Noiz argitaratua Osteguna, 2019.eko Urriak 3

Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutua alda dezan Espainiako Gobernua premiatzen duen ebazpena onetsi da

Legearen hutsuneak betetzeko eta emakume funtzionarioek dagokien baimenaren parte bat beste gurasoari lagatzeko aukera berreskuratzeko

Parlamentuko Osoko Bilkurak aho batez ebazpen bat onetsi du, zeinaren bidez Espainiako Gobernua premiatzen baita “Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutua alda dezan, halako moduan non –seme-alaben zaintzaren gaineko erantzunkidetasunaren mesedetan– emakume funtzionarioek berreskuratu eginen baitute beste gurasoari amatasun baimenaren parte bat lagatzeko aukera, gehienez ere lau aste 2019an eta bi 2020an”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Foru Gobernuari eskatzen dio “bere osotasunean aplika dezan Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko 17/2019 Foru Legea, halako moduan non osorik garatuko baitira lege horretan jasotzen diren zaintzen eta erantzukizuna sustatzearen arloko politikak”.

 

Azkenik, Nafarroako Gobernua premiatzen da “aurrekontuak garatu baino lehen eta 17/2019 Foru Legea aurrekontu esleipen egoki batekin garatzen hasi baino lehen, Funtzio Publikoko Mahai Orokorra eta Berdintasun Kontseilua dei ditzan, ordezkari sindikal eta feministekin batera lan egin dezaten Jarduketa Planean zehaztu beharreko premiazko neurriak identifikatzeko, eta hala, kontziliazioaren, erantzukizun partekatuaren eta zaintzen banaketaren esparruan aurrerapausoak emateko”. EH Bilduren gehitzeko zuzenketa baten bidez gehitu da atal hau Geroa Baik, ekimenaren sustatzaileak onartu baitu. Navarra Suma abstenitu egin da baina gainerako taldeek aldeko botoa eman dute.

 

Zioen azalpenean, Geroa Bai talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak 6/2019 Errege Lege-dekretuak enpleguaren esparruan emakumeen eta gizonezkoen arteko tratu eta aukera berdintasunerako baita zaintzen arloko erantzunkidetasunari begira ere ekarritako aurrarepausoak goraipatzen ditu. Izan ere, arau horrek ama biologikoa ez den beste guraso guztientzako baimena luzatu zuen –2019an, 8 astera bitarte; 2020an, 12ra bitarte, eta 2021ean, berriz, 16ra bitarte–, halako moduan non 2021ean berdindu eginen baita bi gurasoen kontratu-etetea jaiotza, adopzio edo harrera kasuetan.

 

Hala ere, sustatzaileak ohartarazten du lege-aldaketa horren aplikazio praktikoak aldaketaren bidez bultzatu nahi zen erantzunkidetasunaren kontra doazen ondorioak izan dituela, zehazki, emakume funtzionarioei ukatu egiten zaie zegokien baimenaren parte bat beste gurasoari lagatzea, Gizarte Segurantzaren “irakurketa murriztaileagatik”.

 

Halatan, badira emakume funtzionarioak ama izan ostean 2019ko martxoa baino lehen lau baimen-aste laga zizkietenak beren bikotekideei eta, data hori eta gero berriz ere ama izan ostean, beren eskabidea atzera bota zaiela ikusi dutenak, paragrafo hori kendu denez baimena beste gurasoari lagatzeko aukera desagertu izanaren argudioa erabiliz. Adierazi beharra dago murrizketa horrek ez diela eragiten gainerako emakume langileei.

 

Bestalde, eta “desberdintasun hori konpontzeko premiaz harago”, adierazten da Espainiako estatuan indarrean dauden amatasun eta aitatasun baimenak “urrun daudela oraindik ere kontinenteko herrialde berdinzaleagoetatik eta, noski, Osasunaren Mundu Erakundeak amagandiko edoskitze egoki bat ziurtatze aldera gomendatzen duen sei hilabeteko epetik”.