dauden moldeak hausteaz gain, osasunaren esparruari funtsezkoa irizten zaio indarkeria prebenitzeko eta bizi aztura osasuntsuak sustatzeko, baita txirotasunak, bazterketak eta kalteberatasunak emakumeengan duten eragin larriagoari dagokionez ere.
Esparru publikoan eta pribatuan, hezkuntza eredu berri batetik abiatuta, funtsean, eragin nahi den balio eta eredu aldaketa lanaren sexu-banaketari dagokion guztira ere hedatzen da, bai produkzioak bai ugalketak funtzio ekonomikoa eta soziala betetzen dutelakoan. Administrazio publikoen eta eragile sozialen eginbeharra izanen da bizi ikuskera jasangarri hori elikatzea, baliabideak eskainiz lehenbizikoek, eta balio eta eredu berriak sortuz bigarrenek, kulturaren arloan ere islatu behar den eraldatze sozialaren bideari jarraituz bi kasuetan.
Testuinguru horretan, albora utzi gabe genero-ikuspegia txertatu behar dela ingurumen, hirigintza, garraio eta etxebizitza arloetako politika eta planetan, eta adina, klase soziala, nazionalitatea, etnia, desgaitasuna, sexu-orientazioa, sexu- eta/edo genero-identitatea eta bizilekua bezalako aldagaien konbinaziotik sortzen den alde anitzeko diskriminazioa ere aintzat hartuta, berdintasun kontzeptuaren zeharkakotasuna azpimarratzen da eta politika publikoak beste modu batera egiteko eskatzen da.
Hori guztia, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun egiazko eta eraginkorreranzko edozein urrats —alor hori elkarteen mugimenduaren eskutik landu nahi da— emakumeen aurkako indarkeria ezabatzeko urratsa ere izanen delakoan. Eremu horretan, hain zuzen ere, tokiko politikak duen indar eraldatzailea nabarmentzen da. Haren eraginkortasuna, hein handian, politika publiko koordinatuak eta baliabide ekonomikoez, giza baliabideez eta materialez ongi hornituak antolatzeko konpromisoaren mende dago.
Sistemaren antolaketari dagokionez, berdintasunaren arloko eskumena duen departamentua politikak planifikatu, koordinatu eta ebaluatzeaz arduratzen den organoa da, eta lan hori Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren bitartez eginen du. Zuzendaritza nagusiaren maila duen erakunde autonomo horrek, kontseilariaren goi zuzendaritzaren pean, Berdintasunerako Plan Estrategikoa (6 urteko indarraldia) diseinatu, koordinatu, bultzatu eta Gobernuari igorriko dio, eta plan hori Nafarroako Parlamentuari helaraziko zaio, Nafarroako Berdintasunerako Kontseiluak txostena egin ondoren.
Institutuak berak koordinatuko ditu Nafarroako Gobernuko departamentuetako berdintasun unitateak (eta toki entitateenak), berdintasun-printzipioa zeharkakotasunez txertatzeaz eta parte hartzeko zein erabakiak hartzeko organoetan ordezkaritza orekatua bermatzeaz arduratuko direnak. Halaber, azterlanak eta ikerlanak eginen dituzte genero-ikuspegia erabiliz, eta detektatzen diren desberdintasun-egoeren inguruko sentsibilizaziorako jarduerak gauzatuko dituzte.
Nafarroako Berdintasunerako Kontseilua berdintasunaren arloko kontsultak egiteko eta parte hartzeko organoa da. Arloko kontseilaria izanen da Kontseiluko burua, eta bertan ordezkariak izanen dituzte Foru Administrazioak (NBI barne), emakumeen elkarteen mugimenduak eta talde feministek, eta gizartearen edota talde kalteberen interesak ordezkatzen dituzten herritar erakunde edo entitateek. Kontsulta eta aholkularitza lanak eta txostenak egiteaz gain, genero-berdintasunaren egoera orokorra aztertu eta ebaluatuko du, eta urteko txostenaren berri izanen du. Kontseilariak txosten hori Gobernuari aurkeztu beharko dio onesteko, Parlamentuan aurkeztu baino lehen.
