Noiz argitaratua Asteartea, 2024.eko Abenduak 17

Errefuxiatuei eta Etorkinei laguntzeko Fénix elkarteak egin duen eta LGTBI+ taldeetako kideek pairatzen dituzten giza eskubideen urraketak aztertzen dituen ikerketa baten aurkezpenean parte hartu du Unai Hualdek

Errefuxiatuei eta Etorkinei laguntzeko Fénix elkarteak ikerketa bat egin du LGTBIQ+ taldeek eta etorkinek eta errefuxiatuek Nafarroan pairatzen dituzten giza eskubideen urraketei buruz, eta ikerketa horren emaitzen aurkezpenean egon da gaur goizean Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualde.

 

Elkartearen ordezkariek, Jossue Pinedak, Jared Andinok eta Johanna Hincapiék, ikerketarako erabilitako metodologia azaldu dute, eta gure komunitatean aitzindari den txosten honen ondorioak aurkeztu dituzte. Fénix elkarteak etorkinen eta errefuxiatuen aldeko lana eta LGTBI+ pertsonen aldekoa bateratzen ditu.

 

Hualdek honako hau gogorarazi du: “Joan den hilaren 10ean, duela astebete eskas, Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna ospatu genuen parlamentu honen osoko bilkuren aretoan. Gogoan izan genuen zer ari den gertatzen Palestinan, Libanon, Sirian eta abarretan, non giza eskubideen urraketa garbia telebistaz emana ikusten ari garen. Alabaina, ekitaldi hartan adierazi genuen eran, eta gaur ere berriz esan nahi dut, Nafarroan ere egunero lan egin behar dugu pertsona guztien giza eskubideen alde”.

 

Hau ere adierazi du lehendakariak: “Zenbait pertsona pobrezia- edo bazterkeria-egoeran dauden bitartean, pertsona diskriminatu bakar bat dagoen bitartean... lan egiten eta neurriak hartzen jarraitu beharko dugu urraketa horiek amaiarazteko. Ez da erraza, eta Nafarroan egoera sozial ona dugu, baina inguruan ditugun arazoez ohartu behar gara: indibidualismoaz, egoismoaz, sare sozialen erabilera desegokiaz, gorrotoaz, fobiez... Eta gizarteak eta erakundeek diskriminazio oro amaiarazteko ahaleginak egiten jarraitu behar dugu”.

 

Hualderen iritziz, “ikerketa hau lagungarri izanen zaigu politika inklusiboagoak lantzeko, kolektibo horiek pairatzen dituzten arazoen aurka borrokatzera hobeki zuzenduak. Horregatik, iruditzen zait garrantzitsua dela, batetik, txosten hori hemen aurkeztea, gure komunitateko herritarrak ordezkatzen dituen erakundean, eta bestetik, parlamentariak ere hemen egotea, foru administrazioko ordezkariez gain; guztiok gogoan hartuko ditugu ikerketan ateratako ondorioak”.