Noiz argitaratua Osteguna, 2025.eko Martxoak 27

Errefusatua izan da UPNren proposamena, gutxieneko bizigarritasun-baldintzen araubidea aldatu eta "etxebizitza berriak egiteari" laguntzekoa

Soilik PPk eta atxiki gabeak aldezten dute betekizun teknikoak beheratzea; bitartean, gobernu-taldeek Etxebizitza Zerbitzuaren txostenari heltzen diote, zeinak nahasmendua ikusten baitu

Parlamentuaren Osoko Bilkurak errefusatu egin du, gaur, Nafarroan Etxebizitza Izateko Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legea aldatzea. PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik eta Contigo-Zurekinek aurka bozkatu dute; Talde Mistoa abstenitu egin da, eta UPNk, PPNk eta atxiki gabeko parlamentariak alde bozkatu dute.

 

Irakurraldi bakarrean izapidetutako UPNren foru-lege proposamenak xede gisa zuen behe-solairuei dagokienez "etxebizitza berriak sortzea eragozten duten baldintza teknikoak zentzatzea", lokal edo eraikinen erabilera-aldaketetarako, etxebizitza-partiketetarako edo eraikin-birgaikuntzetarako, halako moldez non, Nafarroako Foru Komunitateko etxebizitzetan bizi ahal izateko gutxieneko baldintzak arautzen dituen 142/04 Foru Dekretua ere aldatuz, higiezin-eskuragarritasuna areagotuko baita.

 

Zioen azalpenean argudiatzen da ezen arauzko baldintzak gaindituta geratu zirela Eraikingintzaren Kode Teknikoarekin  (bertan ezartzen da zer betekizunen araberakoak behar duten izan eraikinek, LOEn ezarrita dauden oinarrizko segurtasun- eta bizigarritasun-baldintzei dagokienez), bai eta "fatxadako saretetara lot daitezkeen berreskuragailu entalpikoak erabiltzearen ondoriozko estankotasun-joeraren eskutik ere", zeinek espazio baten aireztapen efizientea bermatzen baitute.

 

Jomuga horrekin, eta etxebizitza-eskaintza areagotzeko asmoz, Nafarroan Etxebizitza Izateko Eskubideari buruzko 10/2010 Foru Legearen 34. artikulua aldatzea proposatzen zen, 3. apartatu berri bat eranste aldera, aipatu aireztapen-sistemen erabilera arautzekoa.

 

Aitzitik, PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin talde parlamentarioek Nafarroako Gobernuaren argudioak baliatu dituzte ekimen horrekiko "desadostasuna" adieraztean, eta Etxebizitza Zerbitzuak jaulkitako txostenari heldu diote, non argudiatzen baita ezen proposatu den 34. artikuluaren aldaketa horrek "egiten diren etxebizitza berrientzako arau-esparru berri bat ezartzen duela", beheratu egiten dituena Nafarroako etxebizitzen gutxieneko bizigarritasun-baldintzak arautzen dituen 142/2004 Foru Dekretuan ezarritako baldintzak.

 

Txosten horrek, ziurtatua izan denez, ukatu egiten du egungo baldintza teknikoak praktikan eragozpen handi bat direnik etxebizitza berriak egiteko, eta zehazten du ezen, berreskuragailu entalpikoek "energia-aurrezpen muntaduna" ekartzen badute ere, lege-proposamenak "nahitaezko ere ez ditu[ela] egiten".

 

Eta sukaldeen aireztapenari dagokionez, txostenak dio lege-proposamenak aldezten dituen birzirkulazio-sistemek (karbono-bahedun erauzgailuak) ez dutela "inolako hobekuntzarik ekartzen", alde batera utzita haien "instalazio-kostu baxuagoa, hustubiderik behar ez izatearen ondoriozkoa". Alde horretatik, esaten da erauzte-sistema efizienteagoa dela usainak kentzeko (aire kutsatua zuzenean teilatutik kanporatzen du), efizienteagoa koipea eta partikulak desagerrarazteko, sute-arrisku txikiagoa dakarrela (baheek koipe gutxiago hartzen dute), energia gutxiago kontsumitzen duela, mantentze-lan txikiagoa eginarazten duela (bahe-garbiketa, aldian aldiko ordezpenarekin alderatuta), zarata gutxiago eta ingurumen-inpaktu txikiagoa (erabilera bakarreko baheak).

