Erakundeei eta bereziki Nafarroako toki-entitateei eskatzen zaie exiji dezaten aurrekontu-egonkortasunerako eta zor publikorako helburuak ezar daitezen
Senatuak aurrekontu-egonkortasunaren eta finantza-iraunkortasunaren helburuei uko egiteak udaletan dituen ondorio ekonomikoez ohartarazi du Ganberak
Parlamentuaren osoko bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur PSNren, EH Bilduren, Geroa Bairen eta Contigo-Zurekinen aldeko botoekin eta UPNren, PPNren eta Voxen aurkakoekin, zeinaren bidez “erakundeak oro har eta Nafarroako toki-entitateak bereziki premiatzen baitira adieraz dezaten beharrezkoa zela onestea administrazio publikoen eta azpisektore guztien 2024-2026 aldirako aurrekontu-egonkortasunerako eta zor publikorako helburuak eta Estatuaren 2024rako aurrekontuko gastu ez-finantzarioaren muga ezartzen zituen akordioa, bai eta Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoan ezarritako berrorekatze-plana Gorte Nagusietara igortzeko akordioa ere”.
Onetsitako ebazpenak bigarren atalean adierazten duenez, “Nafarroako Parlamentuak dio ez dagoela ados akordio hori onetsi ez izanarekin, urratu egin delako, nabarmen urratu ere, interes orokorra, eragotzi egin baita toki-entitateek baliabide gehiago edukitzea politika publikoak ezartzeko herritarren mesedetan”.
Era berean, hirugarren atalean, Foru Exekutiboari eskatzen zaio “erabaki hau Espainiako Senatuari igor diezaion”.
Zioen azalpenean, PSN talde parlamentarioak zalantzan jarri du UPNren, PPNren eta Voxen jarrera politikoa; izan ere, hilaren 6ko Senatuko Osoko Bilkuran eman zituzten aurkako botoek aurrekontu-egonkortasunaren eta finantza-iraunkortasunaren helburuei buruzko proposamena baztertzen lagundu zuten, eta proposamen hori indarrean egoteko, Kongresuak aldez aurretik berretsi ondoren, Goi Ganberaren oniritzia behar zuen.
Ildo horretan, agerian geratzen dira erabaki horrek Foru Komunitateko udalei eta toki-erakundeei dakarzkien ondorioak; izan ere, ezin izango dituzte beren aurrekontuak % 0,2ko superabitaren eskakizunera egokitu, eta, beraz, baliabide gutxiago izango dituzte beren eskumenen esparruan politika publikoak aplikatzeko eta garatzeko.
- www.nafarroakoparlamentua.eus
- Mozioa (43. NPAO, 2024-03-19koa)