Berdintasunerako Departamentuarteko Batzordea, kide anitzeko organoetarako aurreikusitakoari lotuta, zuzendari nagusiek edo zerbitzuko zuzendariek osatuko dute, eta urtean behin bilduko da gutxienez, Berdintasunerako Nafarroako Plan Estrategikoaren berri izateko eta, oro har, berdintasunaren arloko politikak koordinatzen direla eta jarduketa sektorialetara behar bezala eramaten direla ziurtatzeko. Nafarroako Gobernuko lehendakaria izanen da Batzordeko burua.
Toki entitateek udal jardunaren eremu guztietan desparekotasuna eta diskriminazioak desagerrarazteko politikak garatuko dituzte. Berdintasun ordenantzak eta planak egiten ahalko dituzte, genero-ikuspegia txertatuko dutenak beraien politika, programa eta ekintza administratibo guztietan. Plan horiek egiterakoan aintzat hartuko dira inplikatutako eragile sozial eta ekonomikoak eta elkarteak.
Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren (NBI) bidez, berdintasun teknikariak kontrata daitezen sustatuko du, duela gutxi onetsi den Toki Administrazioaren Erreformarako Foru Legeak definitzen dituen hamabi eskualdeetan, gutxienez ere, lurralde osoan berdintasuna bermatzeko xedeaz.
Kontratazio publikoan ere genero-ikuspegia txertatzea aurreikusten du legeak. Horretarako, kontratuak betetzeko baldintza bereziak ezarriko dira, emakumeen enplegu-aukerekin lotuak betiere. Era berean, adjudikazioetan lehenespen klausulak ezarri ahalko dira laneko diskriminazioa ekiditeko neurriak eta bateratze neurriak hartzen dituzten enpresen alde.
Aurreikusita dago, halaber, berdintasun klausulak ezartzea —aintzat hartu beharreko klausulak edo nahitaez bete beharrekoak— diru-laguntzak, bekak eta gainerako laguntza publikoak arautzeko oinarrietan. Baldintzetako bat izanen da, era berean, sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak gauzatu edo toleratzeagatik zehapena jaso duten entitate eskatzaileei laguntzarik ez ematea, zehapen horiek administrazio ebazpen irmoz edo epai irmoz ezarri badira. Hala ere, laguntza horien onuradun izaten ahalko dira berriz, baldin eta ezarritako zehapena edo zigorra bete, eta berdintasun plan bat prestatu badute.
Estatistika eta azterlanen arloan genero-ikuspegiaren eraginkortasuna bermatzeko, egiten diren inkesta eta datu-bilketetan sexu-aldagaia txertatuko da beti, bere kategoria guztietan. Nafarroako Estatistika Institutuak (Nastat) bultzatuko ditu ekimen horiek, genero-ikuspegia txertatuko baitu Nafarroako Estatistika Planean.
Administrazio publikoen zerbitzuko langileen gaikuntzari dagokionez, administrazio publikoek hizkera inklusiboa eta ez-sexista erabili behar dutenez, behar diren neurriak ezarriko dituzte berdintasunaren arloan langileen oinarrizko eta etengabeko prestakuntza progresiboa bermatzeko, eta eguneratze eta birziklatze programa berariazkoak ezarriko dira, gainera, ahal dela lan orduetan garatzeko.
Funtzio publikoan sartzeko hautapen prozesuetan, betiere lanpostuen definizioarekin eta lanbide sailkapenarekin bat etorriz, berdintasunaren legeei eta jarduera administratiboan duten aplikazioari buruzko edukiak sartuko dira.
Bestalde, herritar aktiboei eta parte-hartzeari dagokienez, botere politikoa modu orekatuan banatzeko eskatzen zaie botere publikoei, eta printzipio hori alderdi politiko, sindikatu, kultura-erakunde eta gizarte-erakundeetako zuzendaritza organoei ere aplikatzen zaie.
Kirolaren arloan ahalduntzea sustatzeko, kirol jarduera mistoak indartuko dira haurren artean, eta emakumeek parte hartzen duten kirol jarduerak (baita jarduera politiko, sozial eta kulturalak ere) babes daitezen eta hedabideetan haien berri zabal dadin sustatuko da. Sariak eta aitortzak ematean gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna nagusi izatea zaindu beharko da.
