Errefusatu egin da mozio bat, familiak animatzen dituena beren seme-alabak hezkuntza-sare publikoan matrikulatu ditzaten
C-Zk dei egiten zuen hezkuntzaren eginkizun soziala zaintzera kalitatearen eta aniztasunarekiko arretaren esparru batean, aukera-berdintasunaren eta gizarte-kohesioaren berme izan dadin
Hezkuntza Batzordeak mozio bat errefusatu du gaur, UPN, PPN eta Talde Mistoaren aurkako botoekin, EH Bildu eta Geroa Bairen abstentzioekin eta PSN eta Contigo-Zurekinen aldeko botoekin, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuari eskatzen baitzitzaion familiak anima zitzan “beren seme-alabak hezkuntza-sare publikoan matrikulatu ditzaten, sare horretako edozein hizkuntza-eredutan matrikulatu ere, 2026-2027 ikasturterako aurreinskripzioa eta matrikula egiteko heldu den prozesuan”.
UPNk ordezte-zuzenketa bat aurkeztu du (ekimenaren egileak, Contigo-Zurekinek, ez du onartu). Zuzenketa horrek familiak animatzen zituen “Nafarroako Gobernuari exiji diezaioten halako hezkuntza-eskaintza bat egin dezan zeinak, ahal den heinean, bermatuko baitu beren seme-alabentzat nahi duten hezkuntza hautatzeko daukaten eskubide konstituzionala”.
Era berean, bazter utzi da Geroa Baik aurkezturiko gehitze-zuzenketa bat, Nafarroako Parlamentuak “familiak oro har eta migratzaileen familiak bereziki” animatzekoa “seme-alabak euskarazko eta euskara duten ereduetan matrikulatu ditzaten”.
Zioen azalpenean, Contigo-Zurekin talde parlamentarioaren ekimenezko mozioak dei egiten zuen “hezkuntzaren eginkizun soziala” zaintzera, “kalitatearen eta aniztasunarekiko arretaren esparru batean”, halako moduan non, egungo “aniztasun kultural eta erlijiosoarekin” bat, “ekitatearen eta kohesio sozialaren bermea” izanen den, baita gertuko matrikulazioari eta familien parte-hartzeari dagokienez ere.
Hartara, eta gizarte “justu, libre eta aukera-berdintasunarekiko begirunetsua” lortzeko bidean, Nafarroako Parlamentuaren zereginean jartzen zen azpimarra, eskola publikoaren ideien defendatzailea den aldetik, eta auzitan jartzen zen hitzarmen ekonomikoaren sistema, “arazoak sortzen baititu derrigorrezko etapen doakotasunaren printzipio konstituzionala errespetatzen ez den tokietan”.
Baieztatzen zenez, Nafarroako hezkuntza-sisteman irailean 2025-2026 ikasturtea hasi zuten 116.123 ikasleetatik 78.800 (% 67,8) sare publikoko ikastetxeetan matrikulatuta zeuden.
2025-2026 ikasturte honetan, 3 urteko 4.754 ikasle berri sartu dira hezkuntza-sisteman, eta horietatik 2.901 sare publikoko ikastetxeetan sartu dira ( % 61). Ikasle berri horietatik, 3.350 (% 70) A eta G hizkuntza-ereduetan matrikulatu ziren, eta 1.404, berriz, B eta D ereduetan.
Batzordeburu Carlos Mena aritu da (PSN talde parlamentarioa), eta honako hauek parte hartu dute: Pedro González, Javier Trigo, Isabel Olave, Raquel Garbayo (UPN talde parlamentarioa), Kevin Lucero, Olga Chueca (PSN talde parlamentarioa), Eneka Maíz, Oihana Gallo (EH Bildu talde parlamentarioa), Itxaso Soto, Isabel Aranburu (Geroa Bai talde parlamentarioa), Maribel García Malo (PPN talde parlamentarioa), Carlos Guzmán (Contigo Navarra-Zurekin Nafarroa talde parlamentarioa) eta Emilio Jiménez (Talde Mistoa-Vox).
- https://parlamentodenavarra.es/eu
- Mozioaren argitalpena (18. NPAO, 2026-02-20koa)