 

Hala ere, Etxebizitza Zerbitzuaren txostenak aitortzen du birzirkulazio-sistemak "onargarriak izan litezke[ela] neurri gehigarri batzuekin batera, esate baterako etxebizitzetako aireztapen gurutzatua (gaur egun ez da nahitaezkoa), bideratuta daudenak baldintza indardunen beheratzea samurtzera".

 

Gehiengo parlamentarioa osatzen duten taldeek aipatzen duten Etxebizitza Zerbitzuaren erantzuna amaitzen da esanez ezen, "legegintza-teknika"ko arrazoiengatik, eta "arau-sakabanaketa" ekiditearren, etxebizitzetako aireztapen-sistemen baldintzak nahitaez jasota egon behar direla martxoaren 22ko 142/2004 Foru Dekretuan, zeinaren bitartez arautzen baitira Nafarroako etxebizitzen gutxieneko bizigarritasun-baldintzak.

 

Foru-lege proposameneko artikulu bakarrak, zeinak jomuga baitzeukan eraikuntza-zehaztapen teknikoak aldatzea, 3. apartatu berri bat gehituz 10/2010 Foru Legearen 34. artikuluari eta 142/2004 Foru Dekretuaren I. eta II. Eranskinen eta 19. artikuluaren parte bat ezabatuz, honako hau zioen:

 

34.3. artikulua. Eraikitze- eta zaharberritze-baldintza teknikoak.

 

3.- Zedularen lorpena errazteko eta, horrela, etxebizitza-eskuragarritasuna areagotzeko, honako baldintza tekniko hauek ezartzen dira etxebizitzen argiztapen- eta aireztapen-baldintzei dagokienez:

 

3.1.- Eginda dauden etxebizitzak

 

- Zuzeneko aireztapenik gabeko bainugela handi nahiz txikiek tiro behartuzko aireztapenerako airebide bat eduki beharko dute.

 

- Eginda dauden etxebizitzen zaharberritzeetan, baldin eraikinaren lurgaineko solairu guztiei eragiten ez badiete, ez da beharrezkoa izanen sukaldeak teilaturainoko tiro behartuzko aireztapenez horniturik egotea.

 

3.2.- Egitekoak diren etxebizitzak

 

- Sukaldeak, bainugela handi nahiz txikiek eta jaki-tokiek airebide bat izanen dute, DB_HS 3an ezartzen diren baldintzen araberakoa, eta loturarik izanen ez duena ke-kanpai, galdara edo beste zeregin batzuetarakoak direnekin.

 

- Horrez gain, sukaldeek airebide bereizi bat edukiko dute, horri ke-kanpai bat DB_HS 3k ezarritako baldintzetan atxikitzeko modukoa. Zilegi izanen da horren ordez sukalderako bertarako hustubidea duten karbono-filtrodun kanpaiak paratzea.

 

- Eginak dauden etxebizitza-eraikinetan osoko zaharberritzerik egin gabe atondutako etxebizitza berrietan zilegi izanen da arrazoituz onartzea apartatu honek jasotzen dituen aireztapenak fatxadatik egin daitezen, betiere errespetatuz hirugarrenen nahiz norberaren leiho eta aireztapen-irekiguneetatiko aldentze-baldintzak, indarreko araudiari heldurik. Une honetan, honako hau da araubidea:

 

a.- Airebidea 1,5 metro baino gehiagoko proiekzio horizontaleko distantziara egonen da hirugarrenenak diren aireztapen-irekigune edo leihoetatik, eta 1,5 metro baino gehiagoko distantziara, hegal-elementu bat dagoenean, edo proiekzio bertikaleko 2,0 metro, hegal-elementurik ez dagoenean. Espaloitik 2 metro baino gehiagoko altueran egon beharko du.

 

b.- Aire zikinaren aterabideak beste fatxada batzuetan egon beharko dira, edo 5 metro baino gehiagoko distantziara. Edozein kasutan ere, airearen ateratze-abiadura 3 m/seg baino baxuagoa izanen da.

 

Xedapen indargabetzaile bakarra.

 

e)  Nafarroako Foru Komunitateko etxebizitzetan bizi ahal izateko gutxieneko baldintzak arautzen dituen martxoaren 22ko 142/2004 Foru Dekretuko 1. eranskineko 19. artikuluko 5 eta 6. apartatuak eta 2. eranskineko 19. artikuluko 10, 11 eta 12. apartatuak.