Hezkuntzan, genero-bereizkeriarik gabeko orientazio akademiko eta profesionala sustatuko da, eta abian jarriko dira (hezkuntzako etapa guztietan) hezkidetzako proiektuak, berdintasunezko eraikuntza, emakume eta neskatoen aurkako indarkeriaren prebentzioa eta begirunezko harreman sexual eta afektiboak sustatuko dituztenak. Inoiz ez da ahantziko ezinbestekoa dela emakumeen jakintza eta gizateriaren garapenean izan duten ekarpen sozial eta historikoa integratzea, baita informazioaren eta ezagutzaren gizartearen esparruan ere.
Horretarako, Departamentuak irakasleei, argitalpen enpresei eta ikastetxe publiko, itundu eta pribatuetako eskola kontseiluei foru lege honek araututakoa curriculumean eraginkorra izan dadin behar diren jarraibideak igorriko dizkie. Nafarroako Berdintasunerako Kontseilua pertsona batek ordezkatuko du Nafarroako Eskola Kontseiluan, berdintasun egiazko eta eraginkorrari dagokion guztia zaintzeko eta jarraipena egiteko.
Ikerketa proiektuetarako laguntza eta diru-laguntzen deialdietan, baloratzen ahalko dira desparekotasunarekin eta desparekotasuna ezabatzearekin zerikusia duten gaiak ulertzen laguntzen duten ikerlanak. Aurreikuspen hori unibertsitatean ere aplikatuko da: ikasketa-planetan berdintasunaren arloko ikasketak sartzeko eskatzen da legean, bereziki gizarte zientzietan eta zientzia juridikoetan. Generoko ikasketak eta ikasketa feministak, bestalde, finkatu eginen dira irakaskuntzaren eta ikerketaren arloetan.
Azkenik, adierazten da Hezkuntzako Ikuskatzailetzak legean jasotako printzipio eta balioak betetzen diren zainduko duela eta material didaktiko guztiak gainbegiratuko dituela, euskarria edozein dela ere. Genero-ikuspegia lanbide heziketako planetan eta lanbide orientazioko programetan ere txertatuko da, ikasketak hautatzean estereotipoak bazter daitezen.
Hezkuntzari buruz adierazitakoek Kulturaren arloan ere izanen dute indarra. Bereziki azpimarratzen da kultura eskaintza landa eremuetara iritsi behar dela, eta hedabide sozialek jokabide kode egokiak izan behar dituztela, eta lagundu behar dutela berdintasuna sustatzeko eta indarkeria matxistaren desagerpena bultzatzeko diren kanpaina instituzionaletan.
Emakumeen irudia bereizkeriaz edo modu iraingarrian erabiltzeagatik ez-zilegia den publizitatea dagoenean, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak legitimazioa izanen du egoki diren ekintzak betetzeko.
Lanaren arloan, Nafarroako Gobernuak berdintasun plana prestatzeko laguntza eta aholkularitza emanen die legez behartuta egon gabe horretarako prest agertzen diren enpresa eta antolakundeei. Ildo horretan, aitortza eginen zaie berdintasunarekiko konpromisoa duten entitate eta enpresei, hitzarmen kolektiboen jarraipena eginen da, eta horietan deskonexiorako eskubidea jaso dadin sustatuko da, bateratzearen berme gisa.
Sektore pribatuari helduta, legean bildu dira Nafarroako Emakume Enpresari eta Zuzendarien Elkarteak aurkeztutako ondorioak. Horien artean neurri hauek nabarmentzen dira: ordainsari-auditoriak ezartzea, eta zuzendaritza postuetako % 40 baino gehiago emakumeek betetzen dituzten enpresei pizgarriak ematea.
Bai sektore publikoak, bai zerbitzu publikoak kudeatu eta 50 langile baino gehiago dituzten entitateek, legea onesten denetik hasita urtebeteko epea izanen dute aukera berdintasunerako plana onesteko, eta plan hori hitzarmen kolektiboan definituko da. Berdintasunerako plana irakasle, osasun langile, ikertzaile, suhiltzaile, landa agente eta foruzainen berezitasunei egokitzeko berariazko neurriak jasoko dira, hala behar denean.
Landa eremuko emakumeek aipamen berezia merezi dute. Artikulu bat eskaini zaie, prestakuntzaren eta enpleguaren aldetik jasaten duten arrakala berdintzeko, hurbiltasun sareei, gizarte zerbitzuei eta garapen ekonomikoari dagokienez prekarietate handia duen ingurune horretan. Horri dagokionez, nekazaritzaren, abeltzaintzaren, nekazaritzako elikagaien edo basogintzaren sektoreetan, baita arduradun karguetan ere, emakume gazteak sar daitezen sustatuko da.
Lan ez-produktiboaren eremuan, zaintzailearen rola aipatzen da, eta zaintzaile profesionalen eta ez-profesionalen baldintzak hobetzeko eta duintzeko garaian Gobernuak duen erantzukizuna azpimarratzen da. Horren ildotik, etxeko lanen sektorean lan baldintzak arautu eta hobetzea sustatuko da.
Osasun arloan, emakumeen sexu- eta ugaltze-eskubideak bermatuko dira, eta erantzunkidetasuna sustatuko da nahi gabeko haurdunaldien prebentzioan, baita adin guztietan harreman gogobetekoak izatearen defentsan ere.
Halaber, Munduko Medikuak erakundearen zenbait proposamen jaso dira, gizarteratzearen eta esku-hartze komunitarioaren funtsezko alderdiei eta baldintza sozialei buruzkoak.
Beste horrenbeste gertatu da garapenerako lankidetzaren eta ekintza humanitarioko proiektuen arloan, non genero-ikuspegi integratua eta giza eskubideetan oinarritua aplikatuko baita, zeharkakotasunez eta modu eraginkorrean, egokiagoa delako egiturazko genero-desberdintasunak identifikatzeko, aztertzeko eta ezabatzeko.
Aurrekontuen eremuan, sustatuko da genero-auditoriak egitea departamentuen eta erakunde autonomoen oroitidazkietan jasotako helburuak noraino betetzen diren jakiteko.
Legeak, azkenik, zehapen-araubidea ezartzen du. Bertan tipifikatzen eta zigortzen dira emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren kontrako ekintzak eta omisioak. Nafarroako Berdintasunerako Institutuko titularrari dagokio arau-hauste arinengatik eta astunengatik zehapenak ezartzeko eskumena (ohartarazpena eta 3.000 euro bitarteko isuna arau-hauste arinengatik, eta 3.001 eurotik 30.000 eurora bitarteko isuna eta urtebetetik hiru urtera bitarteko epean laguntza publikoak eskuratzeko debekua arau-hauste astunengatik), eta kontseilariaren eskumenekoak dira arau-hauste oso astunak (30.001 eurotik 90.000 eurora bitarteko isuna eta hiru urtetik bost urtera bitarteko epean laguntza publikoak eskuratzeko debekua).
Batzordean egindako eztabaidan 73 zuzenketa eztabaidatu dira (18 in voce), eta horietatik 34 onetsi dira. Onetsi diren zuzenketetatik 12 Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta I-Ek proposatu dituzte, 10 PSNk, 7 laukoak eta PSNk batera, 4 UPNk, eta azkena PSNk eta Geroa Baik.
Irizpena onetsi ondoren, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko Foru Lege proiektua Osoko Bilkurara eramanen da hilaren 21ean, behin betiko eztabaida eta bozketa egiteko.
Gau arratsaldeko bilkurako buru Patxi Leuza (Geroa Bai) izan da, eta parlamentari hauek bertaratu dira: Ana San Martín, Mónica Doménech, Luis Zarraluqui, Maribel García Malo (UPN talde parlamentarioa), Virginia Alemán, Koldo Martínez (Geroa Bai talde parlamentarioa), Bakartxo Ruiz, Asun Fernández de Garaialde (EH Bildu talde parlamentarioa), Tere Sáez, Mikel Buil (Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai talde parlamentarioa), Nuria Medina, Conchi Ruiz (PSN talde parlamentarioa), Javier García (PPNko foru parlamentarien elkartea) eta José Miguel Nuin (Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkartea).
- www.nafarroakoparlamentua.eus
- Foru lege proiektua (7. NPAO, 2018-01-23koa)
- Zuzenketak (35. NPAO, 2019-03-08koa)